Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker
Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste
Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira
Imanol Pradales: “Euskadiko sektore aeronautikoa eta aeroespaziala funtsezko pieza da Euskadi 2030 Industria Planean. Etorkizunean trakzio-ahalmen handia duen sektorea da”
Imanol Pradales Lehendakariak Euskadi 2030 Industria Planaren lehen industria-proiektu eraldatzailea aurkeztu ITP Aero Zamudio/Derio Campusa Euskadiko Parke Teknologikoko, konpainiaren egoitzan: ‘Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak’ proiektu eraldatzailea. Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan munduan rol garrantzitsua izateko asmoarekin sortu da.
Lehendakariarekin batera izan dira Eva Azoulay Grupo ITP Aero konpainiako CEOa, Carlos Alzola ITP Aero konpainiako kontseilari ordezkaria, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eta HEGAN aeronautika eta espazioko klusterreko enpresa, zentro teknologiko eta eragile nagusietako arduradun nagusiak.
Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, “euskal sektore aeronautikoa eta aeroespaziala funtsezko pieza da Euskadi 2030 Industria Planean. Etorkizunean trakzio-ahalmen handia izango duen sektorea da, eta helburu argia izango du: funtsezko elementua izatea euskal industria-sarea eraldatzeko eta hazteko. EBn putz egin dezaketen haize-boladak aprobetxatuz, eragile ekonomiko global gisa gure autonomia estrategikoa lortzeko erabaki egokiak hartzen baditugu”. Hala, azpimarratu duenez, “Industria Planaren lehen proiektu eraldatzaile honek erronka teknologiko handi bati heltzen dio: etorkizuneko abiazio bihurtuko diren motorreko arkitektura berrien garapena eta industrializazioa”.
Lehen Proiektu Eraldatzaile hau lidergo pribatukoa da, babes publikoa duen arren, eta Euskadi 2030 Industria Planaren barruan sartzen da. ITP Aero konpainia da trakzio-enpresa; izatez, aire-propultsioaren arloan munduko liderra den Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia honek teknologia propioa du, eta trakzio-indar handia Euskadiko beste enpresa batzuen balio-katearen barruan.
Proiektuak aukera berriak garatzen ditu sektore aeronautikoan, HAZI sektore estrategikoan, etorkizunean izan dezakeen trakzio-ahalmenagatik.
