Aurkezpena

1985ean inauguratu zenetik, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea erreferentea da bai Euskadin, bai Estatuan. Ez aitzindaria zelako bakarrik, Espainian ezaugarri horiekin irekitako lehenengoa izan baitzen, baita talentua erakartzeko zuen gaitasunagatik ere; hain zuzen ere horrek bihurtu du berrikuntza gune garrantzitsuenetako bat nahiko berriak diren baina dagoeneko 4.0 industriaren eta ekonomiaren garapenerako funtsezkoak diren sektoreetan.

286 enpresa biltzen ditu; iaz, denek batera, 3.838 milioi euroko fakturazioa izan zuten, eta haien jarduerak 11.610 laguni ematen die enplegua. Hori Bizkaiko BPGaren % 7 da, eta Foru Ogasunak bildutako diruaren % 6,8. Enpresa horien artean, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat hartutako sektoreetan liderrak diren enpresak daude, hala nola aeronautika, automobilgintza, elektronika, energia, ingurumena, ingeniaritza, medikuntza eta biozientzia edo informazioaren teknologiak.

 

Gure bazkideak

Sociedad Parque Tecnológico SA enpresa publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuna Sailari atxikia. Hauek dira bazkideak: Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, Spri (% 67,26); Bizkaiko Foru Aldundia (% 18,02); Azpiegiturak (% 11,82); EHU (% 2,62); eta Zamudioko Udala (% 0,28).

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Euskadiko Parke Teknologikoen Sare barruan dago. Euskadiko politika industrialean berrikuntzari eta nazioartekotzeari rol protagonistak ematearen aldeko apustua pilatzen duen talentuaren eta ezagutzaren ekosistema da. Sarea dagoeneko sendotuta dago I&G sektorea enpresen sarera transferituko duen eragile egituratzaile gisa eta 647 enpresa biltzen ditu (autonomia-erkidegoan daudenen % 0,9) hiru parketan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) banatuta. Horiek guztiak, banaka, berrikuntzagune erabakigarri bihurtu dira eta “sarean” autonomia-erkidegoan aberastasuna eta ongizatea sortzeko talentua, ikuspegia eta ezagutza partekatzen dituzte. Enpresekin batera egiten dute lan Euskadiko hiru unibertsitateek, oinarrizko ikerketa-zentroek eta bikaintasunekoek (Basque Excellence Research Centres), inkubategiek, teknologia-zentroek, clusterrek eta elkarte profesionalek. Elkarrekin, parkeen sareak balio erantsi altuko zerbitzuen aukera zabala eskaintzen die ekintzaileei. Horiei esker, haien proiektuak baldintza onenetan eraman ditzakete aurrera.