CIC energiGUNEk baterietarako metal kritikoen lorpena sustatzen du, meatzaritzako eta metalurgiako industriako bigarren mailako baliabideetatik abiatuta

Albisteak, Araba

Euskal zentroa Europako METALLICO proiektuaren parte da. Proiektu horren helburua Europako baterietarako funtsezkoak diren lehengaiei dagokienez duen mendekotasuna arintzea da, zepetan eta meatze-aztarnategietako hondakinetan horrelako metalak berreskuratzeko jarduketen bitartez

Balio-kate osoa osatzen duten 23 bazkidek osatutako METALLICO partzuergoak, litioa, kobaltoa, kobrea, manganesoa edo nikela bezalako metalak berreskuratzea ahalbidetuko duten kasuei buruzko lau azterlan identifikatu ditu Europan

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, meatze- eta metalurgia-industrietako hondakinetatik abiatuta, baterietarako material kritikoak berreskuratzeko lanean ari da, litioa edo kobaltoa, esaterako. Ikerketa hori Europako METALLICO proiektuaren parte da. CIC energiGUNEk –Basque Research and Technology Alliance-BRTAko kidea– bertan parte hartzen du, kontinenteko beste 22 erakunde eta enpresarekin batera.

“Ziur gaude Europak lehengai kritiko gehiago ekoizteko uste baino potentzial handiagoa duela; arazoa orain arte energia-inportazioen gehiegizko menpekotasuna izan duela da”, ziurtatu du Nestor Antuñano METALLICO proiektuko CIC energiGUNEko ikertzaile nagusiak. “Proiektu horren bitartez, Europari aukera berri bat ematen ari gatzaizkio, funtsezko sektore estrategiko batean koka dadin eta metal mota horretan aberatsak diren herrialdeekiko (Txina, Hegoafrika edo Australia) menpekotasuna ahalik eta gehien murriztu dezan.”

METALLICO partzuergoak balio-kate osoa hartzen du bere baitan; izan ere, metal kritikoen eta baterietarako materialen iturri primarioak eta sekundarioak dituzten meatze- eta industria-kokalekuak, baterietarako material egokiak ekoizteko prozesu berritzaileak garatzen esperientzia duten bazkideak, azken erabiltzaile industrialak eta baterien, zementuaren, pinturaren eta zeramikaren sektoreetako ETEak barne hartzen ditu. Multzo horren barruan, CIC energiGUNE hainbat industria-erabiltzailek berreskuratutako azken produktuen balioztatzea koordinatzeaz arduratzen da, bai eta bateriak fabrikatzeko sektorean meatzaritzako eta metalurgiako hondakinetatik (Li2CO3 eta CoSO4) lortutako elementuak balioztatzeaz ere.

METALLICO bezalako proiektu bat garatzeko beharra, besteak beste, egungo baterietan erabilitako metal nagusiaren, litioaren, inportazio-datuek erakusten dute. Gaur egun, litio-kontzentratuen %87 inportatu egiten du EBk, eta konposatu finduen %100, ez baitago findegirik kontinenteko herrialde bakar batean ere.

Garapen integralerako, METALLICOk mota honetako materialak berreskuratzeko aukerak dituzten Europar Batasuneko kasuei buruzko lau azterlan barne hartzen ditu: espodumeno-lepidolita (LIT) aztarnategi primario batetik abiatuta baterietarako egokia den Li2CO3; meategi baten bigarren mailako baliabide batetik (CLC) abiatuta baterietarako egokiak diren Kobalto eta CoSO4 kontzentratuak; eta Kobre, Kobalto, Manganeso eta Nikel kontzentratuak, beruna fintzen duen enpresa baten zepa metalurgikoetatik eta meatze-hondakin sekundarioetatik abiatuta.

METALLICO partzuergoa osatzen duten bazkideak, CIC energiGUNEz gain, hauek dira: Idener R&D (proiektuaren liderra); Technische Universitaet Bergakademie Freiberg; Universitat Politecnica de Catalunya; Siec Badawcza Lukasiewicz – Instytut Metali Niezelaznych; Teknologian Tutkimuskeskus; Fraunhofer Gesellschaft Zur Forderung der Angewandten Forschung; G.E.O.S.Ingenieurgesellschaft; Cementos La Cruz; Euroatomizado; Glencore Nikkelverk; Cobre las Cruces; Cetaqua, Corporacion Chilena de Investigación del Agua; Tharsis Mining; Politecnico di Torino; Asistencias Técnicas Clave; Radical Innovations Group; Minera Los Frailes; Lithium Iberia; DEC Gesellschaft Fur Chemischetechnik Und Biotechnologie; Geniki Metalleutiki Kai Metallourgiki Anonimi Etairia; eta Omya International AG.

Partekatu

Beste berri batzuk