BCBL oroitzapenen garuneko arrastoari segika

Albisteak, Gipuzkoa

Euskal ikerketa zentroa 18 eta 45 urte bitarteko boluntarioen bila dabil gure oroimenean informazio berria finkatzeko gaitasuna aztertzeko

Proiektu honen bitartez, erresonantzia magnetikoa baliatuz, prozesuko une jakin batzuetan garuneko datuak bilduko dituzte, hala nola, zer edo zer ikusten dugun aurrenengo aldia edo oroitzapen bihurtu den zerbait

Parte hartu nahi duten pertsonek fuerzadememoria@bcbl.eu helbidera edo WhatsApp bidez 663 69 45 04 idatziz harremanetan jar daitezke

Zerbait lehendabiziko aldiz ikusten dugunetik oroitzapen bilakatzen den arte informazioa gure garunalde ezberdinak aktibatzen dituen prozesutik igarotzen da, ikusmen kortexetik hasi eta hipokanporaino, oroimenaren garun-area giltzarria.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikerketa proiektu berri honen erronka finkapen memoristikoa zein bere fase kritikoak aztertzea da. HIzkuntzaren neurozientzia kognitiboan berezituta dagoen euskal zentroa 18-45 adin tarteko boluntarioen bila dabil, informazio berriaz jabetu eta hau gordetzen duten bitartean haien garuneko jarduera monitoritzatzeko xedez.

Luzetarako azterlan hau baliatuz, hipokanpoaren konektibitate patroiak beste garunalde batzuekin identifikatu nahi dituzte, eragile ezberdinen arabera, hala nola, oroitzapenaren atzerapen tartea, oroimenaren intentsitatea eta ikasteko xedearen konplexutasun bisuala.

«Oroimena etengabeki ikertuagatik, ezagutzeke dago oraindik ere oroitzapenak finkatzea ahalbidetzen diguten garuneko mekanismo espezifikoak zeintzuk diren zehatz mehatz, zer edo zer lehen aldiz ikusten dugunetik hau gogoratzea lortzen dugun arte», azaldu du azterlanaren arduraduna den Abraham Sánchez BCBLko ikertzaileak.

Hau argitzeko xedez, erresonantzia magnetikoa erabiliz, oroimena finkatzeko prozesuko une kritikoak erregistratuko ditu ikerlanak: informazio berri bati lehenengo begiratua egitean edo, 24 ordu ondoren, jada oroitzapen bihurtu denean.

Jardunbide klinikorako garrantzizkoa

Bi fasetan banatuta egongo dira erresonantziako zereginak: ikaskuntza eta ezagutzea. «Pantailan bizitza errealean existitzen ez diren objektu berriak ikusi eta ikasi beharko dituzte. 10 minutuko atsedenaldiaren ondoren, berriz objektu berriak ikusi eta aurretik ikusi dituztenetz erantzun beharko dute, haien segurtasun-maila ere adieraziz», zehaztu du BCBLko ikertzaileak.

Ondorengo egunean, parte-hartzaileek zentrora itzuli beharko dute erresonantziako ataza berdina eta beste zenbait jokabide-ataza osagarri burutzeko, arreta-, oroimen- nahiz arrazoiketa-gaitasunak neurtzea helburu dutenak.

Kepa Paz-Alonsoren hitzetan, BCBLko ikertzaile eta azterlanaren zuzendaria, erregistratutako datu zerebralek praktika klinikoa bideratzeko parada emango dute, oroimenaren errendimenduan eragiten duten baldintza ezberdinen diagnostiko zein tratamenduan, hala nola, alzheimerra, parkinsona edo bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak. «Informazio bisual berriaren finkatze- eta ezagutze-prozesu osoan zehar jazotzen den aktibazio zerebralaren gaineko xehetasunei esker, ikerlanak komunitate zientifikoari gaitasun hauetan esku hartzen duten mekanismoen gainean ezagutza gehiago eskaini ahal izango dizkio», esanez amaitu du adituak.

Proiektuan parte hartzeko interesdunak fuerzadememoria@bcbl.eu helbide elektronikora edo WhatsApp bidez (+34) 663 69 45 04 zenbakira idatziz harremanetan jar daitezke. Parte-hartzearen truke ordainsaria jasotzeaz ez ezik, beren oroimen-gaitasunen inguruko informazio gehigarria ere jasoko dute partaideek.

Proiektua finantzatzeko, Estatuko Ikerketa Agentziaren (AEI) Langile Ikertzaileen Prestakuntzarako (FPI) diru-laguntzak  zein bikaintasun zentroentzako Severo Ochoa diru-laguntza baliatu dira, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak BCBLri emandakoa.

Partekatu

Beste berri batzuk