Beazek beste berrikuntza-erronka bat jarri du: NOLA HOBE DAITEKE ERREPIDEETAKO BIDE-MARREN IKUSPENA EURI-BALDINTZETAN ETA BALDINTZA METEOROLOGIKO TXARRETAN?
Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailarekin batera bultzatutako ekimenak errepideetako segurtasuna indartzeko irtenbide berritzaileak bilatzen ditu, eta 2026ko otsailera arte egongo da zabalik
Beazek berretsi egiten du berrikuntza ireki eta kolaboratiboaren aldeko apustua, lurraldeko ehun ekonomikoa dibertsifikatzeko eta hazteko motor gisa. Ildo horretan, erakundeak enpresa bultzatzaileen eta ekosistema ekintzailearen arteko lankidetza sustatzen jarraitzen du — startupek, ETEek, zentro teknologikoek eta unibertsitateek osatutakoa —, inpaktu handiko erronka estrategikoei erantzuteko helburuarekin.
Oraingo honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak dinamika horrekin bat egin du, eta bide-segurtasuna ardatz duen erronka bat abiarazi du: euria eta eguraldi txarra jasaten duten errepideetan bide-marren ikuspena hobetzea. Erronkak seinaleztapen horizontalaren irakurgarritasuna eta iraunkortasuna indartzea ahalbidetuko duten irtenbide berritzaileak garatzeko beharra planteatzen du, horrela zirkulazio seguruagoa lortzen lagunduz.
Erronkaren irismena aurkezteko eta zalantzak argitzeko, otsailaren 5ean online informazio-saio bat egingo da parte hartu nahi duten pertsona eta erakunde guztientzat. Topaketa honetan erronkaren alderdi teknikoak eta parte-hartze prozesua azalduko dira.
Deialdia 2026ko otsailaren 20ra arte egongo da zabalik eta informazio zehatza BIOK! -en webgunean kontsulta daiteke. Talde irabazleak proiektu pilotu bat garatzeko aukera izango du Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailarekin batera, bere proposamena benetako ingurune batean baliozkotuz eta lurraldeko bide-sareko segurtasuna hobetzen lagunduz.