CIDETEC Energy Storage erakundea InnoBMS proiektuan parte hartzen ari da baterien errendimendua ibilgailu elektrikoetan optimizatzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Baterien bizitza baliagarria % 33 luzatzea du xede proiektuak

CIDETEC Energy Storage erakundeak baterien arloan duen esperientzia eskaintzen du InnoBMS proiektuan, eta helburua da azken belaunaldiko bateriak (BMS) kudeatzeko software eta hardware-soluzio bat garatzea, baterien errendimendua eta bizitza baliagarria ibilgailu elektrikoetan hobetzeko.

InnoBMS proiektuaren helburua da baterien gaitasuna emendatzea, battery-packaren dentsitate bolumetrikoa % 12 handituko duen eta haren bizitza baliagarria % 33 luzatuko duen BMS berritzaile baten bidez, baterien bizitza 15 urtetara iristeko. Hau da, energia gehiago eskaintzeko gaitasuna duten eta gutxiago hondatzen diren bateriak egiteko. Gainera, soluzio horri esker, nabarmen murriztuko dira kostuak, % 12 eta % 9,7 bitarte automobiletan eta ibilgailu arinetan, hurrenez hurren.

InnoBMS biltzen duen diziplina anitzeko partzuergoaren baitan, battery-packak ezaugarritzen eta modelatzen duen esperientzia jartzen du CIDETEC Energy Storage erakundeak. Esperientzia horri esker, honako hauek izango ditu ardatz: baterien kudeaketa termikoaren kontrola (BTMS) hodeian inplementatzea, gertakari termiko arriskutsuak (TRA) goiz detektatzeko algoritmoak garatzea eta litioaren elektrodeposizioa detektatzea, faktore horiek funtsezkoak baitira baterien segurtasuna eta efizientzia bermatzeko.

Era berean, CIDETEC Energy Storage erakundeak bere laborategiko instalazio aurreratuetan hartuko ditu TRA probak gelaxketan, eta hori funtsezkoa da garatutako algoritmoak baliozkotzeko eta sistemaren segurtasuna egiaztatzeko tenperatura-igoeren aurrean.

Vrije Universiteit Burssel unibertsitateak gidatzen du 2024ko urtarrilean abiarazi eta 42 hilabeteko iraupena izango duen proiektua, eta guztira 5.672.894,38 €-ko aurrekontua du, 4.013.441,88 € Europar Batasunak jarriko dituela HORIZON EUROPE programaren bitartez. Partzuergoan ibilgailuen fabrikatzaileak, lehen mailako hornitzaileak, ingeniaritza-enpresak, unibertsitateak eta enpresa txiki eta ertainak biltzen dira, eta denek elkarrekin lan egiten dute teknologia berritzaile hori merkaturatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk