CIC biomaGUNEk nazioarteko talentua erakartzeko programa anbiziotsu bat jarri du abian

Albisteak, Gipuzkoa

BREATH programa Europako funtsekin kofinantzatuta dago, eta helburu du doktoratu ondoko 12 ikertzaile erakartzea gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko soluzio aurreratuak garatzeko

CIC biomaGUNE izango da biomaterialen arloko puntako ikerketa Euskadiko industria- eta osasun-sarera hurbilduko duen programaren liderra

CIC biomaGUNEk doktoratu ondoko programa aitzindari bat jarri du abian, BREATH, 24 hilabetez 12 ikertzaile nazioartean oso lehiakorra den prestakuntza-programa baten bidez prestatzeko helburuarekin. BREATHek harremanak estutu nahi ditu biomaterialen arloko abangoardiako ikerketaren eta soluzio biosanitario aurreratuen artean. Horretarako, etorkizuneko ikertzaileei aukera ematen die beren aurrerapenak sektore biosanitarioaren berrikuntzan aplikatzeko, minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak, neurodegeneratiboak eta beste zenbait gaixotasun diagnostikatzeko edo tratatzeko soluzio aurreratuak garatuz.

BREATH proiektua (Boosting Future Researchers in Biomaterials for Advanced Health Solutions) Europar Batasuneko Horizon Europe programak kofinantzatzen du, Marie Skłodowska-Curie (MSCA) ekintzen COFUND esparruan. Programa CIC biomaGUNEk diseinatu du bereziki, “mundu osoko talentu handiko ikertzaile gazteak erakartzeko, baldin eta beren ibilbidea osasun-soluzio aurreratuen berrikuntzari aplikatutako biomaterialen mugako ikerketan garatu nahi badute”, adierazi du Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasle eta CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak.

Talentua erakartzea

BREATH programak talentua erakartzeko bi deialdi aurreikusten ditu. Lehenbiziko deialdia duela gutxi argitaratu dute, eta hiru hilabetez egongo da zabalik. Bertan, doktoratu osteko lehenengo sei ikertzaileak hautatuko dira. Hautagaiek CIC biomaGUNEren estrategia zientifikoarekin bat datorren proposamen zientifiko bat aurkeztu beharko dute. Bigarren deialdia 2026ko azarorako dago aurreikusita.

Doktoratu ondoko programak aukera ematen du hainbat gaixotasunen tratamenduari edo diagnostikoari aplikatutako biomaterialen arloko proiektuak ikertzeko eta garatzeko; hau da, lan egin ahal izango dute “CIC biomaGUNEn egunero aurre egiten zaien hainbat erronkatan, hala nola nanoegitura eta biomaterial funtzionalak diseinatzen eta horiek prozesu biologikoak ulertzeko eta terapia berriak garatzeko tresna gisa erabiltzeko ikerketetan”, nazioartean izen handia duten CIC biomaGUNEko ikertzaileen zuzendaritzapean. Gainera, “programak sektorearteko, diziplinarteko eta nazioarteko prestakuntza sustatu nahi du, eta bekadunen etorkizun profesionalak bultzatu”, erantsi du BREATH proiektuaren kudeatzaile Aitor Marcosek.

Partekatu

Beste berri batzuk