Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta LHko ikastetxeek enpresa teknologikoen lan-aukerak erakutsi dizkiete Batxilergoko ikasleei

1.200 ikasle baino gehiagok hartu dute parte gaur hibridoa –aurrez aurrekoa eta on line- izan den topaketan

Batxilergoko 1.200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte gaur Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduak biltzen dituzten elkarteek (IKASLAN eta HETEL) antolatutako topaketan. Ekimenean LHko ibilbideek eskaintzen dituzten indarguneak eta lan-aukerak ezagutarazi dira, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parkeetan dauden enpresek eta teknologia-zentroek euren jarduera erakutsi dute eta giza baliabideen arloko beharrak azaldu dituzte.

Aurtengoa,  4.500 ikaslek baino gehiagok jada parte hartu duten ekintzaren seigarren edizioa da. Aurten formatu hibridoan egin da, parkeetan egon diren 200 ikasle inguru aurrez aurre aritu dira eta eurekin batera 1.000 ikasle inguruk on-line konektatuta hartu dute parte.

Bileran Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Julen Elgeta HETELeko presidentea, Eduardo Alzola IKASLAN Bizkaiko presidentea eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia izan dira.

Jardunaldian Eva Larra, Arabako Parke Teknologikoan dagoen AJL Ophthalmic enpresaren Produktu Berrien Arautze eta Garapen zuzendariak; Soledad Larrocha, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen CIDETECeko Pertsonen Garapen zuzendariak; eta Norberto López de la Calle, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroko zuzendariak (CFAA) hartu dute parte.

Euren parte-hartzearekin, gazteei erakutsi diete zelangoa den eguneroko jardunean gauzatzen duten jarduera, bai eta industriako puntako sektoreetan hazkunde profesionala izateko aukerak ere. Modu berean, hauekin zerikusia duten Lanbide Heziketako ikasleen esperientziak aurkeztu dira: emakumeak industrian duen presentzia, LH duala, ekintzailetza, Erasmus+ programa eta Global Training Internacional programa.

Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak Donostiako CPES Nazaret Batxilergoa BHIP ikastetxeko batxilergoko 1. mailako hiru neska ikasleri eman die irabazlearen saria CIDETEC enpresan egindako bideoari esker. Euskadiko 13 ikastetxetako 300 ikaslek hartu dute parte lehiaketan. Zentro horietatik, 27 ikasleko 9 talde finalistak bideo bat grabatzeko aukera izan zuten Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko 9 enpresatan: AJL Ophthalmic, CIC energiGUNE eta Del Valle Aguayo Arabako Teknologia Parkean ; BCBL, Tecnalia eta CIDETEC Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean; eta CFAA, ESS Bilbao eta ZIV Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Gainera, topaketan parte hartu duten ikasleek enpresa hauek bisitatu ahal izan dituzte: AJL Ophthalmic eta Satronics (Arabako Teknologia Parkea); Itelazpi, CFAA, ZIV, Vodafone, ESS-Bilbao (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea); eta BCBL (Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea).

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak K·talent-en barruan jartzen du jardunaldia. Zerbitzu horiek pertsonen gaitasunak indartzen dituzte, giza kapitala parkera erakartzen laguntzen dute eta enpresen talentua fidelizatzen dute garapen profesionalaren eta bokazio zientifiko-teknologikoen sustapenaren bidez.

Topaleku hori duela sei urte sortu zen, Lanbide Heziketak sektore teknologikoetan eta puntako enpresetan eskaintzen dituen aukerak eta enplegagarritasuna ezagutarazteko etapa akademiko horretan euren lan-itxaropenetan oinarrituta etorkizun akademikoari buruzko erabakiak hartu behar dituzten Batxilergoko ikasleen artean. Horien artean daude Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko hainbat enpresa.

Ekimenean, 100 ikastetxe eta 43.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzten Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek –HETEL eta IKASLAN elkarteetan integratuak–, eta 20.000 profesional inguru dituzten 600 enpresa baino gehiago dituen Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak hartzen dute parte.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2024ko Plan Estrategikoan gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko egiten du lan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parke Teknologikoak osatzen dituzten enpresak euskal industria-sarearen euskarririk garrantzitsuenetakoa dira: Euskadiko I+G inbertsio osoaren % 37 dira, eta EAEko LHk prestatzeko aukera ematen duen talentu espezializatu zientifiko-teknologikoa behar dute. Izan ere, Euskadiko puntako enpresetan eskatzen diren teknikari askok LHko profilak dituzte.