Ibermáticak adimen artifizialaren bidez elikadura pertsonalizatu ahal izateko ikerkuntza sustatzen du

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Helburua da elikadura gaixotasunak, alergiak eta intolerantziak prebenitzeko, aldartea hobetzeko eta errendimendu fisikoa optimizatzeko erabiltzea, besteak beste.

Ibermática Basque Culinary Centerren BCC Innovation Gastronomiako Zentro Teknologikoarekin elkarlanean ari da dagoeneko, lehen mailako futbolarientzako proiektu gastronomiko batean.

Ibermáticako Berrikuntza Institutuak (i3B) adimen artifizialeko plataforma bat sortu du, elikaduraren askotariko alderdien inguruko milioika datu adimen-mota horren bitartez aztertzeko. Plataformaren asmoa gastronomia eta elikadura pertsonalizatua gehiago ikertzea da, gaixotasunak prebenitzeko oinarrizko arloa baita. i3B Institutua Espainiako elikadura-enpresa eta ospitale batzuekin elkarlanean ari da dagoeneko, baita Basque Culinary Centerrekin ere, berrikuntza eta ikerketa gastronomikoko hainbat proiektu lantzen.

Ibermáticak sortu duen adimen artifizialeko plataformak askotariko datuak biltzeko, gordetzeko eta modelizatzeko balio du: datu klinikoak, nutrizionalak, fisikoak, omikoak (genomikarekin, proteomikarekin, metabolomikarekin eta mikrobiotarekin zerikusia dutenak), kirolekoak eta osasunekoak. Hori, modelizatze matematikoko tekniken bitartez aldagai horiek zer lotura dituzten jakiteko eta sektoreko enpresei eta medikuntza-erakundeei elikadura pertsonalizaturako jarraibideak ematen laguntzeko ereduak sortzeko.

i3B Institutuko Adimen Artifizialaren arloko arduradun Aitor Morenok azaldu bezala, “elikadura pertsonalizatuaren arloa oso zabala da eta hainbat faktore hartzen ditu kontuan: datu klinikoak eta zaletasun gastronomikoak, elikadurak pertsonaren egoera fisikoan eta aldartean duen eragina, heste-florako bakterioek banakoetan nola jarduten duten eta sabeleko neuronek nola funtzionatzen duten; izan ere, neurona horiek burmuinarekin zuzenean lotuta daude eta gehiago edo gutxiago jatera bultzatzen gaituzte. Erabiltzaileen inguruko datuak alderatzea ere oso garrantzitsua da: egoera emozionala, familiaren egoera, gaitzak, patologiak eta abar. Ezinbestekoa da informazio-iturri horiek ematen dituzten parametroen analisi adimentsua egitea, elikaduraren arloan aurrera egiteko eta sukaldaritzan joera berriak sortzeko”.

Ibermáticak lantzen dituen adimen artifizialeko teknikek datu ugari eta aldakor horiek adimena medio aztertzeko balio dute. Analisi horien bidez, ikertzaileek eta medikuntzako adituek erabakiak arinago har ditzakete, elikadura banakoen arabera pertsonalizatzeko, osasunean eragin positiboak izan ditzan. Prozedura hasiberri horiek etorkizunean funtsezkoak izango dira gaixotasunak, alergiak eta intolerantziak prebenitzeko, eta aldartea eta errendimendu fisikoa hobetzeko, besteak beste.

i3B elikadura-enpresekin eta ospitaleekin elkarlanean ari da dagoeneko, baita Basque Culinary Centerrekin ere, banakoen premien arabera dieta osasungarriak egiteko proiektuetan.

Eliteko kirolarientzako elikadura berezia

Ibermáticak landu duen plataformaren beste diziplina garrantzitsuetako bat errendimendu handiko kirolarientzako elikadura da. i3B Basque Culinary Centerren BCC Innovation Gastronomiako Zentro Teknologikoarekin lanean ari da, zehazki analitika aurreratuko eta makinen ikaskuntzako proiektu batean, lehen mailako futbol-talde batekin. Helburua gastronomia pertsonalizatuaren bitartez kirolarien errendimendua handitzea da.

Adimen artifizialeko teknikekin aztertzen da balio gastronomiko handiko prestakinekin egindako esku-hartze nutrizionalek jokalarien profil fisikoan edo heste-mikrobiotan (hestean bizi diren mikroorganismoen multzoa), besteak beste, zer eragin duten. Horrez gain, partaide bakoitzak bere elikadura-taldean zer egoera duen aztertzen da eta, era horretan, hobetzeko aholku zehatzak ematen dira.

Bi fase horietan, hau da, bi futbol-denboralditan, BCC Innovation zentroak jokalarien datu hauek jasoko ditu: datu fisikoak, elikadurari buruzko datuak, heste-mikrobiotako datuak eta kirol-errendimenduari buruzkoak. Datu horien bitartez, elikadura-jarraibide batzuk oreka mikrobianoa nola berreskuratu eta futbolari bakoitzaren egoera fisikoa eta kirol-errendimendua nola hobetu dezaketen aztertuko dute, seinaleak eta ebidentziak bilatuz. Lanerako metodologia kalkulu matematiko aurreratuetan dago oinarritua; makinen ikaskuntzako analisi-algoritmoak eta profilen arteko loturen modelizazioa barne hartzen ditu, grafo-sistema batean; sistema horrek, gero, elikaduraren adierazle jakin batzuek aipaturiko lau arloetako gainerako adierazleetan zer eragin duten aztertzeko balio du.

 

Partekatu

Beste berri batzuk