CIC energiGUNEk emakumeak zientzian betetzen duen lekua hurbilduko die 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei, Gasteizen egingo den azoka ludiko-zientifikoaren bidez

Albisteak, Araba

Emakumeak eta Neskatoak Zientzian Nazioarteko Eguna ospatzeko Euskadiko ikerketa-eragile eta -erakunde nagusiek antolatutako “Emakumeak Zientzian” programaren barruan dagoen ekimena otsailaren 16an izango da Salburua Gizarte Etxean

Gainera, Montse Galceran CIC energiGUNEko zientzialariak Arabako hiriburuko Villa Suso jauregian egingo den “Emakume zientzialariak atzo eta gaur” izeneko jardunaldian parte hartuko du otsailaren 15ean. Jardunaldi horretan omenaldia egingo zaio Vicenta Arnal Espainiako Kimika Zientzietako lehen doktoreari.

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Eguna ospatuko du, 12 eta 16 urte bitarteko umeei zuzendutako azoka ludiko-zientifiko batekin. Azoka hori otsailaren 16an izango da, Gasteizko Salburua Gizarte Etxean, eta profesionalen ordezkaritza zabalak dinamizazio-lanak egingo ditu. Ekimena, emakumeak zientzian duen eginkizuna bultzatu eta ikusarazteko helburuarekin CIC energiGUNEk Euskadiko ikerketa-eragile eta -erakunde nagusiekin batera, parte hartzen duen “Emakumeak Zientzian” programaren barruan dago.

CIC energiGUNEk bultzatzen duen “Women in Science 2024” azokak, proiektu zientifikoei lotutako hainbat tailer egitea aurreikusten du, baita antzerkia eta ikus-entzunezko emanaldiak ere. Helburua emakumeek zientzian eta teknologian betetzen duten lekua ezagutzera ematea da, sorreratik bertatik, eta Gasteiztik bertatik egunero inguratzen gaituen mundua ulertzen laguntzen duten zientzialariak zuzenean ezagutzeko aukera izatea.

Azokan parte hartzeko, beharrezkoa da “Emakumeak Zientzian” ekimenaren webgunean izena ematea, esteka honen bidez. CIC energiGUNEk gogorarazi nahi du programa, funtsean, “hainbat jardueratan parte hartuz, emakume zientzialariak ezagutuz eta izan ditzaketen zalantzak galdetuz arratsalde dibertigarria igarotzeko” prest dauden eta zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematikarekiko interesa duten 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dagoela.

“Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak”

Bestalde, Montse Galcerán CIC energiGUNEko zientzialaria izango da Arabako hiriburuko Villa Suso Jauregian egingo den jardunaldiaren protagonistetako bat. Jardunaldi hori “Emakumeak Zientzian” ekimenaren barruan egingo da, eta “atzoko eta gaurko emakumezko zientzialariak” ezagutzeko aukera emango du. Zehazki, Galcerán Villa Suso jauregiko agertokira igoko diren eta Euskadiko ikerketa-zentroetan lan egiten duten bost zientzialarietako bat izango da. Murgilduta dauden ikerketei buruz hitz egingo dute eta historiako zenbait emakume zientzialari handi omenduko dituzte, haien bizitza eta ekarpen zientifiko liluragarrien kontakizunaren bidez.

Montse Galceránen kasuan, ingurumenerako jasangarriak eta kostu txikikoak diren material berriak diseinatzen eta optimizatzen dihardu CIC energiGUNEn. Omenaldiaren protagonista Vicenta Arnal izango da, Espainiako Kimika Zientzietan doktore izan zen lehen emakumea. Jardunaldia otsailaren 15ean izango da, 18:00etan, eta beharrezkoa da esteka honetan izena ematea.

Emakumeak Zientzian ekimenaren helburua da emakumeen lana ikusaraztea, hainbat jardueraren bidez, erreferente femeninoak sortzeko eta eremu zientifikoan genero-berdintasuna lortzea ahalbidetuko duten jardunbideak sustatzeko. Horrela, nabarmendu behar da CIC energiGUNE berdintasunaren arloan erreferentziazko ikerketa-zentroetako bat dela, duela urte batzuetatik hona parekotasuna baitago langile guztien artean, zuzendaritzaren arloan barne, eta hori mugarria da Estatuan.

Partekatu

Beste berri batzuk