Eraldaketa metalmekanikoaren sektorea % 7,4 hazi zen 2023
Mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreak % 7,4ko gorakada izan zuen fakturazioan 2023. urtean. Azpisektoreen araberako analisian, ikus dezakegu mekanizatuarena % 7,1 hazi zela; eta galdaragintzarena eta deformazioarena, berriz, % 10,4
“Hazkunde horrek berretsi egiten ditu 2022an lortutako emaitza onak. 2023ko lehen seihilekoa oso ona izan da fakturazio-zifretan, oso inertzia baikorra ekarri baikenuen enpresok 2022ko ekitalditik.
Bigarren seihilekoan, ziurgabetasuna izan da joera orokorra, eta moteldu egin dira proiektu berriak. Nolanahi ere, sektoreak jarduera-maila onari eutsi dio, eta, hala, 2023ko ekitaldia % 7,4ko hazkundearekin itxi du”, dio Fernando Gastaldok, AFMECeko presidenteordeak.
Bestalde, esportazioak –fakturazioaren % 28,6 direnak– % 20,5 igo ziren 2023an. Helmuga nagusiak Frantzia (% 33,3) eta Alemania (% 19,1) izan ziren, eta ondotik etorri ziren Estatu Batuak (% 15,4), Finlandia (% 6,2) eta Maroko (% 3,2).
AFMECeko enpresek askotariko bezero-sektoreak dituzte; besteak beste, makina-erreminta eta ekipo- ondasunak (% 26,9), energia-sorkuntza (% 21,3), sektore aeronautikoa eta aeroespaziala (% 11,3), automobilgintza (% 7,5), eta egitura metalikoak eta eraikuntza oro har (% 6,7).
2023an, sektoreko enpresek % 13,9ra murriztu dute ekipamenduetako inbertsio-maila 2022ko ekitaldiari dagokionez. Fernando Gastaldoren arabera: “Gure sektorean funtsezkoa da ekoizpen-ekipamendu modernoan inbertitzea; izan ere, gure enpresek eskakizun- eta zehaztasun-maila handiko bezero-sektoreetara bideratzen dute beren jarduera. 2023an, interes-tasen maila handiak eta munduko geopolitikaren ziurgabetasun-maila handiak egin beharreko inbertsioak ahalik eta gehien doitzera behartu ditu enpresak. Alde horretatik, inbertsioa sustatzeko administrazioek abian jartzen dituzten programak enpresei ekoizpen-ekipamendu onenak izaten eta nazioartean lehiakorrak izaten laguntzen dieten tresnak dira”.
2023ko ekitaldiko datu positiboak gorabehera, badira kontuan hartu beharreko zenbait faktore, nolabaiteko egonezina sortzen dutenak sektoreko enpresetan. Fernando Gastaldoren hitzetan: “Gure beste kezka bat azken urteetan izan dugun kostuen gehikuntza orokortua da; dagoeneko oso doituta zeuden marjinak murrizten dituelako. Enpresek lehiakorrak izaten jarrai dezaten eta gizarteari balioa eman diezaioten, ekonomikoki jasangarriak izan behar dute”.
2024ko ekitaldirako aurreikuspenei dagokienez, Fernando Gastaldok hau adierazi du: “Zaila da aurreikuspenak egitea gaur egun bizi dugun ziurgabetasun-egoeran. Hala eta guztiz ere, enpresen jarduera-maila ona da; beraz, gure aurreikuspenen arabera, 2024ko lehen seihilekoa nahiko positiboa izango da, eta ekitaldiaren bigarren erdian moteldu egingo da”.
190 enpresa daude elkartean, eta batez beste 27 pertsona ditu enpresa bakoitzak. Enplegua % 2,6 hazi da 2023ko ekitaldian, eta kopuru horrek sendotu egin ditu 2021. eta 2022. urteetan izandako gehikuntzak.