CIC biomaGUNEren urre-nanopartikulakVERSACEren ekimen baten protagonista

Albisteak, Gipuzkoa

Moda-enpresa ezagunak nanoeskalako urre-partikulen edertasun ezkutua esploratzera gonbidatzen du

VERSACEk komisario-lanak egin ditu Luis Liz Marzán Ikerbasque irakasleak Vigoko eta Anberesko unibertsitateekin lankidetzan lortutako irudi esperimentalak erabiliz

Urre-nanopartikulen berezko edertasunak liluratu du VERSACE moda-enpresa. Hain zuzen, metal horren kolore sakona hasieratik izan da luxuzko markaren bereizgarria. VERSACEk, sare sozialetan argitaratu duen proiektu editorial batean, gonbidatzen gaitu edertasunaren kontzeptuari buruzko gogoeta egitera, zenbait eskalatan, forma ez oso konbentzionaletan eta ustekabeko lekuetan, eta aldarrikatzen du ikusleen arretatik kanpo dagoen ezkutuko edertasuna izaten dutela sarritan irudi zientifikoek. Proiektu hau “ustekabeko kolaboratzaileak dituen serie esperimental” gisa aurkeztu da, eta edertasun ezkutuaren eta serendipiaren esplorazio gisa sortu da.

VERSACEk urre-nanopartikulen irudi batzuk argitaratu ditu; hain zuzen, Luis Liz Marzán Ikerbasque irakasleak CIC biomaGUNEn eta Vigoko Unibertsitatean zuzentzen dituen laborategietan sintetizatutako nanopartikulen irudiak. Proiektuaren ardatza urrearen edertasunaren beste alde bat erakusten duen irudi-multzo bat da. Irudi horiek mikroskopia elektronikoaren bidez hartu dira aipatutako erakundeetan eta Anberesko Unibertsitateko (Belgika) Sara Bals irakaslearen laborategian.

Laura Tripaldi, komunikatzaile zientifikoa eta Materialen Zientzian eta Nanoteknologian doktorea, da modaren munduaren eta nanozientziaren arteko lotura hori posible egin duena. Tripaldik urre-koloideen (likido batean barreiatutako urre-nanopartikulak) historiari eta propietateei buruzko artikulu bat idatzi du, zeinak argia ikusi baitu VERSACEk komisariotutako eta argitaratutako sormen-proiektu honetan. Bilaketa horretan, Tripaldik Europako EUSMI proiektuaren webgunean topatu zituen CIC biomaGUNEren irudiak. EUSMI partzuergo bat da, materia biguna ikertzen duten Europako zenbait instalazio biltzen dituena.

Aplikazio biomedikoko urre-nanopartikulen edertasuna

Urre-nanopartikulak zenbait milaka atomoz osatuta daude, eta tamaina nanometrikoa dute (nanometro bat milimetro baten milioirena da). Versaceren ekimenean azaltzen duten bezala, materialen propietateak aldatu egiten dira tamainaren arabera, makroeskalatik nanoeskalara pasatzean. Tripaldik eransten duenez, gainera, “materialaren kolorea aldatu egiten da hura osatzen duten partikulen tamainaren eta formaren arabera, nahiz eta substantzia bera izan beti”.

 “Urre-nanopartikula baten osagaiak bere egitura kristalinoko urre-atomoak dira; beharrezkoa da egituraren gainazalean molekulak atxikita egotea, era horretan likido batean barreiatuta egon ahal izateko, eta, horrela, koloide bat osatu ahal izateko”, azaldu du Luis Liz Marzán irakasleak, zeina aitzindaria baita urre- eta zilar-nanopartikulak fabrikatzeko eta haien gainazalak aldatzeko metodoak garatzen, era horretan haien aplikazio-aukerak handitzeko.

Liz Marzánek nanopartikula-mota askoren hazkunde-diseinuak lantzen ditu, forma-sorta zabalekoak: izar, hagaxka, triangelu, esfera, torloju, kubo, oktaedro, dekaedro, hezur, bipiramide, alanbre eta abar. Haren argitalpenek ospe handia lortu dute mundu mailan, edukiaren garrantzia dela eta. Hain zuzen, irakasleak azaldu duenez, “nanopartikulen geometria manipulatuz, nahierara alda daitezke haien propietate optiko plasmonikoak. Argiaren eta partikula horien arteko interakzioa ez da argiak neurri handiagoko metalekin egiten duena bezalakoa: nanopartikula metalikoaren metalaren, tamainaren eta geometriaren arabera, argiaren kolore jakin batek oszilazio bat eragiten du elektroietan, eta, beraz, argi ikusgaiaren maiztasun espezifiko bat xurgatzen du.

VERSACEk nabarmentzen du urrearen edertasun aldakorra eskalaren mendekoa dela; hala, sakonago begiratzearekin batera, ezusteko alderdiak agertzen dira. Liz Marzán irakasleak, horrez gainera, nanopartikula horien garrantzi handia nabarmentzen du. Forma harrigarriro erregularrak dituzte, tamaina uniformea dute eta itxura guztiz geometrikoa, patroi erregular ederretan jartzen baitira berez. Hala dio: “Aplikazioak dituzte osasunaren arlo askotan, hala nola bakterioen arteko komunikazioan, tumore-sistemetan eta abarretan parte hartzen duten metabolitoen detekzio espezifiko eta oso sentikorrean; zelulen banaketaren detekzio zehatzean, hiru dimentsioko sistema batean, tumore-zelulak zelula osasuntsuetatik bereizteko; eta nanomedikuntzarako bioirudi-aplikazioetan”.

Liz Marzánek “urreak nanomunduan duen xarma” manipulatzen jarraitzen du; “izan ere, ezusteko ateak irekiko dizkigu metodo terapeutiko eraginkorragoak diseinatzeko eta hain desiratua den medikuntza pertsonalizatua lortzeko”. VERSACEk “sakonago begiratzeko” gonbitea egiten du, eta gogorarazten du “azalaren azpian edertasun ezkutua eta sakoneko esanahia duen mundu bat egon ohi dela”.

Partekatu

Beste berri batzuk