EMAKTIVA programaren aurkezpena Bizkaiko Parkeko enpresei

Albisteak, Bizkaia

Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia Parkeko zenbait enpresatako ordezkariekin batu da, EMAKTIVA programa aurkezteko; Sareak EDE Fundazioarekin emakumeen gizarte- eta lan-inklusiorako duen lankidetza-hitzarmenaren ondorioz sortu da programa

2018ko azaroan, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta EDE Fundazioa-Suspergintza Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, EMAKTIVA programa garatu, sustatu eta bultzatzeko; programaren helburua enplegura jotzeko zailtasunak dituzten emakumeen gizarte- eta lan-inklusioa da.

EDE Fundazioak kudeatzen du eta, Parkeen Sarearekin elkarlanean eta Europako Gizarte Funtsaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lanbideren finantzaketaren bidez, honako ibilbide eta ekintza hauek garatzen dira: batetik, gizarte-ahultasuneko eta/edo indarkeria sexistako egoeretan dauden emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko eta beraien beharretara egokitzen diren gizarteratze- eta laneratze-ibilbide bereziak eta, bestetik, lan-bitartekaritzako eta sentsibilizazioko ekintzak, gizarte-arloan konpromisoa duten enpresekin.

Itziar Epalzarekin batera, Bizkaiko Parkeko enpresei Begoña Gavilán bertako arduradunak ere aurkeztu die programa; gainera, horrelako ekintzek enpresei dakarzkieten gizarte- eta ekonomia-etekinak ere aurkeztu dizkiete. Bestalde, aurkezpen-ekitaldian, programako parte-hartzaile batek eta ekimenari atxikitako enpresa batek ere hitz egin dute.

6/2019 Errege Lege Dekretuak 50 langile baino gehiagoko enpresak berdintasun-planak izatera eta ezartzera behartzen ditu, eta programa honek horietan zehaztutako ekintzak antolatzeko balio dezake.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, bere Plan Estrategikoan eta, zehazki, gizarte-erantzukizun korporatiboaren atalean, honako konpromiso argi hau jaso du: gizartea eraldatzeko, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta gizarte-zailtasunak dituzten pertsonen inklusiorako konpromisoa, NBEk sustatutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz.

Partekatu

Beste berri batzuk