Elewit-ek eta TECNALIAk arrakastaz probatu dituzte 50 km-ko komunikazio kuantikoak, eta aurrerapauso bat eman dute sare elektriko adimendunago baterantz

Albisteak, Araba, Gipuzkoa

Ingurune-, komunikazio-, aplikazio- eta sare-proben bidez, egiaztatu dute loturaren distantziak eta ingurunearen baldintzek ez dietela eragiten gako kuantikoak trukatzeko ekipoei

2023tik ari dira elkarrekin lanean, gako kuantikoak banatzeko teknologien (QKD) erabilera ikertzen, paradigma kuantiko berrirantz aurrera egiteko eta sare elektriko adimendunen edo smart griden ziberbabesa aztertzeko

Elewit-ek, Redeia-ren plataforma teknologikoak, eta TECNALIAk, Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handienak, QKDren bigarren kontzeptu-proba bat egin dute (ingelesetik, Quantum Key Distribution). Proba horren bidez, zuntz optiko bidezko komunikazio-lotura bat ezarri dute, 50 kilometro ingurukoa, ingurune industrial batean, Itsaso (Gipuzkoa) eta Gasteiz (Araba) arteko sare elektrikoko bi azpiestazioren artean.

Ingurune-, komunikazio-, aplikazio- eta sare-proba sorta baten eta balizko erasoen aurkako babes-esperimentuen bidez, proiektuak frogatu du loturaren distantziak eta ingurunearen kondizioek ez dietela eragin gako kuantikoak trukatzeko ekipoei. Gailu pasiboak (kanpoko energia-iturririk behar ez dutenak) tartekatzeko aukera ere baliozkotu da, eta sistemak industria-inguruneetako zarata elektromagnetikoarekiko duen sentikortasuna ebaluatu da.

Bi erakundeak lankidetzan ari dira 2023tik, eta Reintel ere (zuntz optikoaren sarea operatzeaz arduratzen den Redeiaren filiala) lankide dute beren instalazioak eta zuntz optikoak erabiltzeko. QKD teknikak ikertzen ari dira paradigma kuantiko berrirantz aurrera egiteko eta sare elektriko adimendunen edo Smart Griden ziberbabesa esploratzeko. Kontzeptu-proba honetaz gain, duela hiru urte beste bat egin zen. Proba hartan, kilometro bateko komunikazio-lotura bat ezarri zuten, zuntz optikoaren bidez.

Elena de Benavidesek, Elewit Chief Innovation and Technology Officer-ek adierazi duenez, “teknologia horren potentzial guztia ustiatu nahi dugu sare elektrikoak zibererasoetatik babesteko. Teknologia kuantikoarekin egindako esperimentuek bide bat irekitzen dute ekonomia eta gizartea mehatxu zibernetikoetatik babestuko dituen komunikazio-azpiegitura seguru baterantz”.

Bestalde, Alejandra Ruizek, TECNALIAko sare elektriko adimendunen QKD esperimentuen zuzendariak, hau esan du: “Gure QKDLab eramangarria funtsezko pieza da industria-azpiegituren eta azpiegitura kritikoen babesa hobetzera bideratutako ikerketa esperimentalak egiteko. Besteak beste, OT sistema industrialetan, sare adimendunetan, azpiegituren arteko komunikazio-sareetan eta beste askotan”.

QKD teknologien garrantzia

Gakoen Banaketa Kuantikoak (QKD) aukera ematen du zifratze-gakoak modu ultraseguruan partekatzeko, fisika kuantikoaren eta argiaren legeak (fotoiak) erabiliz. Teknologia honen abantaila nagusia segurtasuna da; bi elkarrizketariek zifratze-gako komun bat partekatzen dute, eta hirugarrenek ezin dituzte atzitu.

Sare elektrikoak gero eta digitalagoak eta interkonektatuagoak dira egun, eta zibereraso-arriskuak handitzen ari dira horren ondorioz. QKD komunikazio kritikoak blindatzeko eta etorkizuneko mehatxuen aurrean zibersegurtasun sendoago baterantz aurrera egiteko tresna izan daiteke.

Laborategia eta bertan lortutako gaitasunak Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK eta AZPITEK programen eta Komunikazio Kuantikoko Plan Osagarriak babestutako proiektuen barruan sortu dira. Proiektu horiek Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta Europar Batasunak, Next Generation EUrekin.

Partekatu

Beste berri batzuk