Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35 urteurrena

Bizkaiko Zientzia eta
Teknologia Parkearen 35. urteurrena

1985eko irailaren 30ean eratu zen
Sociedad Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia S.A.

Euskadin eta Estatuan aintzindaria izan zen. Sortu berri zen Sozietatearen xede nagusietako bat industria-ekimena eta inbertsioa erraztea, sustatzea eta bultzatzea zen, balio teknologiko handiko enpresak ezartzeko aukera emango zuten azpiegiturak sortuz, industria-jarduerekin eta eduki berritzaile handiko zerbitzu-jarduerekin batera, eta unibertsitatearen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko teknologia-transferentzia bultzatuz.

35 urte eta gero Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea berrikuntza gune garrantzitsuenetako bat da nahiko berriak diren baina dagoeneko 4.0 industriaren eta ekonomiaren garapenerako funtsezkoak diren sektoreetan.

Urteurreneko urtea

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 35. urteurrenean eragina izan du COVID-19ak sortutako egoerak, eta, horren ondorioz, egin beharreko jarduketak birplanteatu eta araudi berrira egokitu behar izan dira. Azken urtean hainbat ekintza antolatu dira, eta urriaren 22 amaitu dira, 35. urteurreneko ekitaldiarekin. Gainera, urriaren 21an, Zamudion, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) XIX. Nazioarteko Konferentzia egin zen. Bertan, zientzia- eta teknologia-parkeetako ordezkariek etorkizuneko erronkei heldu diete, “GJHak integratuz: parke jasangarriagoetarantz” lelopean.

Ekintza horien guztien helburu nagusia parkearen xedeari, ikuspegiari eta balioei balioa ematea izan da. Halaber, parkearen 35 urte hauetako historiari buruzko “Historia del Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia: 35 años apoyando la tecnología y la innovación en el País Vasco” liburua argitaratu da. Liburuan Parkearen historiaren berri ematen da, sortu zenetik gaur egun arte, eta alderdi hauek aztertzen dira: Eusko Jaurlaritzaren politika zientifiko-teknologikoen xedeei eta helburuei egiten dien ekarpena; enpresen garapenerako kalitatezko azpiegitura gisa betetzen duen jarduera; gobernantza- eta kudeaketa-eredua, eta enpresen jardueraren sustapenean eta berrikuntzan dituen ondorioak, emaitzak eta inpaktua.

Eta erakusketa ibiltari bat ere egin da parkea dagoen hainbat herritan barrena, Zamudion, Derion, Leioan, Abanton eta Bilbon, hain zuzen ere. Erakusketak Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den eta aberastasuna eta enplegua sortzeaz gain teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren gune gisa erreferentzia ere izan den, azpiegitura bat balioetsi eta herritarrengana hurbildu du.

35 urteren ondoren, esan dezakegu parkea ekosistema bihurtu dela, eta milaka pertsonak bateratu, gozatu, prestatu eta sareak eta kontaktuak sor ditzaketela. Ekosistema horretan, garapen profesionala eta enpresariala bultzatu eta sustatzen da, networking-a eta lankidetza erraztera bideratutako zerbitzuekin, baina baita enpresen lehiakortasuna sustatzera ere, kudeaketan, estrategian eta negozioan egindako hobekuntzei esker. Eta ekosistema horrek, bizitzea tokatzen zaigun garai zailetan, hazkuntza eta jarduera orekatzeko beharrezko malgutasunarekin, sormenarekin eta berrikuntzarekin taila ematen jakin du, osasun-prebentzioko neurri guztiekin.

 

JARRAITU IRAKURTZEN