Innobasquek Euskadiko berrikuntzaren etorkizunerako aukera nagusiak eta mehatxuak aurkeztu ditu batzar nagusian

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

  • Gaur goizean aurkeztu dute 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena, non Euskadiko berrikuntzaren etorkizunean erabakigarriak izango diren joeren inpaktua aztertu den: aldaketa demografikoaren, Txinaren protagonismoaren, klima aldaketaren eta iraultza teknologikoaren eraginak hain zuzen.

 

  • Berrikuntzaren Euskal Agentziak gaur egin du bere bazkide diren 911 entitateen Batzar Nagusia, zeinak Euskadin I+G arloan inbertitutakoaren % 61 hartzen duten eta, elkarrekin Euskadiko ikertzaileen % 66ari eta lurraldeko doktoreen % 85,6ari ematen dieten lana.

 

  • Lehendakariak, Iñigo Urkullu Renteria Jauna, Innobasqueko ohorezko presidentea, eman dio bukaera ekitaldiari. Honek, 2018an zehar egindako berrikuntza-proiektu nagusien emaitzen balantzea egin du, eta ETEentzako Hazinnova laguntza-programak, ETEentzako negozio-eredu berrien inguruko proiektu pilotu bat, OGP gobernu irekiko erakundeen arteko ekimena eta 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena nabarmendu ditu.  

 

  • New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Rafael Yuste neurozientifikoak hartu du parte, zeina duela gutxi hasi den lanean Donostia International Physics Centerren Ikerbasqueko ikerketa irakasle gisa, “Etorkizuneko elkarrizketak: berrikuntza errealitate desberdinetatik” delakoan, non Estatu Batuetako, Txinako eta Euskadiko etorkizuna baldintzatuko duten joeren aurrean zein jarrera hartu duten eztabaidatu den

 

Berrikuntzaren Euskal Agentzia-Innobasquek gaur egin du bere Batzar Nagusia, eta, bertan, 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena, aurkeztu du, non berrikuntzaren megajoerek Euskadin izango duten eragina aztertu den, haien ondoriozko aukerak eta mehatxuak barne. Ekitaldian, 2018an zehar jorratutako proiektu berritzaile garrantzitsuenen balantzea egin dute. Innobasqueko egutegian urteko hitzordu nagusiari haren ohorezko presidente eta Lehendakari den Iñigo Urkullu Renteria Jaunak eman dio bukaera, eta bertara hurbildu dira hainbat erakunde garrantzitsutako ordezkariak, eragile zientifiko-teknologikoak zein enpresa mundukoak, guztiak Innobasqueren bazkideak.

Besteak beste, han izan dira: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Iñaki Arriola, Etxebizitza, Ingurumen eta Lurraldearen Plangintza sailburua; Jesús Peña, Lehendakaritzaren idazkari nagusia; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Fernando Cossio, Ikerbasqueren Zuzendari Zientifikoa; Roberto Larrañaga, Confebaskeren presidentea; Jon Azua, Enovating Laben presidentea; Iñigo Ucín, Mondragon Corporaciónen presidentea; Javier Ormazabal, Velatiaren presidentea; Emiliano López Atxurra, Tecnaliaren eta Petronorren presidentea; Jesús María Iriondo, IK4 Research Alllianceren presidentea; Itziar Urrutia, Senerren Nazioarteko zuzendari nagusia; edo Alexander Arriola, Spriren zuzendari nagusia.

Euskal berrikuntzaren etorkizuna

Innobasqueren presidenteak, Manuel Salaverria, inauguratu du topaketa eta bertan aurkeztu du lehenengo 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena, Berrikuntzaren Euskal Agentziak egindakoa, enpresa, erakunde eta ikerketa arloetako eta gizarteko 261 ordezkarirekin elkarlanean. Lan horretan, aldaketa demografikoek, Txinaren protagonismo gero eta handiagoak, klima aldaketak eta iraultza teknologikoak izango duten inpaktua aztertu da, horiek baitira hurrengo hamarkadetan euskal berrikuntzaren ibilbidea marraztuko duten mundu mailako joera nagusiak. Aurkeztutako txostenean lurraldeko berrikuntzan sor ditzaketen aukerak eta eragin ditzaketen mehatxuak aztertu dira.

Lehentasuneko bi aukera aurreikusten dira Euskadirentzat: digitalizazioa eta datuen garrantzia negozio-eredu eta ekoizpen-prozesu berrien lehengai gisa. Txostenean, gainera, ekonomia zirkularrari eta osasuna eta gizarte zerbitzuak lantzeko modu berriak agertzeari lotutako aukerak ere nabarmentzen dira.

Hautemandako mehatxuen artean, Europak berrikuntzan eta teknologian zuen protagonismoaren galera nabarmendu da, bereziki Txinaren aldean: Asiako erraldoiak inbertsio handiak egiten jarraitzen du bai azpiegituretan, bai I+G arloan, bai tokiko teknologiaren industrian eta baita hezkuntzan ere. Horrez gain, herrialde hartako merkatuak hedatzen jarraitzen du eta teknologia berriei eta datuen erabilgarritasunei dagokienez, permisibitate handiagoa du.

Egoera horri gehitu behar diogu digitalizazioak, prezioen gora-beherek, eta bai Europa mailan bai Euskadin lehengaien hornikuntza arazoek ere ezartzen dituzten beharrei egokitu behar zaizkiela talentuak, haiekiko mendekotasun handia baitute bi herrialdeek.

Agertoki horretan, sei gako-teknologia gailentzen dira Euskadin etor daitezkeen mehatxuen inpaktua gutxiagotzeko eta aukerei onura ateratzeko: Big Data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, robotika, Internet of Things, eta sentsorika eta biosentsorika. Izan ere, lehentasuna ematen zaio haren garapenari eta aplikazioari, bai RIS3 espezializazio adimentsuko estrategiaren eremuetan (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna), bai Herri Administrazioetan eta gizartean, oro har.

Helburua: Euskadi, liderra berrikuntzan

Innobasquek urteko topaketa hori aprobetxatu du bere bazkideekin 2018aren balantzea egiteko. Haren zuzendari orokorrak, Leire Bilbao, iaz egindako proiektu berritzaile nagusien emaitzak nabarmendu ditu, gako-ekimenak berrikuntza Euskadin sustatzeko eta Euskadi Europa mailan berrikuntza lider izaten laguntzeko.

Batetik, Hazinnova ETEen berrikuntza ez teknologikoei laguntzen programa, Eusko Jaurlaritzaren ekimena, SPRI taldearen eta Innobasqueren laguntzarekin. 12 hilabetetan zehar aurretik halako programetan parte hartu ez duten ETEentzako berrikuntza ez teknologikoko 500 mikroproiektu aktibatzea da helburua. Hazinnovak Innobasque Berrikuntza Txostenean hautemandako euskal berrikuntzako erronkari ematen dio erantzuna: berrikuntza prozesuetan, antolaketan, pertsonen kudeaketan edo ETEen marketinaren arloan.

Bilbaok negozio-eredu berrien inguruko programa pilotua ere aurkeztu du, zeinak digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz ETEei laguntzeko xedea duen. Zortzi ETEk dagoeneko martxan jarri dute ekimen hau, 17 enpresa bazkideren lankidetzari eta laguntzari esker. Enpresok espezialistak dira estrategian, teknologietan, marketinean eta pertsonen kudeaketan.

Innobasqueren beste helburu estrategikoetako bat herri gobernantzan eragina izatea da, berrikuntza erraztu dezakeen ingurunea sortzeko. Horregatik, Innobasquek OGP Euskadi (Open Government Partnership) bultzatu du, Gobernu Irekiaren aldeko Munduko Ituna, non Eusko Jaurlaritzarekin batera hartzen duten parte gaur egun, hiru foru aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek. Erakundeen arteko ekimen honen helburua erakundeak eraldatzea da, gardenak izan daitezen, hiritarren partaidetza erraz dezaten eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu dezaten.

Txina, Estatu Batuak eta Euskadi: errealitate desberdinak berrikuntzan

Jardunaldiari amaiera emateko, Innobasquek “Etorkizuneko elkarrizketak: berrikuntza errealitate desberdinetatik” eskaini du. Elkarrizketa horretan, Estatu Batuak, Txina eta Euskadi etorkizuna baldintzatuko duten joeren aurrean izango duten jarrerak aztertu dira. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko irakasle eta Ikerbasqueko ikerketa irakasle gisa Donostia International Physics Centerren barneratu berri den Rafael Yuste izen handiko neurobiologoak Estatu Batuen inguruan hitz egin du, Brain Proiektuaren liderra baita han, Barack Obama presidente ohia konbentzitu ondoren. Mondragon Team Academyren kosortzailea eta ekintzailea den Juan María Luzarragak Txinari buruzko ikuspegia eskaini du, herrialde hartan hainbat urtez bizi izan baita. Bestetik, Lourdes Moreno, Bolueta Engineering-en zuzendari orokorrak azaldu du berak zuzentzen duen ETEa nola ari duen eraldatzen, jatorri indiarreko britainiar bazkide baten eta bertako beste baten laguntzarekin erosi zuen mekanizazio-tailerra, alegia. Eva Arriluceak Euskadik eta bere berrikuntza-sistemak eskaintzen dituzten aukeren inguruan hitz egin du, eta baita etorkizunari bermeekin aurre egin ahal izateko hartan barneratu beharko diren aldaketen inguruan ere.

911 entitate bazkideen sare sendoa

Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasque, 911 entitate bazkide ditu, zeinak I+G arloko euskal inbertsioaren % 61 hartzen duten, eta guztira Euskadiko doktoreen % 85,6ari, ikertzaileen % 66ari eta I+Gko langileen % 61ari lana ematen dieten. Sarean enpresak dira nagusi, 517 guztira, baina badira ere 57 zentro teknologiko, 44 hezkuntza-zentro, 40 herri administrazio, 54 erakunde publiko, enpresa munduko sei gizarteko 37 pertsonalitate, 8 kluster eta hainbat motatako eragile.

Innobasqueren Zuzendaritza Batzordea 57 pertsonaz dago osatua. Halaber, Lourdes Morenoren izendapena berretsi da, Bolueta Engineering-eko zuzendari nagusia, eta hainbat kide berri esleitu dira: Jakiunderen presidentea, Jesus María Ugalde, Angulas Aguinaga Research Center, Ignacio Muñoz zuzendari nagusiaren bitartez; eta Fernández & Elejalde Abogados, Zuzendaritza Batzordearen kide eta idazkari gisa, Olatz Fernández ordezkariaren bitartez.

Partekatu

Beste berri batzuk