Atsegiñe plazaratu dugu, chip-pataten industriara bideratutako bi koloreko mamia duen patata barietate berria
NEIKER zentro teknologikoak patata mota berri bat erregistratu du, barietate tradizionalek baino % 30 antioxidatzaile gehiago duena, eta, sendotasun genetiko handikoa denez, nekazaritza-ekoizpen jasangarria bultzatzen duena
Frijitzeko egokia denez, eta bere kolorazio naturalaren egonkortasunari esker, industriak produktu desberdinduak lor ditzake gehigarririk erabili behar izan gabe
Atsegiñe barietatea (izenak izana dakar) gehitu zaio NEIKERen aktiboen katalogoari, zazpi urtez ikerketak eta landa-errendimenduko saiakuntzak egin ondotik
Azal morea eta mami purpura eta zuria. Ezaugarri horiek ditu atsegiñek, NEIKER zentro teknologikoak Barietate Komertzialen Erregistroan eta Europar Batasuneko Landare Barietateen Bulegoan inskribatu duen patata barietate berriak.
Mugarri hori zazpi urteko ikerketa-prozesu baten emaitza da; hautatutako gurasoak eskuz gurutzatuz hasi zen, eta landan zazpi urtez saiakuntzak eginez sendotu da. Desberdintasun, homogeneotasun eta egonkortasuneko proba ofizialak (DHE) gainditu direnez, berrikuntza hori ustiapen-lizentzien bidez iritsi ahal izango da merkatura.
Izapide ofizial horiek gainditu ondoren, atsegiñeren garapenak aukera ematen dio NEIKERi merkatu-bide berri batean posizionatzeko: poltsako koloretako chip-patatak. NEIKERek produktu desberdinduak eta ezaugarri agronomiko onekoak egiteko potentziala duen lehengai bat jartzen du frijituen industriaren eta hazi-ekoizleen eskura.
«Tuberkuluaren % 22,50 materia lehorra da, eta % 0,17 dira hondar-azukreak. Barietateak testura kurruskaria ziurtatzen du, eta tenperatura altuetan frijitzean iluntzea edo zapore mikatzak agertzea saihesten du”, adierazi du Nacho Ruiz de Galarreta NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak.
Bere industria- eta sukaldaritza-gaitasunengatik ez ezik, barietate berri hori nutrizio-profilagatik ere nabarmentzen da. Antozianinen kontzentrazio handia duenez, frijitu edo egosi ondoren kolore moreari eusten dio, eta atsegiñek barietate zuriek baino % 30 konposatu antioxidatzaile gehiago ditu.
«Antozianina horiek zelulen oxidazio eta zahartzearen aurkako eragina dute, eta, hala, oinarrizko elikagai bat elikadura osasungarriaren eskariei erantzuten dien baliabide funtzional bihurtzen da», azaldu du ikertzaileak.