NEIKER-Tecnaliak 18.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari

Patatak azken kanpainan lurralde historiko horretan ereindako hainbat barietatetakoak dira, NEIKERek Arkautin daukan lursail esperimentaletik eskuratutakoak

Entrega NEIKERek eta Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioak daukaten lankidetza hitzarmenaren baitako ekintza da

NEIKER-Tecnaliak 18.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari, Arkautiko (Araba) lursail esperimentalean egindako ikerketetatik sortutakoak. Zehazki, Kennebec, Jaerla, Baraka, Miren eta Red Ponticac barietateetako patatak eman dizkio Elikagai Bankuari, Arkautiko hektarea bateko azalera inguru okupatu duen saiakuntza amaitu ondoren jasotakoak.

Emateko ekitaldian izan dira Leire Barañano, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Daniel Fernandez, Arabako Elikagai Bankuko lehendakaria. Zehazki, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Euskadiko Elikagai Bankuen Elkarteak 2015. urteaz gero daukaten lankidetza hitzarmenaren baitako ekintza izan da. Hitzarmena sinatu zenetik, erakundeak 80.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari.

Nondik datoz NEIKERek ematen dituen patatak?

NEIKER askotariko ikerketa jarduerak gauzatzen ditu, eta, horien ondorioz, nekazaritzako soberakin handia izaten du urtero. Patatei dagokienez, gehienak post kontrol saila esaten zaion probatik datoz.

Nekazari profesional batek tuberkulu hori erein nahi duenean, ereiteko patata ziurtatua erabiltzen du, horrek bakarrik eskaintzen dituelako beharrezko berme sanitarioak eta agronomikoak. Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzua arduratzen da Araban landatutako hazitarako patataren ekoizpena kontrolatzeaz eta ziurtatzeaz. Kan`paina batean prezintatzen diren hazitarako patata guztiek araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko eta kontrolatzeko, prezintatutako lote guztietatik lagin bana hartzen da, eta aipatutako post kontroleko sailean ereiten dira.

Post kontroleko sail horretan jarraipena egiten zaie eta, horretarako, lote bakoitza identifikatu egiten da. Horrenbestez, nekazari batek arazoak baditu bere lursailetan haziekin –ez dira behar bezala ernaltzen edo birosi arazoak dituzte–, eta arazo horren berdina post kontrol sailean agertzen bada, jakin egin daiteke haziak egoera txarrean zeuden edo arazoa nekazariaren lurrean bertan dagoen.

Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak kontrol ofizialak (gaixotasunak, etab.) egiten ditu post kontrol sailean, NEIKERekin lankidetzan; NEIKER arduratzen da horiek landatzeaz eta biltzeaz.,

Elikagai horiek emanda lagundu egiten du, gerora, Arabako Elikagai Bankua bezalako erakundeek 1.200 familiatako 4.500 onuradunen artean bana ditzaten. Gaurko entregarekin, erakunde teknologikoak edukia eta balioa gehitu dizkio bere gizarte erantzukizun korporatiboaren konpromisoari, eta, horrela, modu aktibo eta borondatezkoan laguntzen du gizartea, ekonomia eta ingurumena hobetzen.