Arrantzako hondakinak ongarri biologiko bilakatzea, nekazaritza jasangarria bultzatzeko irtenbidea
NEIKER zentro teknologikoak SEA2LAND ekimen europarra koordinatu du, arrantzako azpiproduktuak ongarri biologiko bilakatzeko
Arrantza-ontzietako hondakinetatik mineralak ordezkatzeko gai diren ongarri biologikoak lortu dira, lurzoruen osasunarentzat onuragarriagoak direnak
Sortutako ongarriek inportatutako ongarriekiko mendekotasuna murrizten lagunduko dute, funtsezkoa dena ezegonkortasun geoestrategiko garaietan, eta aukera ematen dute ingurumena gehiago errespetatzen duen nekazaritza sektore baterantz urratsak egiten jarraitzeko
Europak erabiltzen dituen ongarrien erdiak baino gehiago inportatzen ditu urtero, asko Errusiatik eta Marokotik. Egoera horrek ez ditu soilik nekazaritza sektorearen kostuak garestitzen, baizik eta nazioarteko tentsio-egoeren aurreko zaurgarritasuna areagotzen du, bai eta nekazaritzako ekoizpena baliabide fosiletara eta mineraletara lotu ere, hau da, energia kontsumo handiarekin eta ingurumen-inpaktu nabarmenarekin erauzten diren baliabideetara.
Bada, egoerari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER zentro teknologikoak Europar Batasunaren Horizon 2020 programak finantzatutako SEA2LAND proiektu europarra koordinatu du.
Ekimenaren helburua arrantza eta akuilkultura industriaren hondakinak, Europar Batasunean 5,2 milioi tona hondakin sortzen dira urtean, oinarri biologikoko ongarri (BBF) bilakatzea izan da, bai eta partzialki edo erabat ordezkatzea egun erabiltzen diren pestizida sintetikoak. Azken batean, nekazaritza jasangarriago baterantz urratsak egiten jarraitu nahi izan da. Oinarri biologikoko ongarriak gai dira ongarri mineralak ordezkatzeko, bide batez inportatuko intsumoekiko mendekotasuna murriztuz, funtsezkoa dena ezegonkortasun geoestrategikoko garaietan.
«Estrategia honek ez ditu soilik azpiproduktu hauek dituzten funtsezko nutrienteak baliatzen, adibidez nitrogenoa, fosforoa edo potasioa, baizik eta hondakinen kudeaketa txarraren ingurumen-inpaktua murriztu eta ekonomia zirkularra sustatzen du. Era berean, aintzat hartu behar da fosforoa dela nekazaritzan kritiko bilakatuko den hurrengo elementua, funtsezkoa baita laboreen garapenean», nabarmendu du Mirian Pinto doktoreak, NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazioko Departamentuko ikertzailea. «Gaur egun, gainera, erabili ditugun hondakinetako asko alferrik galtzen ziren: zuzenean itsasora bota edo zabortegietara eramaten ziren. SEA2LAND ekimenari esker, hondakinak alferrik ez galtzea lortzeaz gain, ustez inolako baliorik ez zuen zerbaiti balioa ematea lortu dugu», azaldu du Pinto doktoreak.