Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea, erakunde laguntzailea Deustuko Unibertsitatearen Egitezko Ekintzailetzako Master Dualean

Egitezko Ekintzailetzako Master Dualaren helburua da pertsona ekintzaile eta berritzaileak prestatzea, ingurune zailetan abilak direnak eta, etengabe aldatzen ari den mundu globalizatu batean, eta eraldaketa digitalaren aro berriaren aurrean, negozioak garatzeko estrategia jasangarri berriak diseinatzeko gai izango direnak.

Masterreko bi ikasle Sarean hasi dira, Konektatu-Euskadiko Parke Teknologikoak Proiektua garatzeko.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak erakundearen, eta bere enpresa-sarearen, eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatzeko lanean jarraitzen du, bere bitartekari eginkizuna indartuz, aukerak sortzeko eta talentua bereganatzeko.

Aurten ere, Deustuko Unibertsitatearen Egitezko Ekintzailetzako Master Dualeko erakunde laguntzailea izango da Sarea. Oraingo honetan, Konektatu – Euskadiko Parke Teknologikoak Proiektua deritzon egitasmoaren barruan garatuko da erakunde bien arteko lankidetza; hori gauzatzeko, masterreko bi ikasle Parkeen Sarean hasi dira eta, datozen sei hilabeteetan, proiektuaren garapen teknikorako bi aholkulari izango dituzte, Sareko kideak biak.

Konektatu-Euskadiko Parke Teknologikoak proiektuaren helburua da balio bateratu bat sortzea, Sareko kide diren enpresak eta profesionalak Parkeek eskaintzen duten ekosistema bakarrarekin identifikatuta senti daitezen, balio horren parte aktibo izan daitezen –maila profesionalean zein pertsonalean–, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eskaintzen dituen ekintzak aprobetxatuz, garapen profesionalera bideratutakoak (prestakuntza, foroak, etab.) zein aisialdikoak (Parkea Musik Fest, Olinpiar jokoak, Aurkitu Parkean, etab.). Proiekturako hautatutako bi ikasleen egitekoa izango da esperientzia pilotuak abian jartzea eta/edo proposatutako soluzioak modu integralean garatzea.

EGITEZKO EKINTZAILETZAKO MASTER DUALA

Masterrak alderdi berritzailea du: prestakuntza-eredu duala, non enpresek eta erakunde laguntzaileek rol aktibo eta protagonista hartzen duten ikaslearen ikaskuntza-prozesuan; era horretan, erakundeotan esperientzia praktikoak garatuz bereganatzen ditu beharrezko gaitasun eta ezagupenak.