Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterrak enplegua eta fakturazioa handitu ditu
HEGAN Kluster Elkarteak aldi estrategiko berri bati buruzko gogoeta egin du, hegazkingintza iraunkorra eta pertsonak helburu hartuta
Euskadiko industria aeroespazialak pandemia aurreko zifrak berreskuratu eta gainditu ditu
HEGAN Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteak urteko Batzar Nagusia egin du. Jose Julian ECHEVARRIAk, HEGANeko lehendakari eta SENER konpainiako Aire eta Espazioko eta Defentsako zuzendari nagusi denak, gidatu du; Kluster Elkarteko zuzendari den Ana VILLATErekin batera, 2023ko datuak aurkeztu dituzte, eta iazko ekintzak errepasatu eta urte honetakoak azaldu dituzte. Batzarraren amaieran, Jose Julian ECHEVARRIA jaunak lekukoa eman dio gaurtik aurrera eta datozen bi urteetan HEGANeko lehendakari izango den Ricardo CHOCARROri, Aernnovako kontseilari ordezkariari.
HEGAN Elkarteko organo gorena den batzar honetan, Klusterraren Hausnarketa Estrategikoaren prozesuan lan egiteko aprobetxatu da. Prozesu horrek hurrengo 2025-2028 aldirako Plan Estrategiko bat moldatuko du, elkartearen ekintzak gidatuko dituena. Bazkide guztien artean, orain arte jarraitutako prozesuaren etapak eta entregatzekoak baliozkotu dira, besteak beste, elkartutako sektorearen AMIA; eta datozen lau urteetan bazkideari balioa emateko elkarteak izan behar dituen lan-ildoak eta erronkak identifikatu dira.
Klusterreko 76 bazkideek iaz sortutako zifrek pandemiaren aurreko zifrak gainditu dituzte enpleguan eta fakturazioan; horrela, entitate elkartuek azken urteetan pertsonak mantentzeko, lehiakortasunean inbertitzeko eta merkatu globalean duten tokiari eusteko egin duten ahaleginak saria izan du.
Ibilbide irmoa une zailetan
Pandemiaren eta bidaiarien aireko garraioak izandako kolapsoaren ondorioz kalte handiak jasan ondoren, joan den 2023an, 2019an izandako enpleguaren eta fakturazioaren datuak berdindu eta gainditu zituen HEGAN klusterraren sektoreak. Urte horretan eten egin zen klusterrak hasieratik zuen goranzko joera, eta une honetan 2022ko zifra globalak handitu dira: enplegua % 7,8 handitu da, eta fakturazioa, % 24. Hazkunde horiei esker, urteko batez besteko hazkundeak berrezarri dira (% 2 ingurukoa enpleguan eta % 6koa fakturazioan), eta 2020an gogor eta ustekabean hautsitako joerari heldu zaio berriro; klusterrak negozio-zifraren -% 30eko eta enpleguaren -% 10eko murrizketa jasan zuen orduan.
Lau urte hauek gogorrak izan dira HEGANeko bazkideentzat, oso ingurune konplexua saihesteko ahalegin handia egin behar izan baitute: lehengaiak hornitzeko zailtasunak, igoera handia ekoizpen-kostuetan eta inflazio izugarria, ingurune geopolitiko ezegonkorra eta energia- eta finantza-baldintza gogorrak. Bide horri 2023an izandako zifra positiboek eman zioten amaiera, eta egindako ahaleginaren ordaina izan da.
Aurrera jarraitzen du pertsonen, I+G+b arloaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuak
Industriak bere indarra eta egoerara egokitzeko eta aurre egiteko gaitasuna erakusten jarraitzen du; horixe adierazten dute enpresek langileak mantendu eta kontratatzeko apustuak eta I+G+b arloan eta baliabideetan inbertitzeko egindako ahaleginak.
Berrikuntza da lehiakortasunari eustea ahalbidetu duen motorra eta elementu bereizlea, ezagutzari eta garapen teknologikoari lotuta; izan ere, I+G+b arloko programek eta jarduerek teknologia eta produktu berriak garatzeaz gain, industria-prozesuak hobetzen dituzte, eta gero eta lehiakorragoak eta garbiagoak bihurtu dituzte, sektoreari izaera estrategikoa emanez. Adibide gisa, azken urte honetan, bazkideek I+G+b arloan egindako inbertsioak salmenten % 6,8 izan dira, eta 195 milioi eurora iritsi dira, 251 proiektutan banatuta; horrela, sektoreak I+G+b arloko intentsiboenetako bat izaten jarraitzen du. Azken 10 urteetan, 1.334 M €-ko inbertsio metatua egin du, urteko % 6,8ko batez bestekoarekin.
Lehiakortasunarekin lotura estua duten beste faktore batzuk prestakuntza eta talentuaren zaintza eta babesa dira; askotariko profilak ditugu, bai gaitasun teknologikoei dagokienez, bai zeharkako beste gaitasun batzuei dagokienez, eta gaitasun horiek guztiak beharrezkoak dira gero eta lankidetza gehiago bideratzen dituen eta gero eta inklusiboa, jasangarriagoa eta globalagoa den sektore batean lan egiteko. Funtsezkoa da gazteen artean bokazio zientifikoak eta teknikoak sustatzea, haiek idatziko baitute etorkizuna, ez bakarrik sektorearena, baita gizarte osoarena ere.
Sektorearen aurreikuspenak
HEGAN klusterraren ikuspegian, “sektorearen egoera nabarmen hobetu da, nahiz eta munduko mapan ziurgabetasun handiak egon oraindik ere; eta oraindik ere hainbat arazori aurre egin behar diegu, hala nola hornidura-kateko tentsioari, lehengaien gabeziari, energia-kostu handiei edo klusterraren lehiakortasunean eragin zuzena duen inflazio-prozesuari”, adierazi du klusterreko zuzendariak.
2024. urtea hazkunde errealeko lehen urtea izango da COVID-19aren pandemia hasi aurretik lortutako puntu gorenetik, eta, azken iragarpenen arabera, munduko merkataritza-flotaren tamaina bikoiztu egingo da datozen 20 urteetan, gaur egungo 24.000 hegazkinetik 48.000 hegazkinera pasatuz 2042an; data horretarako, 42.000 hegazkin berri inguru beharko dira, Airbusen eta Boeingen kalkuluen arabera.
Espazioaren sektorean, badirudi jarduera orokorrak gora egingo duela etengabe. Alde horretatik, merkataritza-orientazio argia duten figura berriak sartzeak, inbertsio pribatuak handitzeak, lehorreko behaketarekin eta komunikazioekin lotutako zerbitzu eta eragiketa berriak eskatzeak eta administrazioek misio berri eta indartsuak garatzeko etengabeko apustua egiteak hazkundea ahalbidetu dute azken urteetan. Jardueraren handitze horrek, sektoreari eusteaz gain, eragina du gizartean, mundu komunikatuagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzen baitu. Euroconsult-en arabera, 10 urteren buruan ia 30.000 satelite jaurtiko dira; hala, bada, orbit.ing-now.com webguneak gaur trackeatu dituen 10.000 gailuen kopurua hirukoiztu egingo da.
Une gozoak eta erronka handiak
2023an, aire-trafikoa pandemia aurreko kopuruetara itzuli zen. Horrekin batera, industria espazialaren gorakadari eta mugikortasun berriarekin eta hegazkingintzaren deskarbonizazioarekin lotutako proiektu eta programa berrien agerpenari esker, sektorearen jarduera-maila ona izan da urte amaieran Euskadin sektore honetan. Era berean, I+G arloan jarduera eta erronka handiko egoera bizi dugu, aldagai hauen guztien ondorioz: krisiari aurre egiteko emandako laguntzen indarraldia, prozesuaren eta plataformen jasangarritasunari lotutako teknologia garrantzitsuen garapen-zikloak, eta erronka digital berriak.
Oso albiste onak dira; hala ere, beste joera batzuei aurre egin beharko zaie, ikuspegi orokor askoz positiboago batetik, bizi dugun une gozoaren ondorioz: HEGANeko bazkideek une honetan duten zailtasun bat hornidura-kateetako tentsioa da, hain zuzen ere, ramp-upen eta ekoizpen-hazkundeen ondorioz; lehengaien eta materialen hornidurarekin eta kostuarekin lotutako arazoak daude oraindik; lehia-eskakizunak direla-eta, gure prozesuak eta gure bikaintasuna hobetzeko eta digitalizatzeko ahalegina egin behar dugu; eta talentu faltaren kezka ere orokorra da baliozkoak diren jarduera-sektore ia guztietan, tartean, gurean, Aeronautikan eta Espazioan. Azken puntu horretan, klusterreko lehendakariaren hitzetan, “lehendik ere adierazten ari ginen kezka hori (bokazio goiztiarrik ez izatea eta langileak erakartzeko, lotzeko eta atxikitzeko zailtasunak izatea) erronka handia da, bazkideak maila guztietan profesional kopuru egokia lortzeko izaten ari diren zailtasunengatik”.
Kluster aeroespazialak bere batzarrean gogorarazi du sektoreak zeregin garrantzitsua betetzen duela garapen teknologikoaren bultzatzaile eta beste industria batzuetara transferentzia teknologikoa egiteko bektore gisa. Hala, sektore traktore gisa duen zeregina aldarrikatzen du, gizartearentzat aberastasuna eta balioa sortzeko, kalitatezko enplegua eratzeko eta I+G+b arloa dinamizatzeko iturri den heinean, deskarbonizazioaren, hibridazioaren, elektrifikazioaren edo emisio neutroen arloetako irtenbidearen zati baita, H2 (hidrogenoa), SAF (hegazkinetarako erregai jasangarriak) eta horrelako erregai berriei esker.
Klusterraren zifrak 2023an
HEGAN Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterra 76 kidek osatzen dute, eta balio aeroespazialeko kate osoan daude kokatuta horiek. Bazkideen artean daude 4 Tier1, 50 industria-konpainia, 10 teknologia-zentro, 5 unibertsitate eta 7 aliatu. Gaur egun, HEGAN osatzen duten kideek 168 instalazio dituzte mundu osoan: 99 zentro Euskadin, 41 Espainia osoan eta 28 kanpoan (Alemania, Brasil, Txina, Estatu Batuak, India, Malta, Mexiko, Polonia, Portugal, eta Erresuma Batua).
Elkarteko kideek 2.882 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten 2023an, munduko instalazio guztien artean; azpisektoreen arabera, fakturazio osoaren % 51,9 motorren atalari dagokio; aire-egituren sektoreari, % 41; espazioari, % 3,7; eta sistema eta ekipamenduen atalari, berriz, % 3,4. Bestalde, enplegua suspertu egin zen berriro, eta 15.396 pertsonako gehieneko historikora iritsi zen, horietatik 5.500 Euskadin.
Horrez gain, I+G+b arloan, 195 milioi euroko inbertsioa egin zen (horietatik % 86 autofinantzaketari dagokio), eta esportazioak 2.223 milioi eurokoak izan ziren, hau da, salmenta guztien % 77 baino gehiago. Helmugako herrialdeei dagokienez, Erresuma Batura (% 29), AEBra (% 20), Alemaniara (% 19) eta Frantziara (% 13) egindako esportazioak nabarmendu dira.