Bakteriofagoak, birus lagunak elikadura-segurtasunean
Elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak prebenitzeko birus antikterianoak erabiltzeko aukera ikertzen ari da AZTI ikerketa-zentroa. Abantaila handienetako bat da birus horiek bakteria-espezie edo -genero bati bakarrik eragiten diotela, eta ez direla kaltegarriak gainerako bakterio onuragarrientzat, ez animalientzat, ez landareentzat
Birus hitza entzuten dugunean gaixotasunak eta zorigaitzak burura etortzen zaizkigun arren, birusak ez dira beti etsaiak izaten. Adibidez, bakteriofagoak aliatu garrantzitsuak izan litezke gure osasuna zaintzeko
Bakteriofagoek edo fagoek bakterioak infektatzen dituzte, eta, beraz, erraza da ondorioztatzea zergatik pizten duten horrenbesteko interesa. Adibidez, antibiotikoek funtzionatzen ez dutenean infekzio bati aurre egiteko erabil ditzakegu, edo elikagaiak kutsatzen dituzten bakterioak desagerrarazteko eta elikadura-intoxikazioak saihesteko. Bigarren arlo horretan ari dira ikertzen, hain zuzen ere, BRTA aliantzaren AZTI ikerketa-zentroan. Elikagaien bidez hedatzen diren patogenoak kontrolatzeko tresnak garatzen dituzte. Eta, besteak beste, horretarako fagoekin ikertzen ari dira. Hain zuzen ere, elikagaien bidez transmititzen diren patogenoen aurkako irtenbide berriak ekar ditzaketelako, elikagaien segurtasunaren arloko fagoak ikertzea areagotu egin da azken urteotan.
Lehen urratsa fago interesgarriak aurkitzea da. Horretarako, infektatzen dituzten bakterioak hazten diren lekuetatik (ura, lurzorua, itsasoa, elikagaiak…) esploratzen eta laginak hartzen dituzte.
Fagoek oso ezaugarri berezia dute: oso espezifikoak dira. Hau da, bakterio jakin batzuk baino ez dituzte kutsatzen, eta ez diete kalterik eragiten gainerako bakterio guztiei. Berezitasun horrek oso interesgarri egiten ditu bakterioek sortzen dituzten gaixotasunen aurkako tresna biologiko gisa erabiltzeko, Amaia Lasagabaster Bilbao ikertzaileak azaldu duenez: “Fago bakoitzak espezie bakteriano bakar bat infektatu dezake, eta, asko jota, genero bakar bat. Eta hori da fagoen abantaila nagusia. Izan ere, fagoak erabiliz, arazo bat sortzen duen patogeno baten aurka egin dezakegu, baina elikagaietan, animalietan edo ingurumenean dauden beste bakterio onuragarri batzuei kalterik egin gabe».
AZTIko ikertzaileek hiru bakterio-generori erasotzen dieten fagoak ezaugarritzen eta aztertzen dituzte bereziki: Campylobacter, Vibrio eta Listeria. Izan ere, hiru genero horietako bakterioek eragin handia dute gure osasunean, eta kasu batzuetan arazo larriak eragin ditzakete.
«Campylobacter da gaur egun elikagaien toxoinfekziorik ohikoena Europan, eta ziurrenik munduan», azaldu du María Lavilla Martínek. «Bibrioa uretako bakterio garrantzitsuenetako bat da, eta ez digu soilik guri eragiten, baita akuikulturako arrainei ere, eta elikadura-kate osoan transmititzen da. Eta Listeria monocytogenes, oso ohikoa ez den arren, arriskutsuenetako bat da, heriotza eragin dezakeelako “.
Laborategian fagoak ugaritzen eta garbitzen dira, gaitzei aurre egingo dieten fago bildumak osatu ahal izateko. Genetikoki ere aztertzen dituzte, intereseko bakterioen aurka jarduten duten fagoekin bakarrik lan egiten ari direla ziurtatzeko.
Aurreikusten dute fagoetan oinarritutako estrategiak erabil daitezkeela nekazaritzako elikagaien kate osoan, bai lehen sektorean, bai elikagaiak prozesatzean, elikagaietan eta/edo elikagaiekin kontaktuan egon daitezkeen gainazaletan zuzenean aplikatuz. Azken helburua da arazoak sor ditzaketen patogenoak kontrolatzea eta kontsumitzen ditugun elikagaien segurtasuna bermatzea.
Bestalde, fagoetan oinarritutako estrategiak munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez daude araututa eta onartuta. Europan, oraindik ez. Hala ere, ikertzaileek gertu ikusten dute aukera hori. Izan ere, argi dute bakterioak infektatzen dituzten birusak erabiltzea oso interesgarria izan daitekeela osasun-arazo batzuei aurre egiteko.
«Guri gustatzen zaigu esatea fagoak birus onak direla, bakterioak soilik kutsatzen dituztelako eta animalientzat, landareentzat eta gizakientzat erabat kaltegabeak direlako», azpimarratu du Lasagabasterrek. «Fagoak erabiltzea etorkizuneko estrategia bat izango da bakterio problematiko askori aurre egiteko. Oso alternatiba indartsua izango dira, adibidez, antibiotikoekiko erresistentzien aurka borrokatzeko, edo elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunei aurre egiteko».