CIC energiGUNEk hiru proposamen disruptiborako finantzaketa lortu du
Euskal zentroak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren onespena jaso du biltegiratze elektrotermikora eta litio-sufre baterien garapenera bideratutako banakako bi proiektu garatzeko, bai eta CO2 eta nitratoak balio erantsi handiko produktu bihurtzeko EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta DPIC-Donostia International Physics Centerrekin koordinatutako proiektu baterako ere
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Estatuko Ikerketa Agentziaren onespena lortu du, bere hiru proiektuk Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak 2025” deialdiaren finantzaketa jaso dezaten. Proiektuetako bi indibidualak dira, eta CIC energiGUNE da erakunde betearazle bakarra; hirugarrena, berriz, euskal zentroak koordinatzen du, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta DPIC-Donostia International Physics Centerrekin lankidetzan.
“Aurten ere oso arrakasta tasa garrantzitsua lortu dugu AEIren programa honen deialdian, eta horrek agerian uzten du gure taldearen gaitasun berritzailea”, ziurtatu du Iratxe Gonçalves CIC energiGUNEko finantzaketa publikoko arduradunak. “Gainera, ikuspegi disruptibo nabarmena duten proiektuak dira, eta eragin erabakigarria izan dezakete eremu kritikoetan, hala nola bero industrialaren deskarbonizazioan, berotegi efektuko gasen eta korronte urtsuetan dauden kutsatzaileen balorizazioan, edo ion-litiozkoen ordezko baterien teknologia berriaren garapenean”, adierazi du.