80.000 pertsonak baino gehiagok lagundu diote BCBLri garunaren misterioak argitzen

Donostiako alkatea, Eneko Goia, BCBLn izan da ikerketa neurozientifikoko zentroaren jarduera eta laborategiak gertutik ezagutzen
Duela 15 urte sortu zenetik, BCBLk inguruko herritarren parte-hartzea izan du: guztira 81.885 lagunek parte hartu dute ikerketa ezberdinetan
Europako finantzazioa duten eta duela gutxi martxan jarri diren sei proiektuk adin guztietako pertsonen borondatezko parte-hartzea beharko dute berriro ere, haurtxoena zein adinekoena
Donostiatik eta hurbiletik etorritako adin guztietako 80.000 bizilagun baino gehiago igaro dira 2010etik Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko laborategietatik, giza garunaren misterioak argitzen laguntzeko.
Gaur, ikerketetan lagundu duten pertsona horiei guztiei esker ona adierazteko, 81.885 lagun zehazki, Manuel Carreiras zuzendari zientifikoak eta Ana Fernández gerenteak Eneko Goia Donostiako alkatearen bisita jaso dute, Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziarekin batera.
Biek gertutik ezagutu ahal izan dute BCBLn garatzen den jarduera, bi helburu nagusi dituena: txikitatik hizkuntza eta hizkuntzak ikasteko estrategiak hobetzea, eta Alzheimerra bezalako gaixotasunentzat eta dislexia bezalako hizkuntza nahasmenduentzat diagnosi, interbentzio edo errehabilitazio bide berriak lortzea.
“Herritarren laguntza ezinbestekoa izan da hasiera-hasieratik gure ikerketetarako. Egunero haurrak zein adineko pertsonak igarotzen dira gure laborategietatik, eta gure lan zientifikoa egin ahal izateko behar ditugun datuak lortzen laguntzen digute, gero guk gizarteari ezagutza berria itzuli ahal izateko”, nabarmendu du Manuel Carreirasek, Ikerbasqueko katedradun eta “Hizkuntzaren neurobiologia” BCBLko ikerketa-taldeko liderrak.
Donostiako herritaren lankidetza horri eta BCBLn egiten diren ikerketa-proiektuei esker, erreferente bihurtu da zentroa Donostia tokiko eta nazioarteko zientzia- eta talentu-gune bihurtzeko.
Zentroak herrialde ezberdinetako 90 ikertzaile baino gehiago ditu, eta hizkuntza-prozesuen ikerketan aplikatutako neurozientzien etorkizunerako munduko ikertzaile-harrobia da.
Parte-hartze handiagoa
Datozen urteetan ere donostiarren parte-hartzea beharko du BCBLk, irakurketaren, hizketaren ekoizpenaren edo elebitasunaren garapenean giltzarri diren prozesuetan parte hartzen duten garuneko mekanismoei buruzko ezagutza areagotzeko. Horren adibide dira Europar Batasunak finantzatutako sei proiektu.
Batetik, Manuel Carreiras buru duen CORTICAL RHYTHMS proiektua, Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC) Advanced Grant laguntza jaso zuena. Bere taldea biomarkatzaileak identifikatzen saiatuko da, esku-hartze programa eraginkorragoak garatzeko, dislexia bezalako nahasmenduak arintzeko eta hizkuntzen ikaskuntza hobetzeko asmoz.
Bestalde, Ikerbasque Marie Lallier ikerlariak, ERC Consolidator Grant laguntzari esker, asmo handiko proiektu bat gidatuko du. Proiektu horretan, euskaran eta gaztelanian elebidunak diren 500 haurrek hartuko dute parte, txikiak garenean hizkuntza bat baino gehiagoren eraginpean egoteak irakurketa-nahasteak izateko arrisku genetikoak indargabetu ditzakeen jakiteko.
Gainera, Europako Batzordearen Marie Skłodowska-Curie doktoretza osteko laguntzen azken deialdian hautatutako lau proiektu BCBLn gauzatuko dira eta adin ezberdinetako boluntarioen laguntza beharko da.
“Proiektuetako batean aztertu nahi da, adibidez, hainbat hizkuntzatan irakurtzen ikasteko irakurle hasiberriek konpentsazio-estrategiak nola garatzen dituzten; beste batean, aldiz, musika-entrenamenduak pertzepzioa eta ekoizpen prosodikoa bigarren hizkuntza batean hobetu ditzakeen aztertuko da, aldi berean elebitasunak eta musika-gaitasunak prozesu horretan zer eragin duten ebaluatuz”, azaldu du Carreirasek.