Innoenergyk eta Eusko Jaurlaritzak, Europak baterien eta mugikortasun elektrikoaren alde egin duen apustuaren aukerak aztertu dituzte euskal enpresekin batera, GoMobility 2020an

CIC energiGUNE izan da Ficobako topaketa profesionalaren barruan egin den eta energiaren biltegiratzearen eta kudeaketaren euskal ekosistemako zenbait ordezkarik parte hartu duten eztabaidarako mahaiaren burua.

 

“Energiaren biltegiratzea eta bateriak funtsezkoak dira mugikortasun elektrikoaren etorkizuneko erronketarako, eta datozen 7 urteetan % 3ko merkatu kuotatik % 25ekora igotzeko asmoa erakutsi du Europak, lehiakortasuna bermatzeko”. Hori da CIC energiGUNEk gaur goizean Irungo Ficoban, mugikortasun elektrikoaren eta jasangarriaren arloan Europako hegoaldeko eragile nagusiak biltzen dituen “GoMobility” ekimenaren barruan, antolatu duen eztabaida mahaiaren ondorio nagusietako bat. Bilera Nuria Gisbertek moderatu du, Basque Research & Technology Alliance – BRTA erakundeko kide den CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusiak.

“Energiaren biltegiratzea eta bateriak, Europarako aukerak mugikortasun elektrikoaren esparruan” izenburupean, erakundeetako eta hainbat enpresetako ordezkariek, 2017an Maroš Šefčovic komisario europarrak kontinentean bateriaren teknologiaren eta industriaren garapena sustatzeko plan estrategikoa abiarazi zuenetik sektorean ireki diren aukerak aztertu dituzte. Planaren ondorioz “Batteries Europe” eta Baterien Aliantza Europarra ekimenak sortu dira, besteak beste.

Mahaian, Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea, eta Mikel Lasa, KIC Innoenergy-Iberiaren, energia jasangarrian berrikuntzari laguntzeko Europako ekimenaren, zuzendari nagusia egon dira. Euskal enpresa sarearen aldetik, Joseba Arzak Ingeteam R&Dko zuzendari nagusiak, Txomin Nieva CAF Power & Automation-eko Produktuaren Garapen zuzendariak eta Idoia Urdampilleta Cidetec Energy Storage-ko Energiarako Materialen Unitateko arduradunak hartu dute parte. Guztiak bat etorri dira egungo unea aprobetxatu behar dela esatean, euskal ekosistema etorkizuneko ibilgailu elektrikorako bateria garatzeko agertokian posizionatzeko.

Hizlariek gogorarazi dutenez Europak hainbat neurri abiarazi ditu kontinentean baterien balio katea eraikitzeko. Balio kate horrek lehengaien erauzketa, zelden ekoizpena, battery pack-en ekoizpena, eta berrerabilera eta birziklatzea barne hartuko ditu. Alde horretatik, eztabaida mahaiaren aurretik, bertaratutakoek beren enpresen eta ikerketa-zentroen jarduerak aurkeztu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak laguntzarako euskal politiken ikuspegia eman du.