Euskadik aurrea hartu dio EBren Lurzoruaren Legeari, monitorizazio-sare aitzindari bati esker

Albisteak, Araba, Bizkaia

NEIKERek, OpenGeoHub fundazioarekin elkarlanean, 400 kontrol-puntuko sare bat diseinatzea sustatu du. Sareak DNA aztertzeko teknikak baliatzen ditu biodibertsitatea ebaluatzeko, estandar kimiko tradizionalak atzean utzita

Lurzorua funtsezko baliabidea da elikagaien ekoizpenerako, biodibertsitatea zaintzeko eta ingurumen-prozesuak erregulatzeko (esaterako, karbonoaren zikloa edo ur metaketa). Hala ere, Europan lurzoruaren osasunak narriadura-zeinuak ditu, higaduraren, materia organikoaren galeraren, kutsadura lausoaren edota erabilera jakin batzuen intentsifikazioaren ondorioz. Horri guztiari gehitu behar zaio ez dagoela informazio homogeneorik, eskualdeak konparatzea ahalbidetzen duenik, eta, ondorioz, zaila da arazo horien tamaina zehatz jakitea eta kudeaketa jasangarriko politika eraginkorrak bideratzea.

Horren aurrean, Europar Batasuneko Kontseiluak arau-esparru komuna ezarri du estatu kide guztietako lurzoruaren egoera ebaluatzeko. Lurzoru Zaintzarako Zuzentarau berriak hainbat alderdi zehazten ditu; adibidez, laginketa-puntuak hautatzeko modua, zein deskriptore neurtu behar diren eta zer metodologia aplikatu behar den, europar eskalan konparagarriak diren datuak lortzeko. Horren guztiaren helburua da aurrera egitea zaintza-sistemaren eraikuntzan, gai izan dadin diagnostiko fidagarriak eman, eta EBko lurzoru-ekosistema guztiak 2050. urtea baino lehenago osasun-egoera onean daudela bermatzeko.

Erronka horri aurre egiteko eta EAEko egoera erreala ezagutzeko, eta arauaren transposizio ofizialaren zain ez geratzeko, NEIKERek aurrea hartzea erabaki du, eta Bruselak proposatutako esparru metodologia aplikatzen hasi da. Monitorizazio-sare hori 2024an diseinatu zen OpenGeoHub fundazioarekin elkarlanean, eta aukera eman dio zentroari estrategikoki kokatutako 400 puntu identifikatzeko. Horri esker, EAEko eskualde-aldakortasuna hauteman dezake, klima-aldagaiak, aldagai edafikoak eta paisaia-aldagaiak kontuan hartuta.

Hedapenari dagokionez, lehen urratsa udazken honetan egin dugu; 60 punturen laginketa pilotua egin da labore-lurretan, gehienbat zereal soroetan, mahastietan eta baratzetan, jabeen laguntzari esker. Hala, metodologia lurrean bertan baliozkotu ahal izan dugu”, azaldu du Pilar Merino NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Sailaren arduradunak.

Partekatu

Beste berri batzuk