2 milioi € haur elebidunen jaiotzatiko hizkuntza-garapena Euskadin ikertzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Marina Kalashnikova, BCBLko Ikerbasque ikertzailea, Europako Ikerketa Kontseiluko ospe handiko Consolidator Grant laguntzen 2025eko deialdiaren onuradunetako bat da

Bere taldeak behaketa-teknikak eta neuroirudi-teknika aurreratu ezberdinak konbinatuko ditu, bizitzako lehen hilabetetik euskara eta gaztelania entzuten duten haurtxoen jarraipena egiteko

Proiektua Gipuzkoan garatzeak bi hizkuntza berberak ikasten dituzten neska-mutilen lagin homogeneo bat aurkitzea ahalbidetuko du

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko Marina Kalashnikova ikertzailea Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC) Consolidator Grant laguntza entzutetsuen onuradunetako bat da 2025eko deialdian.

Kalashnikovak, “Haur-hizkuntza eta kognizioa” taldeko buruak, 2 milioi euroko finantzaketa jasoko du Europar Batasunaren aldetik, datozen 5 urteetan Bilingual LENS proiektua gauzatzeko. Jaiotzetik ingurune elebidunean dauden haurren hizkuntzaren garapen goiztiarrean eragiten duten faktore neurobiologikoak eta ingurumenekoak identifikatzea du helburu ekimen aitzindari honek.

«Munduko haur gehienak hizkuntza bat baino gehiago eskuratuz hazten dira. Hala ere, hizkuntza bereganatzeko moduari buruz dugun ezagutzaren zati handi bat haur elebakarrekin egindako ikerketetan oinarritzen da. Bilingual LENS proiektuak ikuspegi hau zalantzan jartzen du», azaldu du BCBLko adituak.

Hutsune zientifiko hau betetzeko, proiektuak luzetarako ikerketak egingo ditu Gipuzkoan jaio eta hazitako haurrekin, lehen egunetatik hizketa euskaraz eta gaztelaniaz entzuten dutenekin. Jarraipenak lehen hilabetetik 24 hilabetera arte iraungo du.

«Gure helburua izango da neurtzea nola haurtxoen ingurune linguistikoak zein bizitzako lehen urtean duten garuneko garapenak haien bi hizkuntzetako gaitasun-linguistikoa aurreikusten duten bizitzako bigarren urtean zehar», gehitu du Kalashnikovak.

Teknologia aurreratua

Ikerketak behaketa-teknikak, neuroirudia eta jokabide-probak bateratuko ditu. Alde batetik, grabagailu berezien bidez ebaluatu eta kuantifikatuko da etxeko interakzio sozialetan haurtxoek entzuten duten hizketa.

Bestalde, BCBLko lantaldeak neuroirudi-tresna osagarriak erabiliko ditu garunaren erantzunak aztertzeko: elektroentzefalografia (EEG), mintzamena prozesatzeko abiadura detektatzeko denbora-bereizmen handia eskaintzen duena, eta Hurbileko Uhin Infragorriaren espektroskopia (fNIRS), jarduera garuneko zein eremutan gertatzen den kokatzea ahalbidetzen duena.

«Teknologia aurreratu hauen erabilerak aukera emango digu ulertzeko haur elebidunaren garunaren eremu zehatzak nola espezializatzen diren hizkuntza prozesatzeko denboraren poderioz», zehaztu du ikertzaileak.

Partekatu

Beste berri batzuk