Ehun bat euskal enpresa daude interesatuta Turkia eta Afrikako negozioetan

Araba

Industria Sailak, SPRIren bitartez, 135 enpresa bildu ditu aste honetan Bilbon, nazioartekotzeak sortzen duen interes gero eta handiagoaren adierazgarri. 68 enpresak eta 80 lagunek parte hartu zuten iragan asteartean “Siderurgia: negozio aukerak Turkiako merkatuan” topaketan. Gaur egin den “Garapenerako Banku Afrikarraren nazioarteko lizitazioak. Energia eta Ingurumena” jardunaldian, berriz, 25 enpresa eta 35 lagun bildu dira, hauek ere SPRIren egoitzan.

Spri, 19/04/2012

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2 jardunaldi antolatu ditu aste honetan SPRIren bitartez (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea). Ehun bat euskal enpresak parte hartu dute ekimen horietan eta, beraz, agerian geratu da nazioartekotzeak gero eta interes handiagoa pizten duela euskal enpresarien artean.

Pasa den astearteko “Siderurgia: negozio aukerak Turkiako merkatuan” topaketan zehazki 68 enpresa eta 80 lagun elkartu ziren eta gaurko “Garapenerako Banku Afrikarraren nazioarteko lizitazioak.

Energia eta Ingurumena” jardunaldian, berriz, 25 enpresa eta 35 lagun bildu dira, SPRIren egoitzan antolatu direlarik bi ekitaldiak.

Hala, siderurgiarekin lotutako 68 euskal enpresak aukera izan zuten jakiteko zein abantaila eskaintzen dizkion Turkiako merkatuak sektore honi. Kontuan izanik Patxi López Lehendakaria buru izango duen bidaia instituzional bat antolatuko dela urrian Turkiara, mintegi horretan euskal eskaintza aurkeztu zaie Turkiako 3 enpresa siderurgiko garrantzitsuri (Erdemir Group, Colakoglu Metalurji eta Idc Steel) eta lehen eskuko informazioa helarazi zaie altzairu ekoizleen merkatuko potentzialari eta aipatu hiru enpresa horiek gauza ditzaketen zabalkunde proiektuei buruz; horrez gain, aukera eskaini zaie zuzeneko harremana izateko gonbidatutako enpresa horietako goi mailako exekutiboekin. Hain zuzen, Turkiako enpresa bakoitzak hogeita bost bilera izan ditu batez beste ekipoak saldu nahi zituzten euskal enpresekin.

Turkia merkatu interesgarria da euskal enpresentzat. 70 milioi biztanle baino gehiago dituelarik, 2011. urtean 11. postuan zegoen esportazioen rankingean, eta laugarrenean Europar Batasunetik kanpoko herrialdeen artean. Etorkizun hurbilean siderurgia da potentzial handiena duen sektoreetako bat, izan ere Turkia munduko zazpigarrena zen 2011n altzairu likidoaren ekoizpenean, eta ekoizpen hori %14,4 hazi da aurtengo lehen hilabetean 2011ko aldi berarekin konparatuta.

Bestalde, energia eta ingurumen arloetako 25 enpresak parte hartu dute “Garapenerako Banku Afrikarraren nazioarteko lizitazioak.

Energia eta Ingurumena” jardunaldian. Euskaditik Afrikarako esportazioak gero eta gehiago hazten ari dira, 2011n herrialde osoko esportazioen %6ra iritsi zirelarik (Latinoamerika, Asia edo Ipar Amerikaren pare).

SPRIk zerbitzua ematen die euskal enpresei bere aholkularien bitartez eta Afrika Mediterraneoko herrialde guztietara (Angola eta Mozambike, Hegoafrika eta ingurukoak) eta Saharaz azpikoetara hedatzen da aholkulariz osatutako sare baten bidez. SPRIk kudeatzen dituen euskal enpresen nazioartekotze proiektuen %11 Afrikara bideratuta daude.

Garapenerako Banku Afrikarra nazioarteko erakunde bat da, Afrikako herrialdeen garapena sustatzen duena azpiegitura, gobernantza, goi-mailako hezkuntza eta sektore pribatuko proiektuen bitartez. Azkenaldian urteko 5.000 milioi euro inguruko operazio bolumena izan du eta ziurrenik hazten jarraituko du, 2010ean kapital soziala hirukoiztu zuelako. Hala, negozio aukera ugari sortzen ditu ustiapen-potentzial handia duen kontinente horretan. Gainera, horrelako erakundeekin lan egiteak zenbait arrisku murrizten ditu enpresarientzat.

Partekatu

Beste berri batzuk