AZTI-Tecnaliak Txinako Ingurumen Zientzien Akademiarekin lan egingo du itsasoan eta kostaldean prebentziorako programak eta ingurumena berreskuratzeko programak ezartzeko

Bizkaia

AZTI-Tecnaliak, itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, hitzarmena lortu du Txinako Ingurumen Zientzien Akademiarekin lankidetzan aritzeko, eta itsasoan eta kostaldean prebentziorako programen eta ingurumena berreskuratzeko programen I+G proiektuak garatzeko. Hitzarmen honekin beste behin erakusten da AZTI-Tecnaliak nazioarteko erreferentziako zentro teknologiko gisa duen garrantzia.

Txinako Ingurumen Zientzien Akademiako presidenteak eta akademia horren mende dauden zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetako ordezkariek AZTI-Tecnaliara egin duten bisitaldian lankidetza-hitzarmena sinatu dute bi erakundeen artean. Hitzarmen horri esker, Txinako gobernuak aurrerapauso bat egin du bizi duen garapen industrial azkarrak dakartzan ingurumen-eraginei irtenbideak bilatzeko. Hazkuntzak dituen eraginak arintzeko, ingurumena babesteko politiken esparru-programa bat garatu dute, eta programa hori ezartzeko fasean daude gaur egun. Fase horretarako, erreferentziako nazioarteko erakundeen lankidetza eta esperientziaren bila ari dira. Hitzarmenak etorkizunerako lankidetza-aukera berriak ireki ditzake Txinako ingurumen-ekonomian interesa duten euskal erakunde eta enpresentzat.

AZTI-Tecnaliak Txinako Ingurumen Zientzien Akademiari eta herrialdeko kostalde osoan dituen ikerketa-zentroei kostaldeko eta itsas inguruneko gaietan duen teknologia, tresnak, azterketa-metodoak eta ezagutza emango dizkie, herrialde haren garapen jasangarria lortzeko. AZTI-Tecnaliak Txinako gobernuko kudeatzaileekin lan egingo du erabaki egokienak hartzen laguntzeko eta hango kostaldeak eta itsasoak hobeto babestea lortzeko. Lankidetza bi esparrutan egingo da: kostako garapen jasangarrira aplikatutako ikerketa, eta itsasoaren portaeraren behaketa, analisia eta iragarpena. Halaber, langileen trebakuntza eta trukea egitea aztertu da, eta urtero Txinan hainbat mintegi egitea aurreikusi da.

AZTI-Tecnaliak eta Txinako Ingurumen Zientzien Akademiak egin nahi dituzten jardueren artean, itsasoko prozesuak denbora errealean monitorizatzeko sistemak ezartzeko asmoa dago. Datuak etengabe hartzea da helburua, itsasoaren eta estuarioen egungo eta etorkizuneko portaera aurresatea lortzeko, eta, hala, gizakien ekintzak itsasoan eta kostaldean duen inpaktua modurik egokienean kudeatzeko eta ebaluatzeko. AZTI-Tecnaliak dagoeneko badu esperientzia itsasoa monitorizatzen, Euskadiko eta Kanariar Uharteetako hainbat hondartzetan ezarri den Kostasystem proiektuari esker.

Itsas ingurunearen eta estuarioen ingurumen-segimendua eta -zaintza egiteko, uraren kalitatea, korronteak, itsasaldiak eta olatuak neurtzen dituzten tresnak ere erabiliko dira. Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko metodoak garatzea ere aurreikusi da, bereziki, giza jarduerei dagozkien inpaktuen kasuan; adibidez, kostaldean eraikitako obra zibilak eta itsas energiekin erlazionatutako azpiegiturak.

AZTIren Itsas Indize Biotikoa Txinan erabiltzea

Txinako itsas agintariak AZTI-Tecnaliak sortutako tresna bat era ofizialean erabiltzeko aukera aztertzen ari dira. Tresna horrekin, itsasoen eta estuarioen egoera ekologikoa eta kalitatea ebalua daitezke. Aztiren Itsas Indize Biotikoa da (AMBI: Azti’s Marine Biotic Index). Planeta osoko 6.000 espezie baino gehiagoren datuak dituen softwarea da, eta, ezaugarri horri esker, mundu osoan oihartzun eta erabilera handia izan du.

Partekatu

Beste berri batzuk