Euskadi erreferentziazko “polo teknologiko” gisa eta puntako eskualde gisa finkatu da I+G+B biosanitarioan
Osasun Teknologiako Enpresen Espainiako Federazioak (Fenin), Tecnaliak, Basque Health Clusterrek eta Ikerketa Kirurgikoen Espainiako Elkarteak (SEIQ) topaketa bat antolatu dute, osasun-arloko balio handiko industria-sarea sustatzeko inguruan, horrek ekintzailetza bultzatzea eta talentua sortu eta atxikitzea lor dezan
Euskadi punta-puntako autonomia-erkidegoa da garapen teknologiko eta industrialeko zentroetan, bereziki “medical devices” arloan eta robotikan; Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin du sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren alde.
Jardunaldiak networkinga eta proiektuen sustapena sustatu ditu startupen, Feninen elkartutako osasun-teknologiaren sektoreko ibilbide luzeko konpainien eta ikerketa-taldeen artean.
Euskadi erreferentziazko “polo teknologiko” gisa finkatzea I+G+B biosanitarioaren arloan, balio handiko enpresa-sarea indartzea, eta erkidegoan talentua sortzea, bertara erakartzea eta fidelizatzea. Helburu horiek gidari, berrikuntzaren eta osasun-arloaren ekosistema osatzen duten hainbat eragile —erakunde publikoak, startupak, I+G+B taldeak, industria eta zentro teknologiko eta klinikoak— elkartu dira urriaren 18an eta 19an, “Matchmaking Innovación en Salud: Smart Medical Devices and Robotics” foroan, zeina antolatu baitute Fenineko Osasun Teknologiako Berrikuntzaren Espainiako Plataformak, Tecnaliak, Basque Health Clusterrek eta Ikerketa Kirurgikoen Espainiako Elkartea (SEIQ). Beste erakunde hauek ere lagundu dute ekimenean: Eusko Jaurlaritza, SPRI taldea, BIC Bizkaia, Basque Research & Technology (BRTA), Carlos III.a Osasun Institutuaren ITEMAS plataforma, Ingeniaritza Biomedikoaren Espainiako Elkartea (SEIB) eta Osasun Zuzendarien Espainiako Elkartea (Sedisa).
Estíbaliz Hernáezek, Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta Teknologia Parkeko presidentea eta Osasuneko sailburuorde José Luis Quintasek hartu dute parte topaketan. Hernáez sailburuordeak nabarmendu du zenbaterainoko garrantzia duen sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzak balio handiko industria-sarea sortzeko: “sektore biosanitarioa indartsua da I+G+B arloan, ezagutzan eta kapitalean, eta merezi du administrazioak etengabe babestea” adierazi du. “Matchmaking Innovación en Salud” foroari dagokionez, berriz, hona Estíbaliz Hernáezen hitzak: “aukera ematen du ikusarazteko zer ari den egiten Euskadin berrikuntzaren eta ekintzailetzaren alde, eta startup, inbertitzaile eta langile kualifikatuen jomugan jartzen du eskualdea”.
Bere homologoaren ildo beretik, EAEko Osasun sailburuordearen hitzetan, “sisteman osasun-teknologia ezin hobeto txertatzeaz gain, ikerketa eta berrikuntza propioak bultzatu behar dira zientzia-teknologia-enpresa ekosistemarekin lankidetzan, Eusko Jaurlaritzaren 2022-2025 aldirako Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Esparru Estrategikoan jasotzen den bezala”.
Osasun Teknologiako Enpresen Espainiako Federazioko (Fenin) idazkari nagusi Margarita Alfonselek ere nabarmendu du berrikuntzak ezin hobeto garatu eta txertatzearen garrantziaz. “Oraindik konpondu beharreko arazoa da gure industriak fabrikatutako produktuak gure merkatuan sartzeko duten zailtasuna” azaldu du. Egoera horri buelta emateko, Alfonselek sektore publikoaren eta pribatuaren arteko sinergien alde egiten du (hala nola foroan bertan sustatutakoak), aukera eman baitezakete “produktu, zerbitzu, aukera eta negozio-eredu berriak aurkitzen jarraitzeko, haiekin gero gai izan gaitezen osasun-industriaren erronkei erantzuteko eta, aldi berean lankidetza-eredu berriak sortzeko eta, hala, industria gehiago sortzen jarraitzeko”.
TECNALIAko Garapen Korporatiboko zuzendari Elena Schaeidtek, berriz, nabarmendu du zenbateraino den garrantzitsua gailu mediko adimendunen eta robotika medikoaren eremuko ekosistema osoa biltzea, eta adierazi du foroa ikertzaileen, klinikoen, startupen, enpresen eta administrazio publikoen arteko topagunea dela. “TECNALIAn, zentro teknologikoa garenez, xede hau dugu: enpresen eta gizartearen arazoak konpontzen dituzten edo gure lurraldean eragina izango duten startup berrien hazia izango diren ezagutza eta teknologiak garatzea”.
Bestalde, Basque Health Clusterreko presidente Asier Albizuk bi puntu nabarmendu ditu bereziki: batetik, lankidetza sustatzearen garrantzia, enpresa pribatuen artean zein sektore publikoaren eta pribatuaren artean; eta, bestetik, zenbateraino den garrantzitsua industria proaktiboa izatea eta lankidetza-bideak eta -estrategiak proposatzea sektore asistentzialari, haien bidez elkarrekin lan egiten hasteko, eta sektorearen hazkundea eragiteko —helburu komuna—, hala premia eta erantzuna bateratzen laguntzeko. Albizuk Basque Health Clusterren eginkizuna aldarrikatu du: “funtsezko eragilea baita, zubi horiek sendotzea sustatzeko eta etengabeko lankidetza hori dinamizatzeko”.
SEIQeko presidente Julio Mayolek, berriz, nabarmendu du orobat nolako garrantzia duen “klinikoak eta ikertzaileak osasun-berrikuntzako ekosistema batean sartzeak, I+G+Bren bidez osasun-sistemen eraldaketa bultzatzeko”. “Foro hau aukera paregabea da klinikoek, teknologoek eta ekoizpen-sektoreak bat egin eta 5P osasunaren etorkizuna diseinatzeko: prebentiboa, prediktiboa, partizipatiboa, pertsonalizatua eta populazioarena” gaineratu du.
Bana-banako bilerak finantziazio-aukerak aztertzeko
Topaketan parte hartu duten startupek aukera izan dute osasun-teknologiako enpresei eta ikerketa kliniko eta teknologikoetako zentroei “Smart Medical Devices & Robotics” direlakoen eremuan dituzten produktuak eta zerbitzuak aurkezteko, finantziazio publiko eta pribatuko aukerak aztertzeko. Aurkezpen horien ondoren, gune bat ireki da networkingerako eta bana-banako bilerak egiteko enpresa ekintzaileen eta FENINi atxikitako konpainien artean eta haien proiektuen finantzatzaile potentzialen artean.
Networkingaren aldeko apustu horretaz gain, programak zenbait hitzaldi eta mahai-inguru antolatu ditu, eta, ikuspegi kliniko eta industrialetik, I+G+B biosanitarioaren erronkak, premiak eta aukerak aztertu dira, robotikaren alorrean arreta berezia jarriz.
Halaber, hilaren 18ko jardunaldian “Health Robotics Arena” izeneko formatu berri bat antolatu zen: beren eguneroko jardunean aurre egin behar dieten benetako “erronka kliniko” batzuk azaldu zituzten zenbait ospitaletako medikuek, topaketan zeuden konpainietako eta startupetako teknikariek soluzioak plantea zitzaten, berrikuntzan eta tresna teknologikoen garapenean oinarrituta.
Euskadin egindako foro hori lehenago egindako beste “Matchmaking Innovación en Salud” batzuei gehitu zaie (Madrilen, Asturiasen eta, 2022an, Euskadin bertan egindakoak), eta jarraipena izango dute beste leku batzuetan egingo diren hurrengo topaketekin. Helburu bera dute guztiek: erreferentziazko polo teknologikoak bultzatzea herrialde osoan, osasun-sistemaren eta gizartearen onerako.