3D-ko tumore-ereduak zelula errealekin tratamenduak testatzeko

CIC biomaGUNEko talde batek tumore-ereduak egiten ditu, tumoreak baldintza desberdinetan nola hazten diren eta nola jokatzen duten ulertzeko
Zelula errealak Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalearekin eta Gipuzkoa Poliklinikarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker lortzen dituzte
CIC biomaGUNEko Bionanoplasmonika taldeko ikertzaileek in vitro fabrikatzen dituzte 3Dko tumore-ereduak, ahalik eta ingurune errealistenean, hobeto ulertzeko nola hazten diren eta nola jokatzen duten tumore horiek askotariko baldintzen pean; hala, nabarmen hobetuko dira plaketan (2D) egindako zelula-kultiboen bidez lortu ohi diren emaitzak, eta murriztu egingo da animalia-esperimentazioa.
Ikerketa-lerro hori Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) finantzatu du, Proof of Concept baten esparruan, eta minbiziei aurre egiteko konposatuen arrakasta-ehunekoa areagotzeko beharretik sortu da. Gizakiekin egiten diren saiakuntza klinikoetan minbiziaren aurkako balizko tratamendu izateko ikertzen diren konposatuen % 4 baino ez dira sendagai gisa merkaturatzen. “In vitroko fase aurreklinikoan eraginkortasun handiagoa lortu nahi dugu, pazienteekin egindako saiakuntza klinikoetan probatzen diren konposatuek arrakasta-probabilitate handiagoa izan dezaten”, dio Luis Liz Marzán Ikerbasque irakasleak.
3D bioinprimagailu aurreratuak
CIC biomaGUNEko taldeak tresna aurreratuak ditu hiru dimentsioko tumore-ereduak inprimatzeko. Eredu horiek “minbizi-zelulak eta ehun errealetan dauden beste zelula-populazio batzuk barne hartzen dituzte, jakitun baikara tumorearen inguruneak garrantzi handia duela”, dio Malou Henriksen ikertzaile elkartuak.