CIC biomaGUNEk 20 urte bete ditu biomaterialen ikerketaren abangoardian
Euskal ikerketa-zentroak, zeinak nazioarteko aitorpena baitu, hogeigarren urteurrena ospatu du gaur, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako zuzendaria, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Donostiako alkatea bertan direla
CIC biomaGUNEko ordezkariek nabarmendu dute zentroak nazioarteko talentua erakartzeko eta puntako ezagutza soluzio bihurtzeko gaitasuna duela, osasunaren arloko gaur egungo erronkei erantzuteko
CIC biomaGUNEk 20. urteurrena ospatu du Donostiako Miramar jauregian, Jon Insausti Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Maialen Agirre Pinedo Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako zuzendaria eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa bertan direla. Ekitaldian, CIC biomaGUNE bere arloko erreferentziazko zentro gisa sendotu izanak sortzen duen harrotasuna elkarrekin ospatzeko aukera izan dute. Baina, horrez gain, ikerketa-zentroak eta zientziak oro har etorkizunean izango dituzten erronkei buruz hausnartzeko gonbidapena ere izan da.
Irekiera-ekitaldian, José M. Mato doktoreak, CIC biomaGUNEko zuzendari nagusiak, honako hau adierazi du: «Bi hamarkada hauetan, CIC biomaGUNE nazioartean aitortutako bikaintasun zientifikoko zentro bihurtu da. Ikertzaile nabarmenak erakarri ditu, ekarpen zientifiko garrantzitsuak egin ditu, ikerketarako aparteko azpiegiturak garatu ditu, eta biomaterialen, nanoteknologiaren eta irudi molekularraren arloko erreferente gisa sendotu da».
Hogei urte hauetan, zentroko komunitate zientifikoak 2.000 ikerketa-artikulu baino gehiago argitaratu ditu eragin handiko aldizkarietan; 125 doktorego-tesi egin dira, eta gaur egun beste 87 tesi daude martxan. Era berean, CIC biomaGUNEk 40 patente eskatu ditu, eta 5 spin-off enpresa sortzen parte hartu du: MD-Renal, Asparia Glycomics, Hylezitek, Taldeki eta Onkoreplica. Zentroak urtean 160 proiektutan lan egiten du batez beste; horien artean, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) 13 dirulaguntza ospetsu nabarmendu behar dira.
«Baina, agian —gaineratu du Matok—, gure lorpenik handiena ezin da neurtu argitalpenen, aipamenen, patenteen edo aitortza zientifikoaren bidez soilik. Lorpenik handiena da nortasun propioa duen erakunde bat eraiki dugula, bikaintasun zientifikoan, askatasun intelektualean eta lankidetzan oinarritutako kultura duen erakunde bat, eta, batez ere, zientzialarien belaunaldi berriak erakartzeko eta prestatzeko gaitasuna duen erakunde bat».
Aitziber L. Cortajarena doktoreak, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak, azpimarratu du lorpen horien guztien atzean CIC biomaGUNEtik igaro diren eta gaur egun zentroan lan egiten duten pertsonen lana dagoela: «Mundu osoko talentua da, elkarlanean diharduena biomaterialen arloan puntako ezagutza sortzeko eta ezagutza hori osasunaren arloko gaur egungo erronkei erantzuteko soluzio bihurtzeko».
Hedapena
«Ikerketa-zentroak sortu zenetik sendotu den arte igaro dituen etapa guztiak, hazkundea, nazioartekotzea eta CIC biomaGUNEk duen azpiegitura zientifiko handia» nabarmendu ditu Cortajarenak. Oinarrizko ikerketaren arloan nazioarteko erreferente gisa sendotu ondoren, zentroak beste aurrerapauso bat eman du «bikaintasuneko zientzia hori indartzeko eta, ezagutzaren transferentziaren bidez, gizartean eragina izatea lortzeko. Gure ikerketa eremu klinikora eramatea eta osasunaren arloko erronka handiei soluzio terapeutikoak eta diagnostikoak ematea da asmoa, baita enpresa berriak sortzea ere».
Ikerbasqueko irakasleak zentroaren estrategia zientifikoa azaldu du: «Programa gero eta diziplinartekoagoak eta integralagoak ditugu nanomaterial biofuntzionalen, bioingeniaritza sintetikoaren eta irudi molekular eta funtzionalaren inguruan egituratuta». Izan ere, Donostiako ikerketa-zentroak hedapen-plan bat jarri du abian, «laborategi eta ekipamendu berriekin, eta konputazioaren, adimen artifizialaren eta automatizazioaren arloko gaitasun berriekin, aurkikuntzak eta horien transferentzia bizkortu ahal izateko».