Deustuko Unibertsitateak eta SATLANTISek unibertsitate-enpresa gela bat sortu dute espazio-teknologian prestakuntza sustatzeko
Deustuko Unibertsitateak bere lehen unibertsitate-satelitea eraikiko du SATLANTISekin elkarlanean
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eta espazio-teknologiako SATLANTIS enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute SATLANTIS-DEUSTO Gela Teknologikoa martxan jartzeko. Prestakuntza eta garapenerako espazio paregabe honek ingurune akademikoa espazio-sektoreko erronka errealekin konektatuko du.

Gelaren helburua ikasleei ikaskuntza aplikatu paregabea eskaintzea da, nanosatelite baten diseinuan, garapenean eta baliozkotzean zuzenean parte hartuz. 2025-2026 ikasturtean zehar, ikasle talde multidiziplinar batek rol tekniko nagusiak hartuko ditu bere gain, hala nola diseinu mekanikoa, elektronika eta telekomunikazio sistemak.
SATLANTIS, egoitza nagusia Euskadiko Parke Teknologikoko Leioa Campusean duena, New Space arloko nazioarteko erreferentziazko enpresa da, Lurretik espaziora behatzeko irtenbide aurreratuetan espezializatua. Enpresak bereizmen handiko eta oso handiko kamera optikoak garatu ditu satelite txikientzat, misio zientifiko, ingurumeneko eta azpiegitura-arlokoetan, besteak beste, erabiltzen direnak. Lurraren behaketarako misioetan %100eko arrakasta-tasa eta etorkizunerako misio ugari planifikatuta dituela, SATLANTIS sektoreko lider gisa sendotu da, eta bere esperientzia teknologikoa eta berrikuntza aplikatuko eredua ekarriko ditu gelara, ikasleak industriaren erronka errealei hurbilduz.
Andoni Eguiluz, Deustuko Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren esanetan, “gela honek unibertsitateko prestakuntza errealitate teknologiko eta industrialarekin lotzeko modu berri bat irudikatzen du. Gure ikasleek ez dute edukiak soilik ikasten, baizik eta ikasitakoa testuinguru erreal batean aplikatzen dute, sektore aeroespazialeko punta-puntako enpresa batekin elkarlanean.”
Bestalde, Aitor Conde Rodríguez, SATLANTISeko CTOak, nabarmendu duenez, “lankidetza honekin ez dugu soilik etorkizuneko espazio-profesionalak prestatu nahi, baita esplorazioarekin eta berrikuntzarekin konprometitutako belaunaldi berri bat inspiratu ere. Espazio-sektorea hazkunde paregabearen unean dago, eta Euskadik teknologia-olatu berri honen parte aktiboa izan behar du.”
SATLANTIS-DEUSTO Gela Teknologikoak talde-lana, ingurune konplexuetan erabaki teknikoak hartzea eta emaitzetara bideratutako pentsamoldea bezalako gaitasunak ere sustatuko ditu — funtsezkoak direnak gaur egungo erronka teknologiko eta sozialei aurre egiteko prest dauden profesionalak trebatzeko. SATLANTISeko People (Giza Baliabideak) arlotik, ekimen hau bide bateratu baten hasiera gisa bultzatzen da, gazteen talentua garatzeko, unibertsitatearen eta industriaren arteko lankidetza sendotzeko eta espazio-sektorearen berrikuntza eta hazkunde iraunkorra sustatzen duen ekosistema bat indartzeko.