Euskadi liderra da offshore edo itsas zabaleko azpiegiturak babesteko soluzio jasangarrien berrikuntzan
Iberdrola Renovables Energiak eta GALEA eta MENDIETA enpresek, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin lankidetzan, proiektu bat garatu dute material jasangarrietan oinarrituta irtenbide bat aurkitzeko energia eolikoko itsas zabaleko azpiegituren korrosioaren arazoari
Korrosioari aurre egitea da itsas zabaleko energia eolikoko azpiegituren erronka nagusietako bat; izan ere, instalazio horien osagai metalikoek higadura nabarmena jasaten dute, etengabe baitaude ingurumen-baldintza gogorren eraginpean (ur gazia, hezetasun handia eta haize bortitza).
Iberdrola Renovables Energiak eta GALEA eta Recubrimientos Anticorrosivos MENDIETA enpresek proiektu bat jarri dute martxan, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin lankidetzan, itsas zabaleko inguruneetako egitura metalikoak korrosiotik babestuko dituzten sistema jasangarri berriak garatze aldera. Korrosio horrek turbinei, dorreei eta oinarriei erasaten die, eta, ondorioz, ikaragarri laburtzen da haien balio-bizitza, konponketa eta aldaketa ugari egin behar izaten dira, mantentze-kostuek nabarmen egiten dute gora, eta turbinek efizientzia galtzen dute. Horrek guztiak energia-sorkuntza eta proiektuaren errentagarritasuna murriztea dakar. Gainera, arriskuan jartzen da azpiegituren egitura-osotasuna, eta, ondorioz, baita itsas ingurumena ere.

Kortxoa, material jasangarria
Kortxoak, material natural eta oso moldakorra izaki, funtsezko zeregina betetzen du proiektu honetan. Bere egitura berdingabeari esker, arina, elastikoa eta iragazgaitza da, eta propietate bikainak ditu isolamendu termiko eta akustikorako bai eta bibrazioen aurka isolatzeko ere. Ezaugarri horiek direla eta, material aproposa da estalduretarako, oso lagungarria baita egitura metalikoetan gertatzen diren dilatazio termikoak murrizteko, bibrazioak xurgatzeko eta egitura horien balio-bizitza luzatzeko. Gainera, biodegradagarria, birziklagarria eta ingurumen-inpaktu txikikoa denez, kortxoak jasangarriagoa egiten du pintura-sistema, eta alternatiba ekologiko bat eskaintzen du ohiko estaldura sintetikoen aurrean.
Proiektu horrek itsas inguruneetako korrosioa minimizatzen lagunduko du. Horretarako, babes-sistema duplex bat garatuko da, batetik, zinkezko estaldurak eta akabera organiko jasangarriak (kortxoa, adibidez) eta, bestetik, VOC edo konposatu organiko lurrunkorren edukia % 0 duten estaldurak uztartzen dituena. Helburua da itsas zabaleko inguruneetako egitura metalikoen balio-bizitza luzatzea. Gainera, Europako araudiari jarraikiz, emisio gutxiko edo emisiorik gabeko estaldurak sustatu eta garatu behar dira.
Segurtasun eta jasangarritasun handiagoa
Euskadi ingurune ezin hobea da INNOTEC izeneko proiektu hori garatzeko; izan ere, sendoak dira itsasoko industria eta energia-industria, eta ikerketa aplikatuan esperientzia eta ehun teknologiko oso espezializatua ditu. Gainera, portu-azpiegituretatik eta itsasoko saiakuntza-eremuetatik gertu egoteak aukera ematen du probak eta baliozkotzeak itsas zabaleko ingurune errealetan egiteko, eta horrek sistema jasangarri berrien bideragarritasuna bermatzen du. Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu da offshore edo itsas zabaleko azpiegiturak babesteko soluzio aurreratuetan.
Arrazoi horiek guztiak tarteko, Euskadi nazioartean erreferentzia bihurtu da offshore azpiegiturak babesteko soluzio aurreratuetan, zink metalikoa eta akabera organiko jasangarriak uztartzen dituen sistema duplex iraultzaile horren bidez. Soluzio horrek aukera emango luke mantentze-lanak erdira murrizteko, itsas zabaleko azpiegituren segurtasuna eta iraunkortasuna areagotzeko, itsasoko parke eolikoen errentagarritasuna handitzeko, eta ohiko anodo suntsigarriek (egitura metalikoak korrosiotik babesteko erabiltzen diren gailuak, prozesuan zehar suntsitzen direnak) eta estaldura tradizionalek eragiten duten ingurumen-inpaktua arintzeko.
Proiektu horren hurrengo mugarriek hiru ardatz hauek dituzte: estaldura jasangarriko sistema hori garatzea, egitura metalikoetan aplikatzekoa dena; landako konpontze-lanetara egokitutako bigarren sistema bat gauzatzea, itsas zabaleko inguruneetan esku hartzeko egokia izango dena, eta, hirugarrenik, bi soluzioak baliozkotzea. Horretarako, prototipo bat itsas ingurune erreal baten jarriko da, eta haren portaera eta iraunkortasuna laneko baldintzetan ebaluatuko dira.