Aspartamo edulkoratzaileak gorputzeko gantza murrizten du, baina bihotzaren eta garunaren kalteko izan daiteke

Albisteak, Gipuzkoa

Saguetan egindako ikerketa baten arabera, edulkoratzaileak luzaroan hartzeak kalte egin diezaieke organo horien funtzioari, baita dosi txikitan ere

CIC biomaGUNEk eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak lortutako emaitzek iradokitzen dute gaur egungo kontsumo-gomendioak berrikusi egin behar direla

CIC biomaGUNEk eta Biogipuzkoa OIIk saguetan egindako ikerketa baten arabera, baliteke edulkoratzaileak luzaroan hartzeak kalte egitea zenbait organoren funtzioari.Edulkoratzaile artifizialak asko erabiltzen dira azukre gutxiago hartzeko eta gorputz-pisua kontrolatzeko. Hasieran, uste zen substantzia horiek osasunarentzat onuragarri zirela, baina azken urteetan areagotu egin da kezka, epe luzera ez ote dituzten kontrako efektuak izaten zelulen eta organoen metabolismoan.

Edulkoratzaile ezagunenetako bat, aspartamoa, asko erabiltzen da gozokietan, light edarietan, opiletan, txikleetan, etab. Sakarosa baino 200 bider gozoagoa da, eta balio kaloriko txiki samarra du. Ikerketa askok aztertu dituzte aspartamoaren efektuak, baina, orain arte, ez genituen ezagutzen epe luzera metabolismoan eta jokabidean dauzkan efektuak.

Irati Aiestaran Zelaia ikertzaileak egin du ikerketa, CIC biomaGUNEko Jesús Ruiz-Cabello eta Biogipuzkoa OIIko Ian J. Holt Ikerbasque irakasleen gidaritzapean. Ikerketa horren bitartez, aspartamoa kontsumitzeak epe luzera dituen efektuak ebaluatu dira saguetan; horretarako, gizakientzat gomendatutako eguneko gehieneko ahorakinaren seiren baten dosi baliokidea eman zaie urtebetez.

Ikerketa-taldeak ikerketan ondorioztatu duenez, “hain zuzen ere, aspartamoak gantz-metakinak murrizten ditu saguetan (% 20), baina hipertrofia arin bat sortzen du bihotzean, eta errendimendu kognitiboa urritzen du”. Aurkikuntza horien arabera, “edulkoratzaile horrek pisua galtzen lagundu diezaieke saguei, baina aldaketa fisiopatologikoak eragiten dizkie bihotzean eta, beharbada, garunean”.

Oso dosi txikiak

Ikerketan, 7 mg-ko aspartamo-dosia erabili da egunean gorputz-pisuaren kg bakoitzeko, gizakietako baliokidetasun-unitatetan neurtuta. Diotenez, “Osasunaren Mundu Erakundeak eta EMA (European Medicines Agency) eta FDA (Food and Drug Administration, AEB) agentziek egunean gehienez 50 mg/kg-ko dosia gomendatzen dute. Ikerketako dosia haren oso azpitik dago, eta horrek agerian jartzen du zeinen garrantzitsuak diren ikerketaren emaitzak”. Ikerketaren arabera, edulkoratzaile artifizialak luzaroan kontsumitzeak kalte egin diezaioke organoen funtzioari, baita dosi txikitan ere, eta, beraz, gaur egungo kontsumo-gomendioak kritikoki berrikusi behar dira.

Ikerketa horren bitartez, urtebetean aspartamoa hartzeak dituen efektuak aztertu dira lehen aldiz. Haren emaitzak oso baliagarriak zaizkigu epe luzerako kontsumoaren ondorioei buruz dauzkagun ezagutza-hutsune nabarmenak betetzeko, eta informazio erabakigarria lortu dugu ohiko dieta baten bitartez kontsumi daitekeenetik eratorritako efektu kronikoei buruz. Izan ere, CIC biomaGUNEko eta Biogipuzkoa OIIko ikertzaileek adierazi dutenez, “ikusi ditugun efektuak ez ziren azaldu orain arte, segur aski ikerketaren zailtasunagatik eta iraupenagatik”.

Nabarmendu behar da emaitza horiek mota guztietako datu ugari dituztela oinarritzat —irudi funtzionala (erresonantzia magnetiko bidezko irudia), irudi molekularra (positroi-igorpenezko tomografia), garuneko eta gibeleko espektroskopia, proba kognitiboak, tenperatura, janari eta edari kantitatea…—). Datu horiek lagungarriak izan dira aspartamoak saguetan dituen efektuak argitzeko, eta baliagarriak izango dira ikerketa honen ondorioak sendotzeko eta zabaltzeko oinarri gisa.

Ikerketa hori ikerketa sail baten barruan kokatzen da. Ikertzaileen arabera, “sail horretako ikerketa guztietan ikusten ari garenez, elikagaien modulazioak organoen funtzioari eragiten dio, bai osasunean, bai eritasunean, eta, gure kasuan, aspartamoak saguen bihotzean eta garunean duen inpaktu fisiologikoa zehaztu nahi izan genuen, baita gantz-mailetan eta gorputz-pisuan dituen efektuak ere, beste azukre- eta edulkoratzaile-mota batzuekin konparatzeko”.

Partekatu

Beste berri batzuk