CIC energiGUNEk berriro ekarriko ditu Gasteizera baterien estrategia europarreko liderrak, “sektorearen iraultza-prozesua” aztertzeko

Albisteak, Araba

Euskal zentroak Baterien Europako Ekosistemari buruzko ‘BatSum23’ Kongresuaren bigarren edizioa egingo du otsailaren 13an,Euskadiko Parke Teknologikoen Vitoria-Gasteizko Campusa. Bertan, kontinenteko politika estrategikoaren arduradun nagusiek hartuko dute parte, Robert Dominko BATTERY 2030+ Europako ekimenaren zuzendaritzako kideak, besteak beste

Konferentziak lekua emango die automobilgintza elektrikoaren eta energia biltegiratzearen arloko proiektu estrategikoei, BASQUEVOLTek, Iberdrolak, Ingeteamek edo CAFek gidatutakoei, besteak beste, eta Michel Armand irakaslea CIC energiGUNEko Ohorezko Zuzendari Zientifiko izendatzeko esparrua ere izango da

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, baterien Europako estrategiaren liderrak bilduko ditu aurten ere Gasteizen, sektoreko “iraultzaren atzera begirakoa egiteko”, ‘BatSum’ Kongresuaren lehen edizioa Araban egin eta hiru urtera. Bileran sektoreko eragile nagusiek parte hartuko dute berriro ere, hala nola, Michel Armand irakasleak –topaketa horretan CIC energiGUNEko Ohorezko Zuzendari Zientifiko izendatuko dute– egoera solidoko baterien mundu mailako erreferentea, eta Robert Dominko Ljubljanako Unibertsitateko ikertzaile eta BATTERY 2030+ ekimen europarraren zuzendaritzako kideak.

“2019an ‘Battery Summit’ jaso ondoren, baterien “europar iraultza” deitzen dugunaren lorpenak lehen aldiz berrikusteko unea iritsi da”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Horretarako, prozesu honetan funtsezkoak diren eragileak izango ditugu, besteak beste, Innoenergy edo VDI/VDE erreferenteak, bai eta Europa mailako enpresa eta proiektu garrantzitsuak ere”, esan du Basque Research and Technology Alliance-BRTAko kide den euskal zentroko zuzendariak.

Bigarren edizioa “Iraultza baten atzera begirakoa” izenburupean egingo da, eta sektore publikoan zein pribatuan forma hartzen ari diren ekimen zehatzetan sakontzea du helburu. Jardunaldiari hasiera emateko, Robert Dominkok Battery 2030+ ekimenak Europan eskualde-mailako ekintza berritzaileak gauzatzeko duen konpromisoaren inguruko hitzaldia emango du; eta Johan Söderbom Innoenergyko Smartgrids eta biltegiratze arduradunak, Europako baterien sektorearen ikuspegia eta proiekzioa mundu mailako testuinguruan aurkeztuko du. Haiekin batera izango dira Wouter IJzermans BEPAko zuzendari exekutiboa eta Stefan Wolf VDI-VDEko Taldeburua. Baterien Europako balio-kateak dituen erronkei buruzko ikuspegia emango dute, baita Europako Interes Komuneko Proiektuen (IPCEI) etorkizunari buruzkoa ere.

Ondoren, bi eztabaida-mahai egingo dira, mugikortasunaren eta biltegiratze egonkorraren sektoreei buruzko etorkizuneko ikuspegia proiektatzeko. Lehenengoan parte hartuko dute Francisco Carranza BASQUEVOLTeko CEOak, Inés Anitua ACICAEko zuzendari nagusiak, Soraya Romok, BCAREko zuzendari nagusiak, eta Txomin Nieva CAF Power and Automation enpresako teknologia-zuzendariak.

Bigarren mahaia biltegiratze egonkorraren sektorearen egoerari eta etorkizunari buruzkoa izango da, eta hauek hartuko dute parte: Jose Ignacio Hormaeche, Euskadiko Energiaren Klusterreko zuzendari nagusia; Igor Cantero, Batiq-eko zuzendari nagusia; Pilar González, Perseo-Iberdrolako Berrikuntza Zuzendaritzako ordezkaria; Jon Ander López, Jema Energy-ko energia biltegiratzeko aplikazioetarako produktu arduraduna; eta Josu Arrinda, Ingeteam-eko BESS arloko zuzendari teknikoa.

Michel Armand-en izendapena

Bi eztabaida-mahaien ondoren, eta Industria Ministerioko ordezkari instituzional baten parte-hartzearen ondoren, Michel Armand irakasleak CIC energiGUNEko Ohorezko Zuzendari Zientifiko izendapen ofiziala jasoko du. Izendapena Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak egingo du, eta, jarraian, Euskadiko baterien balio-katean egindako aurrerapenak aurkeztuko ditu.

‘BatSum’ Kongresuaren bigarren edizioa otsailaren 13an inauguratuko dute era ofizialean Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak, Ana Oregi Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotzi ordezkariak eta Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapen eta Lurralde Orekako foru diputatuak.

Bigarren urtez Gasteizen egingo den topaketa horrek, Euskadi Europako baterien funtsezko erreferentzia-puntua izatea lortzea bilatzen duen hitzordua finkatzeaz gain, gauzatzen ari diren ekimenei eta etorkizun hurbilenari buruzko ikuspegi orokorra lortzeko aukera paregabea da. Hori guztia, gainera, baterien ekosistema europarra dinamizatzen duten eragileekin lankidetzan, BATTERY 2030+rekin, besteak beste.

Partekatu

Beste berri batzuk