CIC bioGUNEk Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko (EMN) instalazio berria aurkeztu du

Albisteak, Bizkaia

Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (EMN) era askotako aplikazioekin, kimikatik eta materialen zientziatik hasi eta biomedikuntzaraino, propietate molekularrak aztertzea ahalbidetzen duen teknika moldakorra da

1 GHz-eko ekipoa eskuratzearekin, CIC bioGUNEren EMN instalazioa Europa hegoaldeko garrantzitsuenetakoa bihurtuko da, medikuntza pertsonalizatuan eta doitasunezko medikuntzan ikerketen buru izateko duen gaitasuna nabarmenduz

BioGUNE Ikerketa Zentroak (CIC bioGUNE) –Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea– Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko (EMN) instalazio berria aurkeztu du.

Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derioko Campusean dagoen zentroaren hemeretzigarren urteurrenarekin bat etorriz ospatu den ekitaldian José María Mato CIC bioGUNEko zuzendari nagusiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu dute parte.

Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (EMN) molekulen propietateak modu xehean eta zehatzean aztertzea ahalbidetzen duen teknika aurreratu eta moldakorra da. Teknika horrek era askotako aplikazioak ditu, besteak beste, kimika, materialen zientzia, elikagaien zientzia, bioteknologia eta biomedikuntza, baita farmako berrien diseinua eta egoera patologikoekin erlaziona daitezkeen biomarkatzaileen bilaketa ere. Esparru horretakoak dira Estatuko Instalazio Zientifiko Tekniko Berezi (ICTS) gisa ziurtatuta dagoen CIC bioGUNEren EMN instalazioan egiten diren ikerketak.

1 GHz-eko espektrometroa eskuratu izanak, medikuntza pertsonalizatura eta doitasunezko medikuntzara bideratutako EMNko ikerketaren abangoardian jartzen du CIC bioGUNE. Tresna horrek, zentroan dauden gainerakoekin batera, modu esanguratsuan lagunduko du, maila gorenean, egiten diren ikerketak garatzen, farmako berriak diseinatzeko, gaixotasun arraroak diagnostikatzeko biomarkatzaileak bilatzeko, jaioberrietan zein helduetan, gaixotasun garrantzitsuenak diagnostikatzeko, hala nola minbizia, gibeleko gaixotasunak eta infekzio bakterianoak eta birikoak, eta zahartze-prozesuaren karakterizazio xehatua eta hainbat patologiaren pronostikoa egiten. Ikerketa horiek BRTAko eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile eta erakunde publiko zein pribatu askorekin lankidetzan egiten dira.

Duela 17 urte hasi zenetik, CIC bioGUNEren EMN instalazioak etengabeko bilakaera izan du, ikertzaileen eskutik nazioarteko erreferentzia bihurtuz eta espezializazio-maila handiko gaitasunak eta zerbitzuak eskainiz. Hasieran bi espektrometro zituen (800 MHz eta 600 MHz), eta gaur egun hainbat potentziako 7 aparatu ditu, 80 MHz-eko mahai gaineko tresna batetik hasi eta azken mugarriraino, 1 GHz-eko ekipoa.

Ekipo berria abian jartzea hauen laguntza ekonomikoari esker lortu da:

  • Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila): AZPITEK programa (zk.: PZ-2023/00006 – IMANBG zk.: PZ-2022/00001 – NMRBG), EMAITEK PLUS 2022 (MA-2022/00002) eta zuzeneko dirulaguntza (2022/01409 A/20220570).
  • Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa eta Estatuko Ikerketa Agentzia: CEX2021-01136-S laguntza (Severo Ochoa Bikaintasun Zentroaren Egiaztapena), MICIN/AEI/10.13039/501100011033k finantzatua.
  • Bizkaiko Foru Aldundia: Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) finantzatu du, 2023ko Transferentzia Teknologikoaren programaren barruan (espediente-zenbakia: 6/12/TI/2023/00001 – oso eremu altuko 1 GHz-ko erresonantzia magnetiko nuklearreko espektrometrorako baterako imana).

Partekatu

Beste berri batzuk