CIC energiGUNEk antolatutako TEDS25 goi-bileran ikusi denez, biltegiratze termikoa funtsezkoa da tenperatura handiko prozesu industrialen deskarbonizaziorako

Europa osoko erakundeetako arduradunak, industriako profesionalak eta ideien sortzaileak Gasteizen bildu dituen “Thermal Energy Decarbonization Summit 2025 – TEDS25” ekitaldiaren ondorioek atea irekitzen diote industria enpresen, edozein tamainatakoak direla ere, deskarbonizaziorako benetako agertokiari, ekonomia zirkularreko irizpideetan eta beroaren elektrifikazioarekin eta energia berriztagarriekin lotutako tekniketan oinarrituta
Jardunaldian aurkeztutako kasu praktiko eta arrakastatsuen artean, CIC energiGUNE buru duen LIFE HI4S proiektu europarraren esparruan Sestaoko ArcelorMittalen instalatutako planta pilotu berritzailea nabarmendu da. Proiektu horrek beroaren eta elektrizitatearen ekoizpena konbinatzen ditu hondar-beroa zuzenean berreskuratzeko sistema baten bidez, eta 17.000 etxeren kontsumoaren energia baliokidea aurreztea ahalbidetzen du
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, amaitutzat eman du tenperatura handiko prozesu industrialen deskarbonizazioari buruzko TEDS25 goi-bilera, kontzeptu berritzaileetan oinarritutako alternatibei bultzada handia emanez, hala nola hondar-beroaren berreskurapenari, beroaren elektrifikazioari, eguzki-energia termikoaren garapenari edo energia termikoaren kalitatearen hobekuntzari.
Ekitaldiak industriako profesionalak, ideien sortzaileak eta erakundeetako arduradunak bildu ditu Gasteizen, tenperatura handiko prozesu industrialen deskarbonizazioa modu eraginkorrean bultzatuko duten soluzio berritzaileei buruz eztabaidatzeko. Jardunaldian aditu nabarmenen hitzaldiak izan dira, hala nola Andreas Hauer eta Marina Garciarenak, eta energia-biltegiratze eta -eraginkortasuneko soluzio berrien potentziala erakusten duen erakusle teknologiko berritzailea bisitatu zen.
Jardunaldi osoan, TEDS25era bertaratutakoek, lehen mailako aurkezpenez, mahai-inguruez eta poster saioez gozatzeko aukera izan dute, balio kate osoa, politiken definiziotik negozio aukera berrietaraino, barne hartze duten adituak bertan zirela. Guztiek tenperatura ertain eta altuko prozesu industrialen deskarbonizazio prozesurako hedapen agertokia zehazten lagundu dute, negozio aukera berriei ateak irekiz, jatorri berriztagarriko erregai alternatiboei, besteak beste.
Zehazki, ekitaldiak teknologia aurreratuen garrantzia nabarmendu du, hala nola biltegiratze termikoa, bero ponpak eta eguzki energiaren erabilera, deskarbonizazio helburuak lortzeko. Horrela, Paul Kenny EHPAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “prozesuko bero eskariaren % 62 dagoeneko eskuragarri dauden bero ponpekin elektrifikatu liteke”.
Erakunde publikoetako ordezkariek ere hartu zuten parte goi-bileran, eta erregulazioak eta pizgarriek teknologia garbiak bultzatzeko duten zeregina nabarmendu zuten.
Hala, Cristina Oyón SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendariak gogorarazi zuenez, “Jaurlaritzaren eta eskualdean jarduten duten energia enpresa nagusien arteko lankidetza eta konpromisoa funtsezkoa da energia-trantsizioa bizkortzeko eta industria eredu jasangarriagoa sustatzeko”.
Ekitaldiaren unerik nabarmenetako bat ArcelorMittalen dagoen eta CIC energiGUNEk koordinatzen duen LIFE HI4S proiektuaren erakusle teknologikora egindako bisita izan zen. Bertaratutakoek bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten biltegiratze termikoak nola hobetu dezakeen prozesu industrialen eraginkortasuna eta jasangarritasuna.
“Horrelako soluzioek, emisioak murrizteaz gain, energiaren kontsumoa optimizatzen dute, eta urtean 60 GWh aurreztea ahalbidetzen dute, 17.000 etxe baino gehiagoren kontsumoaren baliokidea, alegia”, azaldu zuen Daniel Bielsa CIC energiGUNEko Teknologia koordinatzaileak.
Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek industriaren deskarbonizazioan aurrera egiteko soluzio berritzaileak eta lankidetza estrategikoak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. “Horrelako ekitaldiek erakusten dute energia-trantsizioa industria eraldatzeko aukera dela, ikerketa zentroen eta industriaren arteko lankidetzaren bidez, mundu deskarbonizatuan lehiakortasuna bermatuz”, amaitu zuen Beatriz Corralek, CIC energiGUNEko Merkatu eta Bezeroen arduradunak.
Bestalde, CIC energiGUNEk kongresuan parte hartu dutenen artean industria arloko enpresen presentzia esanguratsua nabarmendu nahi izan du. Horrek deskarbonizazioa errazten duten teknologia berriekiko dagoen interesa erakusten du. “TEDS25, enpresek eskuragarri dauden tresna eraginkorrenak ezagutu ahal izateko eta soluzioen hornitzaileekin harremanak ezartzeko topagunea izatea lortu dugu, eta, beraz, TEDS25en edizio hau arrakastatsutzat jo dezakegu”, adierazi dute CIC energiGUNEtik.