CIC energiGUNE, ura eta silizioa bakarrik erabiliz elektrizitatea sortzea lortu duen proiektuaren protagonista
Garatutako teknologia siliziozko nanoporo hidrofobikoetan ura sartzera behartzean eta behin eta berriro irtetea eragitean datza. Horrela, elektrizitate estatikoarekin sortzen diren txinparten antzeko karga elektrikoak lortzen dira
CIC energiGUNEko energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, aktore nabarmena izan da ura eta silizioa bakarrik erabiliz energia mekanikoa elektrizitate bihurtzeko prozesuaren aurkikuntza berrian. Europako ikerketa-talde batek ezagutarazi du, Elsevierren Nano Energy aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batean. Ikerketa-talde horretan Sinkrotroi Elektronikoko Alemaniako Zentroko (DESY), Hanburgoko Unibertsitate Teknologikoko (TUHH), Ferrarako Unibertsitateko (Italia), Silesiako Unibertsitateko (Polonia) eta Rigako Unibertsitate Teknikoko (Letonia) zientzialariek hartzen dute parte.
“Silizio nanoporosoa urarekin konbinatzeak material exotikoetara jo gabe energia-iturri eraginkor eta erreproduzigarrira iristeko aukera ematen du, erdieroalerik ugariena den silizioa eta ura bezalako ohiko baliabideak bakarrik erabiliz”, nabarmendu du Luis Bartolome CIC energiGUNEko ikertzaile eta argitalpen honen lehen egileak.
Aurkikuntza honen jatorria CIC energiGUNEk koordinatzen duen ELECTRO-INTRUSION proiektu europarraren barruan garatutako lanean dago. Proiektu horren helburua ingurumeneko beroa eta hainbat sistemak sortutako bibrazioak berreskuratzea da, hala nola autoen motelgailuek, adibidez, elektrizitate erabilgarri bihurtzeko.
“2021ean abian jarri zenetik ELECTRO-INTRUSIONen egindako lanari esker, hain sinplea eta aldi berean indartsua den lorpen horretara heldu ahal izan da, nanotriboelektrizitatearen inguruan zeuden ezagutzazko hutsune batzuei argia emanez”, ziurtatu du Yaroslav Grosuk, proiektuaren buru eta CIC energiGUNEko Fenomeno Interfazialen, Koloideen eta Medio Porotsuen taldeko arduradunak.
Nano Energy aldizkarian argitaratutako artikuluan aurkeztutako teknologiak Intrusion-Extrusion Triboelectric Nanogenerator (IE-TENG) du izena, eta presioa erabiltzen du poro nanometrikoen bidez uraren sarrera eta irteera behin eta berriro behartzeko. Prozesu horretan, karga sortzen da solidoaren eta likidoaren arteko interfazean.