500dik gora gaztek bisitatu dute BTEK uztailean
- UPV/EHU, Athletic eta La Arboledako udalekuetako egitarauaren barruan antolatutako bisiten bidez, zientzia eta teknologiarekin jolasteko aukera izan dute neska-mutikoek.
BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroak, 500dik gora gazteren bisita jaso du uztailean zehar. Behin ikasturtea amaituta, udalekuak hasi dira eta aurten hiru udalekuk antolatu dute BTEKera bisita egitarauaren barruan:
– FECYTek bultzatutako UPV/EHUko Udako Campus Zientifikoen laugarren edizioa izan da aurtengoa. Estatu osoko DBH 4ko eta Batxilergoko lehen mailako ikasleek hartu dute parte udaleku honetan. Lau prestakuntza-programa eskaini dira: fisika, matematika, kimika eta biologiaren alorretan. Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategietan egindako jardunez gain, beste jardun batzuk ere egin dituzte, besteak beste BTEKera bisita eta robotika tailerra.
– Bizkaia-Athletic Udalekuen programak, kirol anitzeko jarduerak egin eta Athletic taldearekin lotutako hainbat ekintza egitearekin batera, BTEKera bisitak ere antolatu ditu. 2012.urtean Athletic Fundazioaren eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen artean, BTEK sustatzeko sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen dira bisita hauek.
– La Arboledan egin diren udalekuetan berriz, aisialdiko jarduera, txango eta mendi-ibilaldiekin batera, BTEKera etorri dira gazteak tailer zientifiko-teknologikoak egiteko.
Honenbestez, Teknologiaren Interpretazio Zentroa gero eta baliabide ezagunagoa bihurtzen ari da, ez bakarrik ikasketa zentroetan, baita gazteentzako aisialdi programak antolatzen dituztenen artean ere. Izan ere, gazteak, modu dibertigarrian, zientzia eta teknologiara hurbiltzeko azpiegiturarik aurreratuena baita BTEK.