ERCk ikerketa aurreklinikoak finantzatuko ditu lesio medularretan nerbioak karbono-nanohodien bidez birkonektatzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Europako Ikerketa Kontseiluak laguntza bat eman dio muineko lesioetan funtzio motorrak berrezartzea bideragarria dela frogatu nahi duen proiektu bati

Karbono-nanopuntuak erabiliz, in vivo bistaratu ahal izango da karbono-nanohodietan oinarritutako inplanteen bidez arratoietan lortutako neurona-konektibitatea

2020an, CIC biomaGUNEren Karbonoaren Bionanoteknologia ikerketa-taldeak, Maurizio Prato Ikerbasque irakaslea buru zuela, frogatu zuen arratoietan karbono-nanohodiak ezarrita animaliek oso denbora laburrean berreskuratzen dutela jarduera motorra paralisia eragin dien bizkarrezur-muineko lesio baten ondoren. Karbono-nanohodiak karbono-atomoz osatutako hodiak dira, zenbait nanometroko diametrokoak (metro baten mila milioiren bat da nanometroa). “Horien bidez, neuronen konexio elektrikoak imita eta estimula ditzakeen euskarri artifiziala lortu nahi dugu”, azaldu du Pratok, grafenoaren eta karbono-nanohodien arloko munduko aditu nagusietako batek. “Gure nanohodiak neurona batetik bestera doazen kable elektrikoen modukoak dira, eta aldi baterako ordezten dituzte neuronen artean hautsi diren konexioak, eta, horrela, berriro konektatzeko aukera ematen diete neuronei”.

Karbono-nanohodiz osatutako egitura horrek, pazienteen muin lesionatuan ezarrita, “muineko lesioak sortutako arrakala gaindi dezake, eta, hari esker, funtzio motorra eta zentzumen-funtzioa berriz itzul daitezke”, azaldu du Núria Alegretek (taldeko ikerlari ohia da, eta, gaur egun, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuan dihardu proiektuan, Ikerbasque ikertzaile gisa).

Bizkarrezur-muineko lesioak dituzten pazienteen funtzio motorrak berrezartzeko soluzio berritzaile hau praktika klinikora eramateko, hurrenez hurreneko fase batzuk gainditu behar dira. Gaur egun, proiektua fase aurreklinikoan dago: “Giza paziente kronikoen lesioen antzekoenak diren lesio-kasuak aztertzen ari gara: muin-distantzia handia izatea; muina ebakita egotea eta orbaina izatea; eta muinaren lodiera osoari eragitea”, adierazi du Alegretek, proiektuaren sustatzaileetako batek.

Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) laguntza bat eman dio CIC biomaGUNEri, Proof of Concept (kontzeptu-proba) programaren barruan, muineko neurona-konektibitate anatomikoaren irudi zehatzak lortzeko nanohodi-egiturarekin batera karbono-nanopuntu batzuk trazatzaile neuroanatomiko gisa erabiliz. Karbono-nanopuntuak (nanodots) nanopartikula esferiko batzuk dira, batez ere karbonoz osatuak. Lumineszentzia bizia dutenez, propietate ezin hobeak dituzte irudi biomedikoan erabiltzeko, eta terapia berrietan zein diagnostikoan dute aplikazioa.

In vivo azterketa

Proof of Concept laguntzek aukera ematen dute Europako Ikerketa Kontseiluaren dirulaguntza jaso duten ikerketa-proiektuetan lortutako emaitzen potentzial komertziala edo soziala aztertzeko. “Gure taldean garatutako karbono-nanopuntu berrienei esker, nanohodi-egiturarekin batera erabilita in vivo ikusi ahal izango dugu bizkarrezur-muina: erresonantzia magnetikoaren seinalea handitzeko gai izango gara eta, hala, denboran zehar animalien jarraipena egiteko, sakrifikatu behar izan gabe”, adierazi du Prato irakasleak. Hala, ikertzaileek urrats berriak egin nahi dituzte bizkarrezur-muineko birkonexio-estrategiaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzeko, eta inplanteen diseinua eta ekoizpen-prozesuak, ugaztun txikien funtzio motorra berrezartze eta negozio-eredu bat diseinatzea hobetu nahi dituzte.

Duela ia 30 urte hasi zen Maurizio Prato irakaslea “nanohodiekin neuronak kontaktuan jartzen”, eta orain arteko ibilbidean laguntza ugari lortu ditu bere ikerketa-taldeak, eta haiei esker aurrera egitea lortu dute. Laguntza guztien artean, nabarmentzekoa da ERC Advanced Grant (Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza ospetsuenetako bat, 2,5 milioi eurokoa): 2008an eman zioten Prato irakasleari, bizkarrezur-muineko birkonexio-proiektua garatzeko, eta horri esker lortu ziren 2020ko emaitzak. Aipatzekoak dira, halaber, AXA katedra, CaixaImpulse 2023 deialdiaren bidez lortutako laguntza eta Estatuko Ikerketa Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzak. Horretaz gain, beste ERC Advanced Grant bat lortu zuen Pratok, 2021ean, bioirudirako eta diagnostikorako karbono-nanopuntuak garatzeko. Prentsa-ohar honetan iragarritako Proof of Concept laguntza, beraz, aipatutako ERC Advanced Grants laguntzekin lortutako garapenei esker sortu da.

“Espero dugu proiektu honen amaieran behar diren datu guztiak izatea hurrengo faseetan aurrera egiteko, animalia handiekin, lehenik, eta saiakuntza klinikoetan, gero”, gaineratu dute ikertzaileek. Gaur egun, CIC biomaGUNEk eta Biogipuzkoa OIIk hitzarmen bat sinatua dute ikerketa-lanek aurrera jarraituko dutela bermatzeko. CIC biomaGUNEk bere gain hartuko ditu inplanteak garatzeko lanak, Pratoren zuzendaritzapean, eta, Biogipuzkoa OIIn, Núria Alegretek hartuko du azterketa aurreklinikoak egitearen ardura. Proiektuaren azken helburua, adierazi dutenez, “bizkarrezur-muina berriz konektatzea da, funtzioak berreskuratu daitezen eta nerbioek konektatuta jarraitu dezaten, eta, hala, horrelako lesioak dituzten pertsonen funtzio motorrak berreskuratzea”.

Maurizio Prato irakaslearen eta Núria Alegreten bideoa.

Partekatu

Beste berri batzuk