Bioeskola BBK, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako ortu ekologikoa, martxan jarri da

Bizkaia

  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako ortuak, urtean produktu ekologikoez osaturiko 8.000 saski merkaturatuko dituela aurreikusten da.
  • Emaús Bilbaoren ekimena da, Gizarte Ekintzaren laguntza ekonomikoa duena eta buruko eritasuna izateagatik gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonei enplegu-aukera eskaintzen die, sasoiko elikagai ekologikoen kontsumoa sustatzen du aldi berean.
  • Teknologia eta Nekazaritza sailburuordeek, Estibaliz Hernáezek eta Bittor Orozek, hurrenez hurren, Nekazaritza sailburu Irene Pardorekin eta proiektuko arduradunekin batera gaur goizean bisitatu dute berriki jardunean hasitako nekazaritza-ustiapena.

Nekazaritza-ustiapena abiaraziz ekin dio Bioeskola BBK proiektuak bere ibilbideari. Aurreneko labore ekologikoak jarri dira jada eta Zamudioko Ospitaleko 10 pertsona ari dira lanean. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Emaús Bilbaori lagatako lursailetan dago ortua eta BBK Gizarte Ekintzak emandako 370.000 eurorekin egokitu da. Gainera, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak, Zamudioko Udalak eta Innobasquek kolaboratzen dute proiektuan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza sailburu Irene Pardo eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Nekazaritza sailburuak, Estibaliz Hernáez eta Bittor Oroz, hurrenez hurren, Zamudioko alkatearekin eta Emaús Bilbaoko, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko, Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko eta Innobasqueko ordezkariarekin batera joan dira gaur goizean, Parkeak Zamudioko Arteaga auzoan dituen lursailetan, egin den aurkezpenera.

Ekimenean parte hartzen duten erakunde guztiek bat egin dute proiektuaren garrantzia nabarmentzerakoan, bai berrikuntza sozialari bai nekazaritza ekologikoaren alorrari dagokienez.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako sailburuordeek azpimarratu dute Bizkaiko Teknologia Parkeak, Zamudioko Ospitalearekin eta inguruko beste eragile batzuekin elkarlanean, gizarteratzearen eta lan-munduratzearen alde egindako apustu sendoa. 2008an abiarazitako Innovalan ekimenaren barruan egindako apustu horren ondorioz sortu da ortuaren proiektua, zeinak balio erantsia ere baitu. Izan ere, ustiapen ekologiko horretan Parkeko zentro teknologikoak lankidetzan arituko dira eta Parkeko langileen artean merkaturatuko dira produktuak.

Bestalde, BBK Gizarte Ekintzako Proiektuen arduraduna den Leire Aragónek gogorarazi duenez, BBK Gizarte Ekintzak parte hartzen duen hainbat esparru bateratzen dituen proiektua da Bioeskola: gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonen integrazio sozio-laborala, lehen sektorearen indartzea, garapen iraunkorraren arloko prestakuntza eta sensibilizazioa, eta hau guztia ikuspuntu berritzaile batetik egina.

Emaús Bilbaoko arduradunak, José Gómezek, nabarmendu du ekimen sozialeko kooperatibak gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko Euskadin gauzatzen duen lana, ekonomia sozialaren eta solidarioaren baloreak lehenesten dituzten ekintzen bidez. Gómezek baieztatu duenez, Zamudioko Arteaga auzoko lursailetan hazitako produktu ekologikoez osaturiko 8.000 saski merkaturatuko ditu urtero Bioeskola BBK-k.

Egindako bisitan, proiektua babesten duten erakundeetako autoritate eta ordezkariek egiaztatu ahal izan dute ustiapenean instalatutako sei negutegietan lehenengo landareak azaleratzen hasi direla. Hasiera batean 3.000 letxuga, 400 espinaka, 600 leka, 300 tomate-mulu eta 400 ilar-orpo landatu dira. Ondoren, sasoiko beste produktu batzuk ereingo dira: piperrak, marrubiak, alberjiniak, tipulak, artoa…

Halaber, zuzenean ezagutu ahal izan dituzte lursailaren funtzionamendu iraunkorra eta urte osorako aurreikusitako nekazaritza-planifikazioa.

Sasoiko saskia

Bioeskola BBKren helburua produktu ekologikoez osaturiko saskiak merkaturatzea da. Sasoiaren arabera ezberdinak izango dira saskiok eta, batzuetan, ortuko instalazioetan poteratutako produktuak ere jasoko dituzte. Planifikatutakoaren arabera, lursailak urtean 8.000 saski egiteko aukera emango du, zeinak irailetik aurrera merkaturatuko baitira Bizkaiko Teknologia Parkean.

Modu ekologiko, iraunkor eta arduratsuan kontsumitzeko sistema izaki, ekimenak ikusmin handia eragin du Teknologia Parkeko enpresetako langileengan eta hori guztia kontuan hartuta egin da aurreikuspena. Saskia eskuratzeko interesa duten pertsonen 125 inkesta jaso ditu Emaúsek. Halaber, produktu osasuntsuak kontsumitzea nahiz Bioeskola BBK proiektua babestea izan dira pertsona horien motibazio nagusiak.

Inkestaren arabera, entsaladak egiteko osagaiak, tomatea, piperra, kuiatxoa, brokolia, azalorea, zerbak, ilarrak eta marrubiak dira produkturik eskatuenak.

Produktu sorta arrautza freskoez hornitzeko helburuarekin, bigarren fase batean oilategi bat jarriko da. Izan ere, erosteko interesa adierazi dutenen artean, produkturik eskatuenetako bat ere bada arrautza. Tokiko ekoizle txikien bestelako elikagaiekin osatuko da saskia, besteren artean, frutarekin.

Esperientzia positiboa

Euren laneratze-aukerak hobe daitezen, buruko eritasuna duten pertsonak gaitzea da proiektuaren helburua eta aurreneko emaitzak positiboak izan dira. Bioeskola BBKn jada lanean diharduten bederatzi pertsonak «bikain egokitu dira lanera», ustiapeneko arduradunen hitzetan. Nekazaritzarekin aldez aurretik harremanik izan ez badute ere, lehenengo parte-hartzaileak «oso motibaturik daude». Ortua zaintzean ez ezik, lan aurreko prestakuntza jasotzean ere datza euren eguneroko zeregina, geroago, lehenengo sektorean lana aurkitu ahal izateko.

Nekazaritza ekologiko inklusiboa

Integrazioa, nekazaritza-jarduera, ustiapen ekologikoa eta berrikuntza soziala uztartzen dituen ekimena martxan jartzeko asmoarekin, Emaús Bilbao Gizarte Ekimeneko Sozietate Kooperatiboak bultzatu du Bioeskola BBK proiektua ondokoen lankidetzarekin: BBK Gizarte Ekintza, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Zamudioko Udala eta Innobasque.

12 hektareako nekazaritza-ustiapena da eta bertan bai lana bai lan-munduratzeko prestakuntza ematen zaie buruko eritasuna izateagatik lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei. Ortutik lortzen diren produktuak Parkean bertan merkaturatuko dira.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen jabetzako lursailetan kokatzen da Bioeskola BBK, Zamudioko Arteaga auzoan. BBK Gizarte Ekintzak egin duen 370.000 euroko hasierako ekarpenari esker, ekipamenduak eraiki ahal izan dira, bai eta lursailak urbanizatu, materialak erosi eta negutegiak nahiz lanerako guneak eraiki ere. Proiektuak prestakuntza-ikasgela bat ere jasotzen du, Bizkaiko ikastetxeak ekoizpen mota horren gainean sentiberatzeko helburuarekin.

Partekatu

Beste berri batzuk