Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentro bi instalatu dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

  • Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Basque Center for Materials Applications and Nanostructures, gainerako BERCak bezala, unibertsitateari lotutako bikaintasunezko ikerketa zentroak dira.
  • Euskadik bederatzi Bikaintasun zentro ditu egun eta hauetako hiru Teknologi Parkeetan kokatuta daude.
  • Achucarro zentroak punta-puntako teknologiadun mikroskopioa instalatu du, zeinarekin burmuineko zelulen eta ehunaren xehetasunak miatu baitaitezke denbora errealean, difrakzio-mugen azpitik.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketa Zentro berri bi ditu (BERC, Basque Excellence Research Centres): neurozientziara bideratua bata, eta material aurreratu edo adimendunetara bideratua bestea. Zentro horiek Ikerbasque Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) bultzadari esker sortu dira, dagozkion ezagutza-alorretan epe ertainean Europako erreferentzia-zentro bihurtzeko eta, epe luzera, munduko liderren artean kokatzeko asmoarekin.

Euskadirentzako interesgarriak diren esparruetan jakintza sortzeko egiturak dira. Nazioartean erreferentziazko ikerketa talde baten inguruan mugitzen dira, Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntza sisteman berria dena eta ikerketa arloan bikaintasunezkoa. Gaur egun bederatzi zentrok osatzen dute Euskadiko BERC sarea: Biofisica Bizkaia Fundazioa, Donostia International Physic Center Fundazioa, BC for Climate Change, BC for Applied Mathematics, Material Physics Center, Polymat – Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, BC on Cognition, Brain and Language (Donostiako Teknologi Parkean kokatua) eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako Achucarro eta BCMaterials.

BCMaterials Materialen eta Nanoegituren Zentroa 500 eraikinean kokatzen da eta material funtzionalen egitura eta propietateen arteko erlazioan jartzen du arreta. Izan ere, zientzia nahiz ingeniaritzaren eremu anitzetan aplikatzen den diziplinarteko alorra da hori eta, besteak beste, material adimendunak, nanomagnetismoa eta material aurreratuak biltzen ditu energian, sentsoreetan eta abarretan aplikatzeko. Pelikula finean eta nanoegituretan espezialista da zentroa eta Europako neutroi-instalazio eta sinkrotroi-erradiazioko instalazio handietan erabiltzen ditu horiek. BCMaterials zentroko zuzendari zientifikoa José Manuel Barandiarán da, UPV/EHUko Elektrizitate eta Elektronika Saileko katedradun Fisika Aplikatuan. 350 argitalpen zientifiko baino gehiago ditu, bost patente eta, horrez gain, hamar bat tesiren zuzendaria da.

Parkeko 205 eraikinean kokatzen den Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak burmuineko zelulen arteko elkarreragina aztertzen du, bereziki neurona eta glia[ii], bai burmuin osasuntsuan bai gaixoan. Horren helburua neuroendekapenezko gaixotasunei aurre egiteko terapien geroko garapenean laguntzea da. Bertako zuzendari zientifiko Carlos Matute Anatomia eta Neurobiologian katedraduna da UPV/EHUko Neurozientzia Sailean, 140 argitalpen eta 12 patente ditu eta hogei bat doktoretza-tesi zuzendu ditu. Zentroaren izendapenak Nicolás Achucarro (1880-1918) neurozientzialari bilbotarraren izena darama, burmuinaren eta horri loturiko gaixotasunen ikerketan aitzindaria izan zena. Santiago Ramón y Cajalen eta Alois Alzheimerren dizipulu eta lankidea izan zen Achucarro.

Bereizmen bikaineko mikroskopio fokukidea. Achucarro zentroak azken belaunaldiko mikroskopio fokukidea jarri berri du irudi-unitatean. Horri esker, burmuineko zelulen eta ehunaren xehetasunak miatu daitezke denbora errealean, difrakzio-mugen azpitik (50 nanometrora arte). “Zelulen barrualdea xehetasun eta bereizmen handiagorekin ikus daiteke; argazki-kamera baten gisa, irudia zehatz-argiago hautematen da”, azaldu du Matutek. Estatuko aparatu bakarra da konfigurazio horrekin eta ikerketa-komunitate osoaren eskura dago.

Achucarro eta BCMaterials BERC zentroekin, 12 dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean instalatutako ikerketa-zentroak eta 2.000 zientzialari inguruko ikerketa-komunitatea osatzen dute.


[ii] Glia – Zelula glialak, generikoki glia izenaz ezagunak, nerbio-sistemaren “ama-zelulak” dira eta neuronentzako euskarria. Era berean, glia eta neuronak elkarren artean komunikatzen direnez, burmuinaren funtzionamendu normala zehazten dute eta baita organo horri eragiten dioten gaixotasunen ondoriozko alterazioa ere.

Partekatu

Beste berri batzuk