CIDETEC Energy Storage-k zortzi proiektu berri lortu ditu Europar Batasuneko Horizon programan

4,4 milioi € diru-sarreratan, baterien arloko teknologia eta aplikazioen garapenean urrats garrantzitsu bat ematearen truke

2022ko bigarren erdian, Europar Batasunak finantzatutako Horizon programako zortzi ikerketa- eta garapen-proiekturen hasiera ospatu du CIDETEC Energy Storage-k. Proiektu horiek 2021eko azken deietan eta 2022 hasieran esleitu zizkioten enpresari. Zortzi proiektu berri hauei esker, CIDETECek 4,4 milioi € jasoko ditu datozen lau urteetan. Finantzazio hori urrats garrantzitsua izango da baterien arloko teknologia eta aplikazioen garapena sustatzeko.

Proiektu guzti hauek programa-kidetza desberdinen baitan daude: haietatik bost Batt4EU, baterien kidetzaren parte dira; haietatik bi isuririk gabeko errepideko garraioa lortzeko 2ZERO kidetzaren barruan daude, eta azkena isuririk gabeko ur bidezko garraioaren ZEWT kidetzaren baitan dago. Horrek argi uzten du CIDETEC Energy Storage-n ikuspegi estrategikoa bat datorrela Europako Batzordeak baterien eta garraio garbien arloko teknologiei dagokienez identifikatutako lehentasun nagusiekin.

Baterien kidetzaren baitan dauden lehen bost proiektuek baterien arloko teknologiari buruzko ikerketa aurreratuarekin dute zerikusia. SIGNE proiektuak silizioz indartutako ahalmen handiko anodoak lantzen ditu; NOVOC eta BATWOMAN proiektuek, aldiz, Li-ioi bateriak fabrikatzeko teknika aurreratuak ikertzen dituzte, ahalik eta ingurune-inpaktu txikiena izan dezaten. Ildo horretatik, SPINMATE proiektuaren ardatz nagusia automobilen sektorerako bateria solidoak fabrikatzea eta industrializatzea da, gaur egun pil-pilean dagoen gaia. Azkenik, RESPECT proiektuaren helburua Li-ioi bateriak birziklatzeko metodologia berri malguak eta seguruak garatzea da. Gai horren inguruan ere itxaropen handia dago.

Aplikazioei dagokienez, NEXTETRUCK eta EMPOWER proiektuak (2ZERO kidetza) lanerako kamioi eta autobus elektrikoen garapenarekin daude lotuta. Autobusen kasuan, gainera, erregai gisa hidrogenoa darabilten aukerak ari dira ikertzen. Azkenik, ur bidezko garraioen ZEWT kidetzako proiektu bat esleitu digute lehen aldiz. NEMOSHIP proiektua ontzi hibridoetan bateria handiak ezartzeko diseinu-soluzioen garapenean datza. Aipatutako azken bi proiektuak 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko dira.

Zortzi partzuergo berri horien kide gisa, CIDETEC Energy Storage-k arrakasta handia opa die haien helburu teknikoak lortzeko bidean. CIDETECek ahal bezain beste lagunduko du.