CIC energiGUNEk aurrera egin du egoera solidoko baterien fabrikazioan, 3D inprimaketaren bidez

Albisteak, Araba

Energiaren biltegiratzean erreferentziazkoa den euskal zentroak 3DSTORE proiektuan hartzen du parte, bazkide ikertzaile gisa. Proiektu horren helburua 3D inprimagailuen bidez mota horretako bateriak fabrikatzea erraztea da, konektatutako IoT gailuetan aplikatzeko

IREC buru duen proiektua Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “Ildo Estrategikoak” izeneko finantzaketa-programan sartu da, hiru urteko lan-horizontearekin

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, egoera solidoko baterietan 3D inprimaketa-teknologia aplikatzeko ari da lanean. Nazioartean erreferentea da esparru horretan. Ikerketa 3DSTORE proiektuaren barruan dago. Proiektu horretan, euskal zentroak bazkide ikertzaile gisa jarduten du, Kataluniako IREC-Institut de Recerca en Energia buru duten esparru akademiko, zientifiko eta industrialeko Estatuko beste lau erakunderekin batera.

Pedro López-Aranguren CIC energiGUNEko Ikerketa Taldeko elektrolito aurreratuen eta gelaxken ikerketa-lerroko buruak ziurtatu duenez, “3D inprimaketaren bidez baterien fabrikazioa digitalizatzeko aukera urrats erabakigarria da Gauzen Interneten etorkizuneko gailuak eta aplikazioak merkaturatzeko”. “Kontuan hartuta fabrikazio hori egoera solidoko bateriekin bakarrik egin daitekeela, erreferentzia-zentro gisa posizio pribilegiatuan gaude proiektuak eskatzen dituen erantzunak eman ahal izateko”, ziurtatu du.

Ildo horretan, 3DSTORE proiektu aitzindaritzat har daiteke, eta bere helburua 3D inprimaketa IoT motako nitxo aplikazioetarako fabrikazio teknika eskalagarri eta jasangarria dela frogatzea da. Zehatzago, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “Ildo Estrategikoak” programaren barruan diruz lagundutako proiektu horren helburu nagusia, modu digitalean fabrikatutako eta industria-agertoki eta azpiegitura kritikoetan IoT aplikazioetarako eskuragarri dauden errendimendu handiko litio-ioien bateria aurreratuen belaunaldi berri bat garatzea da.

Nabarmentzekoa da 3DSTOREk planteatzen dituen energia biltzeko eta biltegiratzeko soluzio berritzaile eta malguak funtsezkoak direla haririk gabeko sentsore autonomoen nodoek etorkizunean, mundua aldatuko duten bost teknologietako bat omen den Gauzen Interneten izango dituzten baldintzak betetzeko. Gainera, 3DSTORE bateria monolitikoaren kontzeptuak, Baterien gaineko EBko Ikerketa Estrategikoko Agendaren errendimendu-helburuekin eta 2030+ bateriaren ibilbide-orriarekin oso ondo lerrokatuta egongo diren energia-dentsitate handiak emango ditu.

CIC energiGUNE eta IREC Institutuaz gain, 3DSTORE partzuergoa zeramika aurreratuko 3D inprimaketan (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, IREC), IoTen (Universitat Oberta de Catalunya) eta siderurgian (CELSA Taldea) erreferentziakoak diren erakundeek osatzen dute.

Partekatu

Beste berri batzuk