Altzairuaren ekoizpenaren deskarbonizazioa bizkortzeko teknologia berriak

Teknikerrek MODHEATECH proiektu europarrean parte hartu du, altzairutegietako labeak berotzeko sistema berritzaile bat prest jartzeko
Soluzioa iturri berriztagarriez elikatzen da, eta sektoreko CO2 emisioak murriztea eta gas naturala alternatiba jasangarriagoekin ordeztea ahalbidetuko du
Zentro teknologikoak ekimenaren garapenak ebaluatuko ditu erakusle birtual batean, Sidenorrekin lankidetzan
Altzairuaren ekoizpeneko energia-eskari globala erregai fosiletan oinarritzen da nagusiki, eta, beraz, funtsezkoa da altzairuaren ekoizpenaren ingurumen-inpaktua murrizteko eta Europako eta munduko administrazio nagusiek ezarritako helburuak betetzeko formula berriak aurkitzea eta ezartzea.
Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, MODHEATECH proiektu europarrean parte hartzen du 2023tik, sektore siderurgikoa deskarbonizatzeko erronkari heltzeko aukera emango duen alternatiba teknologiko bat ikertzeko helburuarekin. Ekimenak altzairutegietako labeak berotzeko prozesuan jartzen du arreta, gas naturalaren erabilerak ingurumenean eragin handia baitu.
“Beroketa hibridoko sistema batean lan egiten dugu, hainbat teknologia konbinatuz, altzairuaren ekoizpenaren jasangarritasuna ez ezik, eraginkortasun energetikoa eta produktibitatea ere hobetzeko”, azaldu du Cristina Cerrillo Teknikerreko ikertzaileak.
Labea berotzeko teknologia bat sartu nahi da, elektrifikazio partzialaren eta indukzio-sistemaren eta gas-errekuntzaren arteko konbinazio optimoan oinarritua, errekuntza-gasen energia berreskuratzearekin batera. Gainera, garapen horretarako behar den elektrizitatea energia-iturri berriztagarrietatik eta beroa berreskuratzeko sistemetatik sortuko da.
Hidrogenoa eta indukzioa
Proiektuaren esparruan, Teknikerrek altzairua ekoizteko prozesuetan hidrogeno-errekuntzako eta indukzio bidezko berokuntzako teknologiak sartzearen inpaktua eta bideragarritasuna aztertuko ditu Sidenorren frogagailu birtual batean. Azterketa hori ikuspegi integral baten bidez egingo da, honako hauek barnean hartuta: bizi-zikloaren analisia (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa) soluzio optimoak hautatzeko; mantentze-lanen estrategia prediktibo eta proaktibo bat definitzea; osagai kritikoen analisia eta saiakuntza bizkortuak muturreko baldintzetan egitea, hidrogenoa instalazioko materialekin bateragarria dela bermatzeko.
Ekimenak honako hau lortzea espero du: CO2 emisioak %20 murriztea, azken produktuaren kalitatean eraginik izan gabe produktibitatea handitzea, sistema %50ean autoproduzitutako energia berdez elikatzea eta sektorearen deskarbonizazioa bizkortuko duen ibilbide-orria definitzea.
“Indukzio bidezko berokuntzak ez du zuzeneko emisiorik, eta eraginkortasuna %60tik gorakoa da, gasaren erreketa tradizionala baino dezente handiagoa, %30 ingurukoa baita haren eraginkortasuna”, nabarmendu du ikertzaileak.
Gainera, garatutako teknologiek hondakinen murrizketari ere helduko diote, produktuen kalitatea hobetuz, eta Europar Batasuneko (EB) herrialdeen erregai fosilekiko independentzia erraztuko dute.