Arabako Teknologi Parkeak akordio bat sinatu du Kutxabankekin, zeinaren bidez 6 milioi euro aurreztuko baititu Epsilon eraikina erosteagatik

Araba

Parkeak 16,3 milioi euro ordainduko ditu, 2009ko akordioaren arabera ordaindu beharko lituzkeen 22,5 milioiak ordaindu beharrean.

Eusko Jaurlaritza, 2012/06/22

Arabako Teknologi Parkeak eta Kutxabankek akordio bat sinatu dute gaur notario aurrean 16,3 milioi euro ordaintzeko Epsilon eraikinaren kredituagatik, hala Parkeak 6 milioi euro aurreztuko ditu. Francisco Berjón, Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko presidenteak sinatu du akordioa Arabako parkeko ordezkari bezala. Eta, hain zuzen, akordio hau iritsi da maiatzaren 8an Gobernu Kontseiluak Arabako Parkearen urteko helburuak aldatzea onartu zuelako; hala, teknologi parkeak 2009an aurrezki kutxekin sinatu zuen abalaren eragina murriztea lortu du Eusko Jaurlaritzak zeren, bestela, proiektuak porrot egingo balu, ATPk 22,5 milioi euro ordaindu beharko lituzke.

Erosketa hau finantzatzeko Kutxabankek kreditu bat eman dio ATPri, oso baldintza abantailatsuetan eta betiere azken horren bermearekin. Kreditua 20 urtekoa izango da, bi urteko gabealdiarekin.

Gobernu Kontseiluak duela gutxi adostu zuen aukera ematea ATPri aurreikusitakoa baino 6 milioi euro gutxiago ordaintzeko Kutxabankekin lortutako akordioa gauzatu zedin. Horrela, 16,3 milioi euro ordainduta, Parkeak hartuko du Epsilon eraikinaren jabetza, enpresa likidazioan sartu baita eta Parkea behartuta baitago bere aktiboak erostera.

Gaur hartutako erabakiaren jatorria 2009ko urtarrilaren 14ko akordio batean dago, zeina notario aurrean sinatu baitzuten Euskal Teknologi Parkeen Sareko presidente zenak (Julian Sanchez Alegria), Epsilon Euskadiko presidenteak (Joan Villadeplrat) eta Caja Vital eta Kutxako arduradunek.

Eskritura haren bidez, Epsilon enpresak zortzina milioi euroko bi hipoteka formalizatu zituen bi aurrezki kutxen alde (gaur egun biak Kutxabanken barnean daude). Gainera, Arabako Teknologi Parkeak konpromisoa hartu zuen Epsilon enpresari lursail bat saltzeagatiko hipoteka-lerruna lagatzeko Kutxabanken hipoteken alde. Horrek esan nahi du enpresa proiektuak porrot egingo balu eta Kutxabankek hipoteka exekutatuko balu, Parkeak egin beharko lukeela hipoteka horren kargu. Eta lehentasuna ematen zion Kutxabanken hipotekari Epsilon enpresak lehendik Parkearekin zuenaren gainetik (2,6 milioi eurotako lursailak erosteko erabilitakoa).

Funtsean, Parkeak konpromisoa hartu zuen notario aurrean enkantera joan eta eraikina erosteko eskaintza egiteko 14,6 eta 22,5 milioi euro bitarteko prezioan.

Iazko maiatzean eta ekainean bi aurrezki kutxek Parkeari jakinarazi zioten hipoteka exekutatzeko tramiteei ekingo zietela Epsilon enpresak ez zuelako mailegua ordaintzen. Irailean enpresak borondatezko hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zuen.

Gauzak horrela, eta enkantea egin baino lehen, Jaurlaritzak akordio bat bilatu du Kutxabankekin, ahalik eta gehien murrizteko Epsilon enpresaren porrotak diru-kutxa publikoetan izango duen eragin ekonomikoa. Jaurlaritza da, SPRI Taldearen –enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoaren- bidez, Arabako Teknologi Parkeko bazkide nagusia. Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala dira beste bi akziodunak.

Gaur Kutxabankekin sinatutako akordioari esker Parkeak erosi egin ahal izango du finantza erakundeak Epsilon enpresari eman zion kreditua. Erosketa hau finantzatzeko Kutxabankek kreditu bat eman dio ATPri, oso baldintza abantailatsuetan eta betiere azken horren bermearekin. Kreditua 20 urtekoa izango da, bi urteko gabealdiarekin.

Erabaki honek APTren egoera hobetzen du alderdi hauetan:

  • Hartutako zorra mugatzen du, ez direlako kontuan hartzen enkantea egin arte metatu zitezkeen atzerapenagatiko interesak
  • Jaitsi egiten ditu Kutxabankekiko negozioaren ondorioz metatutako atzerapenagatiko interesak. Zenbateko gaindituei aplikatutako interesa kontratuan ageri dena baino txikiagoa izan da.
  • Hitzartutako kreditu baldintzak oso abantailatsuak dira APTrentzat

Parkea lehen hartzekoduna izaki, errazagoa izango da konkurtso administrazioarekin eta likidatu beharreko aktiboetan interesatuta daudenekin hitz egitea.

Partekatu

Beste berri batzuk