Aizkorri-Aratz, Pirinioetako lurzoruen kudeaketa jasangarrirako laborategi naturala
Aurreikusitako soluzioen artean daude, batetik, mapa eta metodologia harmonizatuak, lurzoruak ezagutzeko, eta, bestetik, dibulgaziozko material eta ibilbideak, herritarrak sentsibilizatzeko
Mendiko lurzoruek ezinbesteko rola jokatzen dute ekosistemen oreka ekologikoan eta jasangarritasunean. Gainera, klima erregulatzen dute, ur-zikloaren funtsezko zati dira eta biodibertsitate-gordailu dira. Mendiko lurzoruak ahulak dira eta, Pirinioetan, are ahulagoak dira muturreko baldintza klimatikoak eta klima-aldaketaren ondoriozko presioak dira-eta, eta lurraldea gero eta gehiago erabiltzen delako aisialdirako.
Ezagutzan eta kontserbazioan sakontze aldera, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitateak, Pirinioetako Lurzoruen II. Foroa hartuko du Europako SOLPYR proiektuaren esparruan. Proiektu horren helburua da mendiko lurzoruak babestea Pirinioetako eskualdeetako entitateen artean ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza garatzearen bidez, eta bulegoko lanaldi teknikoak eta landako sentsibilizazio-saio bat izango ditu.
Pirinioetako eskualdeetako erakundeetako aditu eta ordezkariak bilduko dira topaketan. Ikerketan, baso-kudeaketan, nekazaritzan, abeltzaintzan edo administrazio publikoan dihardute eta, proiektuaren aurrerapenak lantzeaz gain, mendiko lurzoruen gobernantza eta kontserbazioari buruzko esperientziak partekatuko dituzte. Eztabaidagaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurzoruak kartografiatzeko eta haien kalteberatasuna zehazteko metodologiak harmonizatzea, eta Pirinioetako lurzoruetarako ekintza-plana egitea. Plan horrek estrategia komun bat ezartzen du baliabide hori mugaz gaindiko eskalan babesteko, eta Pirinioetako eskualdeetan egindako baterako sorkuntzako zazpi tailerren emaitzetan oinarritzen da.