BCBLK BADAKI EUSKARA IKASTEAK GARUNA NOLA ALDATZEN DUEN

2021 > BCBLK BADAKI EUSKARA IKASTEAK GARUNA NOLA ALDATZEN DUEN

Zentroa euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratzeak burmuinaren egitura zein funtzionaltasunean duen eragina ikertzen ari da

Proiektu honen bidez, ikerlariek beste zientzia-esparru batzuetan aplika litezkeen eta hizkuntzarekin loturarik ez duten ondorioak ateratzea dute helburu, hala nola, pertsona batek burmuin-lesioen aurrean izango duen bilakaera aurreikustea ahalbidetuko duten biomarkatzaileak identifikatzea

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) babestutako ikerlan honetarako A2 euskara-maila prestatzen ari diren 18 eta 50 urte bitarteko partaideak behar dira

Jakiteak ez duela ogirik jaten esan ohi da, baina ezagutzari lekua egiteak burmuinaren egitura zein funtzionaltasuna alda ditzake. Hori dela eta, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerlan bat abiarazi du euskara bigarren hizkuntza gisa ikasteak neurona-sareetan duen eragina aztertu eta beste zientzia-arloetara estrapolatu litezkeen ondorioak ateratzeko xedez, hala nola, pertsona batek garun-lesioen aurrean izango lukeen bilakaera aurreikusten lagun lezaketen biomarkatzaileak identifikatzea.

Proiektu hau garatzeko, zentroa euskarazko A2 mailako ikasle-talde batean oinarrituko da. Boluntario hauek hainbat ataza egingo dituzte, non memoria zein atentzioa aztertuko duten erresonantzia magnetikoa, magnetoentzefalografia eta jokabidean oinarrituriko teknikez baliatuz. Proba hauek ikasturtearen hasiera zein amaieran egingo dira, epe horretan hizkuntza ikastearen ondorioz gertatutako aldaketak neurtzeko helburuarekin.

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen (AEK) babesa duen proiektu honetan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte boluntarioek; euskarazko A2 mailako ikasle izatea, gutxienez eskolen % 80ra joateko konpromisoa hartzea eta 18 eta 50 urte bitarteko adina izatea.

«Gaur egun badakigu bigarren hizkuntza bat ikasteak burmuinean aldaketak eragiten dituela, eta horren arrazoia haren neuroplastikotasuna da: hau da, garunak ingurumenaren eraldaketetara egokitu eta bere egitura zein funtzionaltasuna moldatzeko duen gaitasuna. Zergatik da berezia ikerketa hau? Lehen aldiz pertsona bat denbora luzez aztertuko baitugu, ikasketak gizabanako berarengan eragindako bilakaera neurtzeko helburuarekin» adierazi du BCBLko Ikerbasque ikerlaria den Ileana Quiñonesek.

Hizkuntzatik haratago

Ikerlan honen gakoetako bat zera da: ez dela hizkuntzaren eremura mugatuko soilik, baizik eta burmuinaren eboluzioa nolakoa izango den aurreikusten lagunduko diguten markatzaileak identifikatzen saiatzean oinarrituko dela. Horrez gain, ezagutza hori beste hainbat eremutara hedatzeko asmoa dute ikertzaileek, esaterako, lesio neurologikoen esparrura.

«Garunak ingurumen-faktoreak (hizkuntza bat ikastea, esaterako) edota prozesu patologikoak (neuroendekapenezko gaixotasun edota lesioren bat) direla eta egokitu behar izaten du aldaketetara. Pertsona bakoitzak hizkuntzak ikasteko duen erraztasun-maila desberdina da, eta gauza bera gertatzen da gaitzen ondorengo eboluzioaren kasuan. Ikerketa honetan aztertu nahi duguna zera da: ea garunean hizkuntzen ikaskuntzan gertatzen diren aldaketek beste egoera batzuetara aplika litezkeen ezagutza sor dezaketen, adibidez, lesioen kasuan» zehaztu du Quiñonesek.

Azterlan hau BCBLk eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) elkarlanean abiarazitako proiektu handiago baten parte da. Honen helburua da esna dauden pazienteekin erabiltzen diren kirurgia-teknikak optimizatzea, maila baxuko gliomaren bat duten pertsonen kasuan. Tumore hauek gaitasun kobnitiboei eragiten diete eta, garaiz tratatu ezean, gaizto bilaka daitezke.

Esna dauden pazienteen kirurgian, beharrezkoa da haien funtzio kognitiboen jarraipen zen ebaluazioa egitea (hizkuntza, oroimena, funtzio-exekutiboak, arreta, etab.), ondorioak jasateko arriskua minimizatu ahal izateko.

BCBL eta AECC-ren proiektu hau ikasketa automatikoa edo machine learning izeneko tresnan oinarritzen da, esku-hartzeen emaitza aurreikusi, ebakuntzaren eraginkortasuna hobetu lezakeen jarduera-protokolo bat sortu eta garuneko plastikotasunaren ezagutzan sakontzen lagun lezaketen probak garatzeko asmoarekin. Quiñonesen gidapean euskara ikasteak burmuinean duen eragina ebaluatzeko azterlan hau garuneko plastikotasuna ikertzeko atazen baitan kokatzen da, hain zuzen ere, esna dauden pazienteen kirurgia-proiektuaren barnean.

«Azterlan hau proiektu handiago baten parte da, garuneko lesioak dituzten pazienteetan oinarrituta dagoena. Guk ikertu nahi duguna zera da: ea ikasturte amaierako aldaketa horiek nolakoak izango diren aurreikusten lagun liezaguketen adierazlerik dagoen aztertzea eta hauek estrapolagarriak izan litezkeen jakitea; hau da, garuneko aldaketak iragartzea ahalbidetzen duten markatzailerik badagoen detektatzea eta patologiak dituzten pertsonei aplikagarriak ote zaizkien jakitea, haien lesio neuronalen sendatze-prozesua aurreikusi ahal izateko», ondorioztatu du ikertzaileak.

Ikerketa azaroan hasi eta datorren urteko uztailera arte luzatuko da, Zientzia eta Teknologia Ministerioaren babesarekin.