Europako 27 herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, eleaniztasunak gazte mantentzen laguntzen du
BCBL ikerketa zentroak Nature Aging aldizkarian argitaratutako ikerketa batean parte hartu du, eta 86 000 pertsona baino gehiagoren datuak aztertu ditu
AA ereduen bidez, ikertzaileek parte-hartzaile bakoitzaren benetako adin eta adin biologikoaren arteko aldea kalkulatu dute
Emaitzen arabera, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek lehenago zahartzeko arrisku bikoitza dute
Beste hizkuntza batzuk ikasteak denbora gehiagoz gazte mantentzen lagun dezake? Bere balio kultural eta sozialaz gain, hainbat hizkuntza hitz egiteak garunaren osasuna eta osasun fisikoa ere babes ditzake, zahartzearen prozesu biologikoak motelduz eta bizitzan zehar erresilientzia indartuz.
Hauxe da, hain zuzen, Nature Aging aldizkari ospetsuan argitaratutako nazioarteko azterlan baten ondorioa. Ikerketa horren egile nagusien artean Lucia Amoruso dugu, Ikerbasque-ko irakasle elkartua eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzailea.
Aditu-taldeak Europako 27 herrialde desberdinetako 86 149 parte-hartzaileren datuak aztertu zituen, eta frogatu zuen eleaniztunen zahartze biokonduktuala motelagoa zela elebakarrekin alderatuta.
Egileen arabera, hainbat hizkuntza hitz egiteak zahartzearen prozesu biologikoak moteldu eta adinarekin lotutako narriaduraren aurka babes dezakeela erakusten du horrek.
«Eleaniztasuna zahartze osasuntsuaren aldeko babes-faktore izan daitekeela erakusten duten froga sendoak eskaintzen ditu gure lanak», nabarmendu du Lucia Amorusok.
AA ereduak
Ikertzaileek milaka osasun- eta jokabide-profil bidez entrenatutako Adimen Artifizialeko ereduak erabili zituzten parte-hartzaileen adin biologikoa zenbatetsi eta jokabide-adinaren arrakala (BBAG ingelesez) kalkulatzeko, hau da, aurreikusitako adinaren eta adin kronologikoaren arteko aldea.
«Parte-hartzaileen arrisku faktoreak (hipertentsioa, diabetesa, lo-arazoak edo zentzumen galera) eta faktore babesleak (hezkuntza, kognizioa, gaitasun funtzionala edo jarduera fisikoa) jaso ditugu, ondoren BBAG balioa erauzteko xedez. Balioa negatiboa bada, norbaitek zahartze moteldua eta osasungarria duela adierazten du; positiboa bada, ordea, zahartzea bizkorragoa da», azaldu du azterlanaren beste egile batek, Agustin Ibañez doktoreak, Latinoamerikako garun-osasunaren inguruko BrainLat institutuko zuzendari zientifikoak.
Emaitzek agerian jartzen dute hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten den herrialdeetako pertsonek zahartze bizkorraren zantzuak jasateko probabilitatearen erdia dutela. Aldiz, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek lehenago zahartzeko arrisku bikoitza dute.
Ondorio horiek adierazgarriak izaten jarraitzen dute, baita faktore linguistiko, sozial, fisiko eta soziopolitikoen arabera egokitu ostean ere. Eleaniztasunaren babes-eragina sendoa da zeharkako azterlanetan —zahartzean gaur egun dauden aldeak islatzen dituztenak— zein luzetarako analisietan —eleaniztasunak denborarekin zahartze bizkorra izateko arrisku txikiagoa aurreikusten duela erakusten dutenak.
«Hizkuntzak ikasi zein erabiltzeak arreta, oroimena eta kontrol exekutiboarekin lotutako funtsezko garun-sareak aktibatzen dituzte, baita elkarreragin sozialarekin lotutakoak ere; mekanismo horiek erresilientzia indartu dezakete bizitzan zehar», gaineratu du Hernan Hernandez doktoreak, BrainLat-eko ikertzaile eta artikuluaren egilekideak.
Gainera, egileek efektu babesle hori metagarria izan daitekeela azpimarratzen dute: zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, orduan eta babes handiagoa zahartzeari lotutako narriadura kognitiboaren aurka.